Irteeren artean asko, adinekoei laguntzeko

DYAk egiten dituen irteeren erdiak baina gehiago gizarte zerbitzuetakoak izaten dira. Zerbitzu horren barnean legoke, adibidez, adineko pertsonak eguneko zentroetara, bazkaltzera edo lagunekin egotera eramatea, eta baita bakarrik bizi diren pertsonen erorikoak ere. Beharrak aztertuta, oztopo arkitektonikoak gainditzeko programa bat ere sortu du DYAk. Horren bidez, igogailurik gabeko etxeetan bizi diren pertsonei jaisten laguntzen zaie; edo gurpildun aulkia igogailuan sartzen ez denean; edo atarira jaisteko lauzpabost eskailera dituztenenean…

DYAko familia

Asko izan daitezke artatzen diren kasuak, eta gehienak ederki ezagutzen ditu Irene Tapiak. Boluntarioa eta Gizarte Zerbitzuen arduraduna da bera. “Familia handi baten modukoak gara, DYAren gizarte zerbitzuetan oso gutxi izaten baitira kasu puntualak. Gehienak, denbora luzean errepikatzen diren kasuak dira, eta oso harreman estua sortzen da laguntzen ditugun pertsonen eta gure artean, asko ia bakarrik daudelako eta izugarri eskertzen dutelako gure laguntza”, esan du Tapiak.

Gizarte zerbitzuetako kasu asko, emergentzia sozialak izendatzen dituztenak, zuzenean bideratzen dira DYAra, telealarma kasuak, adibidez.

Iaz datuen arabera, 627 eroriko edo bestelako gizarte larrialdi artatu zituen DYAk. 2.284 pertsonari lagundu zien etxera igo edo jaisten, etxebizitzan zituzten oztopo arkitektonikoengatik. Eta 9.427 lekualdatze egin zituzten.