Gizarte beharretara egokituriko sarea osatu du DYAk Gipuzkoan

Urteak daramatza DYAk Gipuzkoan lanean. 1973. urtean sortu zen Donostian, eta gerora, gizarteko beharrek hala eskatuta, lurralde osora zabaldu zen pixkanaka-pixkanaka. Oraindik DYAko zentrala Donostian dago, baina beste 13 gune ditu, probintzia osoa kontrolatuz.

Hasiera hartan, Bidelaguntza elkartea DYA Gipuzkoa hartu zuen izena; horixe baitzen, bidean edo errepidean arreta behar zuenari laguntza ematen zion lagun talde bat. Hara eta hona auto propioan ibiltzen zen lagun talde bat zen; larrialdia non, beraiek han.

Urteekin, gizarteko beharrak aldatuz joan dira, proiektu hura handituz joan da, eta gaur egun armiarma sare sendoa sortu du DYA Gipuzkoak.

Adar askoko enborra

Asko dira DYAren inguruan jendartean sortu diren aurreiritzi edo usteak. Arantzazu Lersundi, boluntariotzako arduradunaren esanetan, “kalean DYA anbulantziarekin erlazionatzen da, eta askori beldurra edo errespetua ematen dio guregana hurbiltzeak, DYAn aritzeko medikuntzaz edo erizaintzaz jakin behar dela uste baitute. Baina ez da horrela; gure kolore horia beste hainbat esparrutan ere ikusiko duzue lanean”.

Esparru horien artean daude, osasun laguntza edo anbulantzia, emergentzia zerbitzua, barne nahiz kanpo formakuntzarako irakaskuntza, mendi nahiz uretako erreskate taldea, errepideetako laguntza, logistika zebitzuak, eta gizarte zerbitzuak.

Azken hauek izaten dira ohikoenak, eta normalean adineko jendearekin lotzen dira, baina ez du zertan horrela izan behar. “Demagun ospakizun batera gurpildun aulkian dagoen amona eraman nahi dugula, baina ez daukagula egokitutako autorik, ba guk egin dezakegu zerbitzu hori. Edo gure seme-alabak urritasun fisiko bat dauka eta igerilekura eraman behar dugu; edo hanka puskatu duen gazte batek ez du igogailurik etxean eta bosgarren solairuan bizi da… horiek guztiak ez dira larrialdiak, baina bai laguntza behar duten kasuak, eta DYA beti hortxe egongo da behar duen edonori laguntzeko. Dena den, jendeak ez du zerbitzu hori ezagutzen eta ez da oso ohikoa izaten horrelako kasuetarako deitzea”, azaldu du Lersundik.

Edonor boluntario

Gipuzkoan 450 boluntario daude, adin eta lanbide ugaritakoak. Lersundiren esanetan, “DYAko boluntario izateko 30 orduko oinarrizko lehen sorospenerako ikastaroa edukitzea besterik ez dugu eskatzen. Hortik abiatuta, laguntzeko gogoa eta denbora libre pixka bat izatea besterik ez da behar”.

Irene Tapiak bost urte daramatza boluntario gisa, eta sekula ez du damurik izan. Bere hitzetan, “boluntario izatea ez da lan bat, barrutik ateratzen zaizu eta ez da batere kostatzen noizean behin asteburu bat behar duenari laguntzen pasatzea. Boluntariotza karga bat edo lan bat bihurtzen bada, zerbait gaizki doa”.

Normalean boluntariotza “droga baten modukoa” bihurtzen omen da, eta probatzen duenak ez du uzten. Lersundik argi ditu onurak: “Oso esker oneko jarduna da; ematen duzuna baino askoz ere gehiago jasotzen duzu”.

Laguntzen irakatsiz

Formakuntza da, agian, DYAk duen beste atal sendoena. Ongi ezagutzen dituzte eguneroko bizitzan sortzen diren beharrak eta hutsuneak, eta horietara bideratzen dituzte ikastaroak.

Ikastaroetako batzuk barne trabakuntzarako izaten dira, boluntarioak prestatzeko. Baina beste asko irekiak dira. Gaur egun, adibidez, adineko pertsonak zaintzeko ikastaro asko eskaintzen dituzte. Lersundiren arabera, “gero eta adineko pertsona gehiago dago, eta zaintzaile askok oraindik ez dakite egoki zaintzen: nola mugitu, erortzen badira nola altxatu, etxebizitza seguruagoa izan dadin nola moldatu…”. Lehen sorospeneko ikastaroek ere arrakasta handia izaten dute: jende askok egiten du horiek egiteko hautua, oinarrizko ezagutzak eskuratzen direlako, eta inoiz ez delako jakiten noiz gerta daitekeen larrialdiren bat.

Aurten berrogei urte beteko ditu DYA Gipuzkoak. Hasiera-hasieratik boluntarioki egin du lan, horixe baita elkartearen filosofiaren muina: behar duenari laguntza ematea. Gainera, bazkideen laguntzari esker zinez azpiegitura sendoak trinkotzea lortu dute. “Proiektu zehatzetarako diru laguntzak jasotzen ditugu, baina bazkideen ekarpena da erakundeari benetako sostengua ematen diona. Babes horixe da DYAri hazten laguntzen diona”, aditzera eman du Lersundik.