Mozorroak, gorputzak eta fobiak

Kalean zain, semaforoa noiz berde jarriko, eta gurasoak entzun ditut semeari goxo-goxo: “Bihotza, hobe beste mozorro bat pentsatzea, ez zara eroso egongo printzesaz jantzita”. Eta umezaroko oroitzapenak kolpeka. Ahizpak Kleopatraren mozorroa nahi zuen, bai ala bai, eta jantzi zuen, baina, eskolako lagunen eta beste hainbaten iritzia entzun behar izan zuen: potoloegia omen Kleopatra izateko. Ahizparentzat, Kleopatraren ezaugarrien artean argaltasuna ez zen funtsezkoa, jantzi luze zuriak eta urrezko apaingarriek egiten zuten nor Kleopatra, ez argaltasunak. Baina, mozorroaren esperientziarekin ikasi zuen ordura arte ezezagun zitzaiona, argaltasuna (edo loditasuna) bihur dezakeela gizarteak pertsona baten nortasunaren ikur, edozein garaiko jantzi eta apaingarri baino areago. Eta ez dago loditasuna estaliko duen mozorrorik, ez maskararik. Ezta txikitasuna ere, edo gehiegizko altuera, edo…

Koadrilarekin mozorroa aukeratzean ere, halakoxe gorabeherak bizi ohi nituen neuk, koadrilako lodi bakarra nintzen garaian. Mozorrotzean, beraz, gorputzaren aukerez eta mugez ohartzen gara, eta ohartu ez bagara, gainerakoek jakinaraziko digute barre txiki batekin, edo zurrumurru artean. Batzuetan, bada, mozorroa janztea arau eta diskurtso sozialak trinkotzeko bidea da, eta ez da urratzea, edo ez da gorputzaz besteko esperientzia berriak bizitzeko bidea.

Jakina, arindu egin da inauteriek behinola transgresiorako zuten indarra, eta gutxi dira balore sozialak azpikoz gora jartzea helburu duten inauteriak, edo mozorroak. Gainera, orduan ere, gizarte ordena urratzea helburu zutenean, “arau urratze” horiek zilegi ziren, eta hartara, baimenduak. Arau hausterik ez. Edonola ere, inauteriek gorde dute osagai garrantzitsurik: umorea, parodia eta satira. Baina, badirudi umorea, parodia eta satira gehiago dagozkiola helduen inauteriei —eta ez kasu guztietan, ezta gutxiago ere-—, eta nolabait, onarturik zaiela helduei kritika soziala egitea —neurrian, jakina!—: mozorroen bitartez egoera sozialaren inguruko kritikarik ikusi ohi dugu kaleetan, arduradun politikoen gehiegikeriak ere salatu ohi dira, edo bestelako aginteak barregarri utzi ohi dira (eliza, militarrak…). Hori bai, halako salaketak gehienetan jada kritika horiek barneraturik dituzten komunitateetan egin ohi dira, mozorroek gutxitan egin ohi diote kritika komunitate barruko aginteei, botereei edo arau sozialei. Inpresioa dut besteez barre egin ohi dugula sarriago, eta besteak parodiatu ohi ditugula errazago. Gutxiagok jarri ohi dute bere burua auzitan, eta bere buruaz parodia egin.

Muga horiek kontuan harturik ere, aginteen inguruko kritika soziala egiteko zirrikiturik bada hainbat inauteritan. Zailago izaten da gorputz politiken inguruko kritika eta salaketa egiteko zirrikiturik antzematea. Edo are okerrago, badirudi kasu batzuetan inauteriak eta mozorroak gorputzaren, sexualitatearen eta generoaren inguruko zenbait diskurtso ofizial iraunarazteko baliatzen direla. Umeen kasuan, zer esanik ez. Errazago onartzen du gizarteak gizon bat printzesaz janztea. Ez dago halako onarpen orokorturik, aldiz, umezaroan. Umeek nortasuna garatzear dutela, kezka agertu ohi dute guraso batzuek —eta baita hezkuntza sistemako partaide batzuek ere— umeek genero rolak azpikoz gora jartzeko gogoa sentitzen dutenean —salbuespenak salbuespen, zorionez!—. Homofobiaren itzala ere zeharkakoa da garai horietan, baina, luzea eta zaurgarria.

Irudipena dut inauteriak genero arauak eta genero praktikak egonkortzeko eta iraunarazteko espazio pribilegiatu bihurtu direla, umezaroan behinik behin.