Egun esanguratsua da 1813ko abuztuaren 31, Donostian. Aurten 200 urte beteko dira Espainiaren aliatu ingelesek eta portugesek Gipuzkoako hiriburua erabat suntsitu zutenetik. Frantziako armadaren kontrolpean zeuden Donostia eta Gipuzkoa 1808tik. Azkenean, 1813an, aliatuek okupatzaileak bidaltzea lortu zuten, baina donostiarrek gogor ordaindu zuten. Gaur egun, Abuztuaren 31 deitzen dioten kalea da zutik geratu zen bakarra. Gertakari hura ezaguna da hiriko herritarrengan eragin zituen kalteengatik, baina garai hartan borroka gehiago ere izan ziren. Aliatuak aurreraka eta Napoleonen tropak atzeraka zihoazen heinean, Gipuzkoako beste hainbat lekutan ere izan ziren batailak.
Europatik Iberiar penintsularako bidean zegoen Gipuzkoa. 1808 eta 1813 artean ehunka milaka soldadu pasatu ziren lurraldetik. 1813an, frantsesak euren herrialdera bidaltzeko prozesuan, beraz, gudaleku garrantzitsua izan zen lurraldea; Espainiaren aliatu ingeles eta portugesak alde batean, eta Frantziako armada bestean. Donostiako setioaz gain, San Martzialgo eta Tolosako batailak garrantzitsuak izan ziren.
Ordura arte, Gipuzkoako gerrillariek borroka txiki ugari egin zituzten Frantziako soldaduen aurka. Lurraldeko herri garrantzitsu gehienetan izan ziren borrokak. Gerrillari horiek pixkanaka antolatu eta armada itxura hartu zuten. “Gipuzkoako batailoiak deitu zieten. Tartean, Gipuzkoako gerrillarien burua zegoen, Gaspar Jauregi Artzaia“, azaldu du Mikel Alberdi historialariak eta Zumalakarregi museoko arduradunak.
Tolosako bataila handia
1813ko ekainaren 21ean izan zen urte hartako borroka nagusia, Gasteizen. “Penintsulako borroka garrantzitsuena Gasteizen galdu zuten frantsesek”. Guda hura galdu ondoren, Tolosan izan zen hurrengo bataila, ekainaren 25ean. Aliatuak geldiarazteko beste ahalegin bat izan zen. “Bi aldeen artean, 45.000 soldaduk parte hartu zuten 1813an, Tolosako batailan; beraz, ez zen nolanahikoa izan”, gaineratu du Alberdik. “Tolosa defenditzea ez zen erraza, baina bi egunez armada aliatua Tolosan geldiaraztea lortu zuen Frantziako Foy jeneralak. Denbora horretaz baliatu zen Josef Bonaparte, Napoleonen anaia, penintsulatik ihes egiteko, eta ordura arteko harrapakin guztiak Pirinioen beste aldera eramateko”, kontatu du Carlos Riloba historialariak.
Europa iparraldetik hegoalderantz, Napoleonen tropen bidean puntu garrantzitsua zen Tolosa. Garai hartan inguruko hiri garrantzitsuenak Donostia eta Iruñea baziren ere, Tolosa ere leku estrategikoan zegoen. 1808tik bazuten Tolosan jendarmeria postu bat, 300 jendarme ingururekin, baita ospitale militar bat ere. “Hilean Napoleonen armadako 20.000 soldadu pasatzen ziren Tolosatik, penintsulara, edo Europa iparraldera bidean”. Leku garrantzitsu gehiago ere izan ziren Gipuzkoan. Bergara eta Irun aipatu ditu, besteak beste, Rilobak. “Gasteizera eta hegoaldera bidean zegoen Bergara, eta bazuen jendarmeria bat”. Puntu estrategiko horiek kontrolpean eduki nahi zituzten, ordenari eutsi ahal izateko.
Batailoiak, San Martzialen
Donostiako setioa ingelesek egin zuten. Uztailaren 25ean egin zuten lehen eraso saioa Donostian, baina Napoleonen soldaduek eutsi egin zioten. Ingelesek Donostiari eraso zioten abuztuaren 31n bertan, Frantziako armadak bere posizioak berreskuratzeko beste saio bat egin zuen: San Martzialgo batailan izan zen, Jean de Dieu Soult mariskala buru zutela. Gipuzkoako batailoiek parte hartu zuten San Martzialen, Espainiako armadarekin eta britainiar batzuekin batera. “Britainiar eta portugesak Donostian sartzen ziren bitartean, Espainiako armadak eta Gipuzkoako batailoiek eutsi egin zioten frantsesen erasoari, Irunen. Penintsulan izan zen azken bataila gogorra izan zen. Han ziren Jauregi Artzaia eta baita Tomas Zumalakarregi ere. Baita karlistadetan protagonista izango zen Uranga ere”, azaldu du Alberdik.
San Martzialgo batailan Donostian baino jende garrantzitsuagoak parte hartu zuela adierazi du Rilobak ere: “San Martzialgo batailan garaitu zuten Soult mariskala, Napoleonen Inperioko pertsona garrantzitsu bat. Donostiakoa aipagarria da okupatu ondoren izan zen basakeria handiagatik. Gasteizen irabazi ondoren, Donostia okupatzearekin oso arduratuta zegoen Wellington jenerala, behin betiko frantsesak garaitu ahal izateko”. Donostia hartzeko uztailean egin zuten lehen ahaleginean hildako ugari izan zituzten ingelesek, beraz, Alberdik pentsatzen du amorru handiagoarekin sartu zirela abuztuaren 31 hartan.
Iñaki Egaña historialariaren ustez, San Martzialgo bataila estrategikoki “garrantzitsua” izan zen. “Garai horretan, bi hiri bakarrik gelditzen ziren Frantziako armadaren esku: Iruñea eta Donostia. Muga ondoan izan zenez borroka, nolabait, sinbolikoa zen. Penintsulan izandako borrokak amaitutzat eman zituzten guda horrekin”. Dena den, hilabete geroago, urriaren 7an, Bidasoa ibaia gurutzatu zuten tropa aliatuek. Beste aldean, Napoleonen soldaduak eusten saiatu ziren; hura izan zen Gipuzkoako azken borroka. Gero, borroka gehiago egon ziren Ipar Euskal Herrian; Frantzian zehar ere jarraitu zuten, Parisera iritsi ziren arte.
Okupazioaren ondorioak
Okupazioak iraun zuen bost urteetan, Alberdiren arabera, herri eta hirietan Frantziako armadako soldaduekin elkarbizitza “nahiko naturala” izan zen. “Herrietan baino gehiago, bakartutako baserrietan eta nekazaritza guneetan jasan zituzten gehienbat militarren ankerkeriak, eta jatorri guztietakoenak”. Carlos Rilobaren ustez, herritarrei gerrak baino gehiago eragin zien tropak elikatu eta hornitu beharrak. “Kalte handiak eragin zituen hainbat herritarrengan, baina gerra guztietan gertatzen den bezala, etekina atera zioten beste batzuek”. Soldaduak ” jende armadunak” zirela eta galtzeko ezer ez zutela gogora ekarri du Rilobak. “Gehienetan harremanak ez ziren hain txarrak izan, baina indarkeria pasarteak eguneroko kontua ziren”.
Ehunka milaka soldadu Gipuzkoatik pasatzeak izan zuen eragina “irudikaezina” dela pentsatzen du Egañak ere: “Hainbeste soldadu Gipuzkoako lurretan eta mendietan, horrek ekarriko zituen ondorio guztiekin. Gauza asko liburuetan ez dira agertzen, baina lapurretak, bortxaketak… ugari izango ziren. Gizartean izan zuen eraginari begiratuta, gure historiako pasarte nagusia izan zen”. Gainera, bost urte horietan Gipuzkoako udalek eta foru aldundiak ekonomikoki “porrot” egin zutela azaldu du Egañak, zerga ugari ezarri baitzizkieten. Elizetatik eta komentuetako liburutegietatik ere altxor ugari eraman zituzten.
Gerra hartako galtzaile handienak “gazteak” izan zirela ondorioztatu du Aranzadi elkarteko idazkari nagusi Juantxo Agirre Mauleonek: “Oso soldadu gazteak ziren, eta gehienak armadak derrigortuta zetozen gerrara. Horietako asko nekazaritza guneetakoak ziren; tartean, Ipar Euskal Herriko gazte ugari zeuden”.
Ideologikoki izan zuen eragina ere azpimarratu du Aranzadi elkarteko kideak: “Gipuzkoan izan ziren batailez gain, pentsamolde berria sartu zen garai hartan; gizartea eraldatzen ari zen. Erregimen politiko zaharra zalantzan jarri zen: monarkia, feudalismoa eta eliza katolikoaren antolakuntza. Horren guztiaren ondorioz izan ziren gero karlistadak ere “.