Rolls Royce automobil baten parekoa da”. “Gozoa da, eta, era berean, indartsua”. “Poesia da”. Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako organoak Cavaille-Coll etxearen ikurra du; XIX. mendean, aro erromantikoan, organo ugari egin zituen Frantziako etxe horrek, eta instrumentu horien kalitateak txundituta lagatzen ditu oraindik musikari asko. Kalitate handiko beste hainbat instrumentu ere badira Gipuzkoako beste hainbat elizatan, eta tradizio arrunt errotua da horietan organista titularrak izatea. Aipatutako instrumentuan, esaterako, hiru interprete ibiltzen dira egun txandaka, hiru emakumezko: Loreto Aramendi (Orio, 1973), Alize Mendizabal (Donostia, 1974) eta Ana Belen Garcia (Andoain, 1977). Tradizioaren azken maila dira, arnasbide berria. Haiei jasotakoak dira organoa deskribatzeko hitzak.
Liluratuta hitz egiten dute instrumentuari buruz, pasioa ezkutatu ezinik. “Ez da jotzen erraza; ezagutu egin behar duzu, adiskide bat ezagutu behar izaten den gisan; asko eskatzen dizu, baina eman ere bai”, azaldu du Mendizabalek. 150 urte beteko ditu aurten musika tresnak. Ekainaren 20an, hain zuzen ere, urtemugaren egun zehatza izango da: “Halako egunez, orain dela 150 urte jaso zituzten organoaren giltzak”. Kontzertu berezi bat egingo dute egun horretan, eta udan ere ziklo berezi bat egin nahi dute organoa ezagutarazteko. Baina horrelakoak ez dira salbuespena. Bestela ere, hainbat ekitaldi antolatzen dituzte publiko berriengana ailegatzeko. Irakasleak dira hirurak ogibidez, eta lanbideak uzten dien neurrian aritzen dira organoaren inguruko jarduerak sustatzeko ahaleginetan. Horretan sostengua izateko, Koruko Andre Mariaren basilikako Cavaille-Coll Organoko Lagunen Elkartea eratu dute beste hainbat pertsonarekin batera-
Jardunbide horren barruan, 2011. urtean Musika Lagunartean zikloa antolatzen hasi ziren. Hileroko lehen igandean egiten dute, meza nagusiaren ostean; ordu erdiko kontzertu bat izaten da, organista gonbidaturen batek eskainia. “Denek esaten digute baietz, etorri nahi dutela”, azaldu du Garciak. Kontzertuak egiten dituzte, pantaila handi baten laguntzarekin, eta, hartara, entzuleek aukera izaten dute organistek instrumentua nola jotzen duen ikusteko. “Ikusleak zur eta lur geratzen dira”, azaldu du Mendizabalek. Eta egindako lanaren fruitua jasotzen ari dira. “Jendea bueltatu egiten da emanaldietara”, esplikatu dute. Horrez gain, urte osoan hainbat kontzertu ere eskaintzen dituzte; banaka, eta elkarrekin ere bai.
Aurreiritzien kontra
Lan horietan buru-belarri ari dira, baina, berezko zeregin, organista titularrek beti egin izan ohi dituzten egitekoak dituzte: igandeko meza nagusian jo behar dute, hainbat ezkontza eta hiletatan, eta Donostiako hainbat jai garrantzitsutan. Txandaka aritzen dira egiteko horretan. Elizaren liturgiari hertsiki lotutako instrumentua da organoa, eliza barruan dagoena, eta, ondorioz, bertatik atera ezin dena. Argi dute horrek instrumentuaren inguruko hainbat aurreiritzi hedatu dituela: “Jendeak pentsatzen du organoa eliza batean dagoenez gu oso erlijiosoak izango garela… eta ez”, azaldu du Aramendik.
Horregatik, aurreiritzi horiez harago, instrumentua ezagutarazi nahi dute, eta horretarako ari dira lanean. Elizak jendearen bizitzan gero eta presentzia urriagoa duen garaiotan, izugarri garrantzitsua iruditzen zaie hori. Sarritan, korutik, eliza erdi huts ikusten dute elizkizunetan, eta ongi ulertzen dute egungo haur eta gazteentzat organoaren hotsa zeinen arrotza den. “Umeek ikusten dute organo bat, eta iruditzen zaie hegazkin bat ikusten dutela”, onartu du, barre artean, Aramendik. Musika ikasle gazte askorentzat, halaber, instrumentu arrotza dela diote. “Eta organoa instrumentu moduan baloratzea da kontua”, azaldu du Garciak.
Oraindik ere mezetara joatea nahiko ohikoa zen garaian sortuak dira hirurak, eta doinuz betetako umetako gomutak dituzte. Hantxe hasi ziren instrumentuaz maitemintzen, eta piano ikasketetan aurrera egin ahala, organoa jotzen ikastea ebatzi zuten. “Nik, esaterako, beti etxean ikusi dut. Nire aitak mezatan laguntzen zuen…”, gogora ekarri du Mendizabalek. Baina oraingo haur eta gazteen artean instrumentua bera oso ezezaguna delako dute aparteko irrika muga horiek guztiak hautsi eta ezagutzera emateko. “Nahi dugu jendeak jakitea zer-nolako organoa daukagun, eta ez dela mezatan jotzeko bakarrik”, esplikatu du Garciak.
Jose Manuel Azkue organista entzutetsua hil zenean jaso zuten emakume horiek organo horren organista titularrak izateko proposamena. Adineko gizona zen Azkue, musikari aparta, eta elizarekiko harreman oso estua izan zuen bizitza osoan. Hari buruz aparteko miresmenez hitz egiten dute hirurek, eta esaten dute organoa gero eta gehiago jo ahala orduan eta hobeto ulertzen dituztela haren zenbait hautu. “Esaterako, ni ari naiz ulertzen zergatik jotzen zituen Bachen horrenbeste obra”, aditzera eman du Mendizabalek. Baina argi dute beste belaunaldi bateko kide direla hirurak, eta mundua ikusteko beste modu baten erakusgarri ere bai.
Gizonen mundua
Badira haien antzeko eran aritzen diren talde gehiago; hainbat elizatan partekatzen dute organo baten titulartasuna zenbait interpreteren artean. Baina badute bereizgarri bat: “Organista gehienak, oro har, gizonak dira. Andrazkoak ere badira, jakina, baina Europan-eta ere, gizonezko gehiago dira. Eta estatura begira, gure kasua salbuespena da”, esplikatu du Mendizabalek.
Garai berrietara egokitu dira, eta eremu horretan sakontzen jarraitu nahi dute. Kontrara, azaltzen dute Koruko Andre Mariaren basilikako organoaren erakargarritasunik handiena jatorrizko ezaugarriei eutsi izana dela; konponketa lanak egin izan dira, baina mantendu egin dute beti instrumentuaren hasierako “arima”. Horrelako gutxi dira. Horregatik, altxorrik preziatuena elizan nahi dutenetan sartzeko giltza dute. Oso maite dute sartu eta organo aurrean jartzea. “Terapiarik onena da”.