Amatasunaz, agertoki gaineko jarreraz, emakume izateak eragin ditzakeen zailtasunez, emakume musikariari eskatzen zaion irudiaz, sentimenduez, kontserbatoriotik oholtza gainerako jauziaz… hainbat gairi buruz hitz egiten dute Emarock dokumentalean agertzen diren emakumeek. Hona hemen horietako zenbaiten esanak:
Maixa eta Ixiar
“Ez gaude ohituta emakumeak hain iniziatiba handia izatera. Gizonezkoen artean, gaztetxotan, nahiko natural ikusten dugu oilar puntu hori izatea, baina emakumeengan ez da hain ohikoa”.
Ene Bada
“Guk eskolak ematen ditugu, eta gehien-gehienak neskak dira. Baina talderako musikariak bilatzen hasten zara, eta denak mutilak dira. Bide horretan zerbait gertatu da. Ez da normala hainbeste neska aritzea musikarekin eta gero agertokietan hain gutxi izatea”.
“Nik uste dut Euskal Herrian emakumeentzat ez dela sekula hain ondo egon musika mundua”.
Kerasy
“Badirudi musikan aritzea, eta batez ere metal edo rock munduan aritzea, emakume estereotipo batzuen gauza dela. Badirudi oso irudi zikina duzula edo arduragabeko emakume bat zarela. Ba, ez. Ni profesionala naiz, musikaria naiz eta hau nire lana da. Mesedez, errespeta nazazue”.
Gaur Ez
“Agertoki batean jartzea, denen ikusmiran jartzea, niretzat zaila da oraindik. Niri musika izugarri gustatzen zait, baina oraindik borrokan ari garen kontu bat da agertokian disfrutatzea”.
Mursego
“Segur aski, egongo da neska pila bat kantu oso politak egiten, bere gitarrarekin edo dena delakoarekin, baina etxean sartuta… Ez dira arlo publikora ateratzen. Eta nik uste dut animatu beharko luketela”.
Hesian
“Nik ez dut nahi jendea kontzertu batera ni ikustera etortzea, pertsona bat edo fisiko bat ikusten dutelako. Nik nahi dut etortzea ni entzutera, taldea entzutera, eta horrekin gozatzera. […] Nik aldarrikatzen dudana da fisikoa alde batera utzi behar dela: ez gara modeloak, musikariak gara”.
Gose
“Rockean ez dago amatasun baimenik. Gustatuko litzaidake, baina ez dago. Bihar etortzen bada Osoro eta esaten badigu ume bat izan behar dutela, ez luke Gosen eragingo; noski, Osororengan eragingo luke, eta horren ondorioz Gosen ere bai, baina zuzenean ez luke eragingo. Baina ni hurrengo astean etorriko banintz esanez haurdun nagoela, Goseren hurrengo diskoa ez litzateke irtengo”.
Humus
“Rocka eta ama izatea, edo gure kasuan guraso izatea [bere bikotekidea eta biak talde berean aritzen dira]… Ba, oso polita. Haurdun, sei hilabete eta erdiko nengoela jo nuen azken kontzertua. Pentsa zer den musika niretzat, haurdun nengoela ere oholtza gainean egon ginela. Egiten dizuna da denbora gehiago kendu”.
“Kontzertuetan jendeak zer jarrera daukan neskekin? Egia esan behar badizut, gutxi inporta zait, eta bestela ez nintzateke hemen egongo. Eta nik uste dut oholtzara igotzen diren neska guztiek berdin pentsatzen dutela. Nik esperientzia txarrik ez dut izan, baina oholtzan dagoen neska bati edo mutil bati esaten dizkiotenak ez dira batere berdinak. Eta ez dakit zergatik, gauza berdina egiten baitute. (…) Baina horrek ez du itzalik egin behar zuk egiten duzun gauzetan. Ez musika arloan eta ez beste inon”.
Kokein
“Haurdun gelditu baino lehenago banituen aita ziren lagunak musika munduan, baina denak aita ziren. Eta hor badago gauza bat ezabatu ezin duguna, eta da haurdun gu gaudela. Beraien kasuan haurdun zegoena etxean zegoen, beraien esperientzia askoz errazagoa zen; aukera zuten kontzertuak emateko eta jarraitzeko, nahiz eta gero aitaren ardura hori mantendu. Nire kasuan ni nengoan haurdun, eta gauza batzuk ezin nituen egin, eta taldeko guztiak pendiente zeuden nola egingo nituen gauzak. Alde horretatik batzutan gogorra zen. (…) Nire bizitzako parte garrantzitsu bat nire familia da, baina ni ondo sentitzea ere bai, eta ni musikaria naiz, eta nik behar dut ondo egon, nire familiarekin ondo egoteko. Musika behar dut”.
Zea Mays
“Gizartean ondo ikusten da, umeak lau h ilabete dituenean, zu zure lanera bueltatzea; eta umea uzten duzu egun osoa edo aiton-amonekin, edo haur eskolan, eta hori ondo ikusita dago. Baina jada gaizki ikusten da, esaterako, astebukaera batean kontzertua baldin baduzu, eta umea utzi behar baduzu. Hori jada ez dago hain ondo ikusita”.
“Emakume izateagatik ez dut sentitu inoiz ezberdintasunik. Badakit badaudela ezberdintasunak eta pila bat arazo, baina nik ez ditut bizi. Bai bizi izan dudana da, ez bakarrik emakume izateagatik, baizik eta emakume lodia izateagatik, eta agertoki gainera igotzeagatik. Hor kritikak izan dira bai neskenak eta bai mutilenak”.
Napoka Iria
“Mutil batek egin ahal badu, guk ere bai. Kontua da betikoa, emakumea bere liberazio prozesu horretan, oraindik ez dela liberatu. Umea zaindu, lana egin eta gero kontzertua eskainiko du. Beste sakrifizio bat da, baina nahi badu, egingo du”.
Amaiur
“Gure lana da bideak zabaltzea, gu hemen egon gara, kantatu izan dugu, jarrera bat izan dugu, eta espero dugu hurrengo belaunaldietarako erreferente bat izatea. Berak egin badu, nik ere egin dezaket. Horrela zabaltzen da bidea, eta espero dut gero eta parekatuago, eta neska gehiago egotea”.