Napoleonen garaiko hilerria, Tolosan

Burezur bat topatu zuen Juantxo Agirre Mauleon Aranzadi elkarteko idazkari nagusiak 1988an, Tolosako klaratarren komentuko baratze batean. “Historia ikaslea nintzen, eta arkeologia asko gustatzen zitzaidanez, Tolosako obra guztiak begiratzen nituen”. Etxeak egitera zihoazen leku batean burezurra aurkitu zuen Agirrek. “Historia liburuetan ez zen ezer agertzen. Francisco Etxeberriarekin [auzi medikua] harremanetan jarri eta gero, indusketa arkeologikoa burutu zen”. 115 gorpu agertu ziren. Guztiak gizonak eta gazteak ziren, 24 urtez azpikoak. Batzuk hanka eta besorik gabe zeuden, eta horiek kirurgiaren aztarnak zituzten. “Hanka eta beso horietako batzuk ere aurkitu genituen, eta oso garbi ikusten zen balen eragina”. Gerrarekin lotu zuten aurkikuntza. “Kirurgia modu hori Napoleonen armadak sortutako berrikuntza handia zen”.

Dokumentu batean aurkitu zuten, 1808-1813 artean Napoleonen armadak ospitale bat izan zuela Tolosako komentuan. Gerran zauritu eta ospitalean hildako soldaduak baratzean lurperatzen zituzten. “Euskal Herrian aurkitu den garai horretako hilerri garrantzitsuena da”.

Gorputz batzuk hobi komunetan zeuden, “bata bestearen gainean botata”. Bala zorroak, jaurtigaiak, soldaduen botoiak, txanponak, orratzak… ere agertu ziren gorpuen ondoan.