Ainhoa Sanz da (Urretxu, 1989) Gipuzkoako Kroseko txapeldun berria. Harena izan zen denbora onena, emakumezkoen mailan parte hartu zuten guztien artean. Mutilen mailan, berriz, Eneko Agirrezabal segurarrak irabazi zuen. Proba Lazkaon jokatu zen, joan den urtarrilaren 20an.
Oso gaztetan hasi zen Sanz korrika; “11 urte nituela”, zehaztu du. Oinarrizko ikasketak burutu ostean, orain Tafyd egiten ari da Arrasaten. “Kirol irakasle izateko modulu bat da”, argitu du. Izan ere, Sanz kirolaria da gaztetatik, kirolaren inguruan eraiki du bizimodua, eta etorkizunean ere kirola bizibide bihurtzea du amets.
Gipuzkoako Krosa irabazi berri duzu. Zer esanahi du zuretzat?
Egia esan ez nuen parte hartzeko asmorik ere. Orain gutxi lesio batetik sendatu berri naiz. Oin zolako lesio bat diagnostikatu zidaten, eta hilabete egon naiz korrika egin gabe, geldirik. Gipuzkoako Krosa parean tokatu zen, eta probatzeko asmoz joan nintzen. Ez nintzen joan, egia esan, irabazteko asmoarekin.
Baina irabazi egin zenuen azkenean.
Bai. Hala ere, esan beharra dago lau neskak bakarrik parte hartu genuela. Horregatik, azkenean, garaipena ere ez da horren gozoa izan. Parte hartzea, oro har, nahikoa eskasa izan zen.
Gipuzkoan atletismoan aritzen den neska-mutil gutxi al dago?
Bai. Oro har, atletismoan jende gutxi mugitzen da; berdin izaten da nesken edo mutilen mailan. Krosean baino, pistan korrikalari gehiago ibiltzen dela esango nuke. Ohikoena gaztetxoenek futbolera edo saskibaloira jotzea da, atletismora baino gehiago. Atletismoa oso sakrifikatua da, ez da futbol talde batean aritzea bezalakoa.
Eskola mailan beste kirol batzuk bultzatu behar direla uste al duzu?
Bai, baina nik uste dut egiten dela. Eskola kirolaren moduko ekimenekin hainbat kiroletan aritzeko aukera ematen zaie haurrei. Hala ere, ez dakit benetan, ondorengo emaitza ikusita, zerbaiterako balio duen.
Lesio batetik sendatu berri zarela esan duzu. Nola zaude fisikoki une honetan?
Ba, ez nago %100ean. Hilabete geldirik egon naiz, eta hori, azkenean, nabaritzen da. Hala ere, Gipuzkoako Krosa irabazi eta gero, hasieran uste nuen baino hobe nagoela esango nuke. Lasterketan ondo sentitu nintzen. Hemendik aurrera martxa normalarekin jarraituko dut, ea nola erantzuten dudan ohiko entrenamenduetan.
Atzera begiratuta, noiz hasi zinen korrika?
Oso gaztetan, 11 urterekin esango nuke, Urretxu-Zumarragako ikastolan. Anaia hasi zen aurrena; gustura zebilela ikusten nuen, eta haren bideari jarraitzeko asmoz hasi nintzen ni ere. Dena den, jolas moduan hartu nuen hasieran; kirola oso gustuko nuen, eta denetarik egiten nuen.
Noiz konturatu zinen korrika zuretzat jolasa baino zerbait gehiago zela?
Junior edo gazteen mailan nengoela, gutxi gorabehera. Orduan ohartu nintzen korrika zerbait gehiago izan zitekeela niretzat.
Goierri Garaia atletismo taldean aritu zara beti.
Urretxu-Zumarragako ikastolan hasi nintzen, eta, ondoren, Goierri Garaia izan da beti nire taldea. Egia esan, taldean ez gara asko. Orain, haurrak erakarri nahian gabiltza, taldea sendotzeko. Entrenatzaile lanetan hasi naiz orain hilabete gutxi, ea horrela norbait gehiago animatzen den.
Nolakoa da entrenatzaile lana?
Oso denbora gutxi daramat, hilabete batzuk soilik, baina oso gustura nabil haurrekin. Hasiberriak dira, kimuen eta haurren mailetan aritzen direnak.
Oroitzen duzu noiz hasi zinen lasterketetan parte hartzen?
Gutxi gorabehera 15 bat urte izango nituela esango nuke. Baina orduan ere seriotasunez hartzen nituen lasterketak. Ez nintzen beti irabazteko asmoarekin joaten, baina bai neukan guztia emateko helburuarekin.
Parte hartu duzun lasterketa edo proba guztietatik, ba al duzu bereziki gogoratzen duzunik?
Kenyan egin zen munduko txapelketan egon nintzen 2007an. Lasterketa hura bereziki gogoratzen dut; maila horretan parte hartzen nuen bigarren proba handia izan zen. Espainiako selekzioarekin joan nintzen.
Espainiako selekzioan aritzea nolakoa da?
Maila hobea dago bertan, eta, ondorioz, exijentzia eta presioa ere handiagoa da. Baina horrek aldi berean aurrera jarraitzeko motibazioa ematen dit, entrenatzen jarraitzekoa. Izan ere, Espainiako selekzioan sartzea ez da erraza.
Eta irabazi dituzun sari guztien artean, zeinekin geldituko zinateke?
Egia esan, guztiak ditut gustukoak. Bat aukeratzekotan, Espainiako selekzioarekin Italian egin zen Munduko Txapelketan irabazitakoa aipatuko nuke. Munduko nire lehenengo lasterketa izan zen hura, eta taldeka hirugarren egin genuen sailkapen orokorrean. Sari hark poz handia eman zidala gogoratzen dut.
Zer esanahi dute sariek zure moduko atleta batentzat?
Aurrera jarraitzeko akuilua dira, batez ere. Baina ez sariak bakarrik, baita lasterketak ere, lehiakorra bainaiz. Azken batean, helbururik jartzen ez baduzu, ez zara egunero korrika egitera ateratzen.
Atletismoa kirol sakrifikatua dela esan duzu behin baino gehiagotan. Zer eskatu dizu zuri egunerokoan?
Oso kirol sakrifikatua da, bai, baina nik ez dut horrela hartzen. Oso gustuko dut korrika egitea, nahiz eta astean sei egunetan entrenatzen naizen. Egia da, hala ere, zenbait gauza alboratu behar izan ditudala, lagunekin parrandan ateratzea, adibidez.
Zer ematen dizu korrika egiteak?
Korrikak askatasuna eta lasaitasun handia ematen dit, batez ere.
2013a nola dator helburuei dagokienez?
Euskadiko Txapelketan parte hartuko dut, orain, otsailean, eta Espainiakoan martxoan. Iaz, mendiko lasterketetan ere hasi nintzen, eta aurten bide horretan jarraituko dut. Gustukoa dut mendian korrika aritzea.
Non entrenatzen zara?
Gertutasunagatik, bidegorrian aritzen naiz aste barruan. Igandetan Loiola aldera joaten naiz, aldatzeko. Mendian, Irimo eta Izazpi inguruak ditut gogoko.