“Enpresa bideragarria da”

Zizurkilgo Huyck Wangner enpresaren ibilbidea Tolosan hasi zen, Telares Metalicos izenarekin, orain 90 urte inguru. Gero, Perot enpresak erosi zuen, eta, ondoren, lantegia Alemaniako Wangner enpresak bereganatu zuen. Azken hori Austriako Huyck enpresarekin elkartu zen, eta, azkenean, hortik sortutako enpresa Xerium Technologies multinazionalaren barne sartu zen. Orain, nagusiek itxi egin nahi dute Zizurkilgo lantegia. Enpresa batzordeko hiru ordezkariak ELA sindikatukoak dira, eta horietako bat da Asier Moreno (Tolosa, 1975). Enpresak paper fabriketako oihal sintetikoak egiten ditu.

Zenbat langileren lanpostua dago arriskuan lantegiaren itxierarekin?

75 langilerena, hau da, 75 familiaren etorkizuna. Langileen batez besteko adina 35 urte ingurukoa da. Horrek esan nahi du adin horretan seme-alabak dituzula eta hipoteka bat ere bai. Ikusita gaur egungo egoera nola dagoen, kalean geratzeaz gain, epe ertainean etorkizunik gabe geratuko ginateke.

Nola jaso zenuten albistea?

Txanda aldaketa batean jaso genuen albistea. Urtarrilaren 18a zen, ostirala, eta lantegiko arduradun batek enpresa batzordekoak bildu gintuen; bulegora eraman gintuen, eta han egon ginen enpresa taldearen abokatuekin. Eta haiek esan ziguten astelehen horretan, hilaren 21ean, bilera bat izango genuela Donostiako hotel batean. Guk pentsatzen genuen bileraren garrantzia handia izango zela, baina ez genuen uste hainbesterakoa izango zenik.

Asteburu horretan, jendea oso urduri zegoen, ordurako lur jota. Astelehenean, bilerara joan ginen, eta, bertan, Xerium Technologies enpresa taldearen kontseilari ordezkaria izan zen; Ameriketako Estatu Batuetan egoten da, eta haren berri behin ere ez dugu izan. Enpresaren abokatuak ere bertan zeuden, eta lantegia itxi nahi zutela esan ziguten; hau da, kontratua eteteko espediente bat aurkeztu zutela eta 75 langileri eragingo ziela.

Gero, langileei horren berri eman behar izan zenieten.

Oso gogorra izan zen. Jendea lur jota zegoen. Senar-emazteak eta anai-arrebak daude langileen artean. Kolpe handia izan zen; ondoren, pixkanaka albistea barneratzen joan ginen, eta, hortik aurrera, lanean hasi ginen, hau aurrera ateratzeko.

Lantegian, egoera erabat aldatuko zen, ezta?

Albistea jaso, eta, aste horretan, lanean jarraitu genuen. Hilaren 19an bertan, zaintzaileak jarri zituzten, eta identifikatzen ez baginen, horiek lantegira sartzea eragozten ziguten. Hori ez zen behin ere gertatu. Hilaren 25ean, ez ziguten utzi autoekin sartzen. Lehenengo, 75 langile botako dituztela esatea neurriz kanpoko erabakia da bideragarria den enpresa batean, eta, gero, segurtasun neurri horiek hartzea…

Langileek greba mugagabea egitea erabaki zenuten.

Bai, noski. Guztiz neurriz kanpoko erabakia hartu du enpresak. Lantegia egunean dago, ez du kargarik, eta erabaki hori ezin dugu inolaz ere onartu. Urtarrilaren 25etik gaude greban.

Zer arrazoi eman dute itxierari ekiteko?

Kontratua eteteko espedientea aurkeztu dute, eta lan erreformak neurri horri bidea irekitzen dio. Arrazoi ekonomikoak, antolakuntzakoak eta produkziokoak aurkeztu dituzte, guk kontrolatzen ez ditugun datuak erabiliz txostena egiteko. Gu ez gaude batere ados txosten horrekin. Lantegi hau bideragarria da. 2012an, %90ean aritu ginen lanean. Enpresa ondo doa, eta krisiaren urte hauetan beti izan ditu irabaziak.

Grebara deitzearekin batera, enpresara doan bidearen sarreran jarri zarete langileak. Zertarako?

Txandaka gaude langileak bertan, inor ez dadin sartu lantegira. Ezin dugu utzi lantegitik makinarik ateratzen; zerbait ateratzen badute, ez da berriz itzuliko. Eta lantegia da gure bizimodua aurrera ateratzeko bidea. Gurea dena zaintzen ari gara, eta bertan egongo gara, gurea dena lortu arte.

Enpresaren nagusia multinazional bat izateak nola eragiten du egoera honetan?

Zenbaki batzuk bagina bezala ikusten gaituzte. Lantegi guztien artean, langileko produkzio ratio onena dugu Zizurkilen. Lantegi honek ez du arazorik, agian beste batzuek dituzte. Eta guk ordaindu behar dugu egoera hori? Enpresak berak esaten digu oso onak garela lanean, eta, gero, itxi egingo dutela esaten dute.

Horrek amorru handia sortuko du langileen artean, ezta?

Enpresa honek 90 urte inguru daramatza eskualdean. Nola utz dezakegu ondo dagoen enpresa bat ixten? Horrelako enpresak hemen gelditzeko ahalegina egin behar da. Soldata handien arazoa ere ez da. Huyck Wangnerreko beste hiru lantegietan, Alemanian, Austrian eta Italian daudenetan, soldata handiagoak dituzte.

Babesa jasotzen ari zarete eskualdeko hainbat udaletatik eta sindikalismotik ere. Larunbatean Tolosan egindako manifestazioa jendetsua izan zen.

Erakundeak inplikatu nahi ditugu, eta udal guztiak babesa ematen ari dira. Harritu egin gaitu larunbateko manifestaziora zenbat jende etorri zen ikusteak; ez genuen espero hain babes handia jasotzea. Itxiera nolabait gelditu egin behar dugu, eta arazoa gizarteratu behar da. Orain, guri eragiten digu, baina, hurrengoan, ondokoari gerta dakioke. Gobernatzen dutenek zerbait egin behar dute. Ez da posible enplegua horrela suntsitzea.

Nola erantzuten ari dira lankideak enpresaren erabakiaren inguruan?

Jendea borrokatzen ari da. Enpresak aurrean izango gaitu. Horrelako egoera batean, jendea elkartu egiten da, eta lankideak sekulako erantzuna ematen ari dira. Familia bat gara, elkartuta gaude, eta enpresa batzordearen lana horren gainean oinarritzen da. Bizitzak egoera honetan jarri gaitu, eta, orain, horri aurre egitea dagokigu.