Ongietorria udaberriari

Inauteriak

Tolosa, Segura…

Sorginak, pailazoak eta beste hamaika pertsonaia berezi kalera aterako dira hurrengo egunetan Gipuzkoan egingo diren inauteri jaietan. Musika, dantza eta kalejira ugari egingo dira. Herrialdeko ezagunenak, Tolosan. Jaiei hasiera emateko suziria jaurti zuten atzo, Ostegun Gizenean, eta txarangen musikak lagunduta, etengabeko jaia izango dute tolosarrek asteartea bitartean. Mota guztietako mozorroak plazaratzeaz gain, euskal inauterietako hainbat pertsonaia eta usadio ere kaleratuko dituzte hurrengo egunetan Gipuzkoako eta Euskal Herriko hainbat herritan.

Hartzaren esnaera ospatuko dute, esaterako, Seguran. Usadio zaharreko jaia da Gipuzkoako herri horretan, baina 36ko gerraren ondoren debekatu egin zuten, eta duela gutxi berriz berreskuratu dute. Ardi larruak erabiliz, hartzez mozorrotuko da pertsona bat; soka batez loturik eramango du kalez kale zaintzaile batek. Hartza jendeari eraso egiten saiatuko da. Uxatzaileekin, dantzariekin eta txistulariekin ibiliko dira gaur, 18:30ean, Segurako kaleetan. Euskal usadioan, udaberriaren mezularia da hartza. Negua lozorroan egin ondoren, esnatu egiten da, eta neguaren amaiera eta udaberriaren etorrera iragartzen ditu.

Amezketako eta Abaltzisketako Txantxoak dira Gipuzkoako inauterietako beste tradizio bat. Txantxoak izeneko gazte dantzari talde bat baserriz baserri ibiliko da igandean, maskarekin eta mozorrotuta. Akordeoi jotzaile bat, zesterue eta nagusi bat ibiliko dira dantzariekin. Abaltzisketako Txantxoak 11:00etan herriko plazan dantzatuko dira, eta 12:30ean, berriz, Larraitz auzoan.

Antzuolako sorgin dantza

Antzuolan eta Bergaran sorgin dantza egingo dute igandean. Antzuolan, mende hasierako usadioa da sorgin dantza. Seguran bezala, 36ko gerraren ondoren debekatu egin zuten; 1990ean berriz dantzatzen hasi ziren inauterietako igandean, Oinarin dantza taldearen eskutik. 10:00etan abiatuko dira sorgin dantzariak Antzuolako kaleetan, eta 12:30ean egingo dute emanaldi nagusia, herriko plazan. Hartza, tximinoa eta hezitzailea pertsonaiak ibiliko dira dantzarien ondoan.