“Amerikarrek uste dute edozer lor dezaketela”

Euskal komunitateak presentzia handia duen hiri batean bizi da Nere Lete (Errenteria, 1964): AEBetako Boise hirian. Euskal Herritik urrun egon arren, euskal kulturarekin erabat lotuta jarraitzen du; bai bere lanean —Boiseko Unibertsitateko euskal ikasketetako arduraduna da—, baita familian ere, euskal jatorriko estatubatuar batekin ezkonduta baitago. Duela 24 urte joan zen Lete AEBetara bizitzera. “Hainbeste urte igaro eta gero, badirudi krisi existentzialen bat izan behar dudala, ea nongoa naizen. Hemen bizitzera oso ohituta nago, baina garbi dut Euskal Herrikoa naizela”.

Euskal filologia ikasi zuen Letek, Donostian. Ikasketak amaitu ondoren, 1988an, AEBetara joan zen euskara irakastera, Renoko Unibertsitatera. “Gurasoen etxetik kanpora bizitzera joan nintzen lehen aldia izan zen. Abentura harekin jarraitu nahi nuen; beraz, beste urtebete geratu nintzen gaztelania irakasten”. Ondoren, Literatura Erkatuan eta Itzulpengintzan graduatu zen, Iowako Unibertsitatean.

Iowan ikasten ari zela, senarra duena ezagutu zuen. “Duela hemeretzi urte ezkondu ginen, eta, harrezkero, Boisen bizi gara”. Chris Bieter da senarra, David Bieter Boiseko alkatearen anaia. Ofizioz abokatua da, baina egun epaile aritzen da. “Amaren aldeko familia Bizkaikoa zen; amona Lekeitiokoa zen, eta aitona, Larrabetzukoa. 18 urterekin euskaraz ikasi zuen senarrak”. Hiru seme-alaba dituzte: Maddalen 18 urtekoa, Josu 15 urtekoa eta Andoni 13 urtekoa.

Euskara eta ikastola

Etxean batzuetan egiten dute euskaraz. “Askotan senarra ni baino militanteagoa da. Batez ere Euskal Herrira joatekotan gaudenean, haurrei euskaraz hitz egin behar diegula esaten dit”. Hiru seme-alabek dakite euskaraz. “Bizimodua ingelesez egiten duten arren, euskaraz ondo moldatzen dira”.

Boiseko ikastolan ikasi zuten seme-alabek. Duela hamalau-hamabost urte inguru sortu zuten ikastola. “Alaba jaiotzeko zegoela, euskaraz ikasteko ikastola izatea ondo egongo litzatekeela pentsatu genuen”. Beste familia gazte batzuekin eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin ikastola abian jarri zuten. “Euskal Herritik irakasleak ekarri genituen, Euskal Herriko metodologia eta pedagogia erabiltzea nahi baikenuen. Amerikarrek edozer lor dezaketela uste dute; ikastola ere bai. Nire senarrak esaten zidan: ‘Ikastola, zergatik ez?’. Baikortasun horrekin, azkenean, lortu genuen”.

Maddalen alaba ikastolako lehen belaunaldikoa izan zen. “Hemengo jendeak pentsatzen du eleaniztasunarekin hizkuntzetako bat ez dutela ondo menperatuko. Hori horrela ez dela ondo azaldu behar izan genien gurasoei. Ikastolaren ondoren ere, ikasleak Amerikako eskola sisteman oso ondo egokitu dira”. 5 urte arte ikasten dute haurrek ikastolan.

Ikastolaz gain, euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako elkarte gehiago ere badituzte Boisen: euskal etxea, euskal museoa eta kultur zentroa, Oinkari dantza taldea, euskal jatetxeak… Hiriaren erdigunean dagoen euskal auzoan daude. Urtero euskal jaialdia ere ospatzen dute. Gainera, euskal jatorriko agintariak izan dituzte hirian bertan eta baita Idaho estatuan ere. Euskal etxean 800 bazkide inguru daude. “Euskal jatorriko 5.000-6.000 pertsona inguru egongo dira Boise inguruan”. Boisek 180.000 biztanle inguru ditu. “Euskaldunek presentzia handia dute hirian. Gure unibertsitatera irakasle berriak etortzen direnean, presidenteak euskal auzora gonbidatzen ditu”.

Euskal ikasketetak

Duela hamalau urte inguru euskara irakasten hasi zen Lete Boiseko Unibertsitatean. “2005-2006tik aurrera, Euskal Ikasketak abian jarri genituen; Etxepare Institututik jasotzen dugu laguntza. Unibertsitate mailako bigarren mailako ikasketak dira, bi urtekoak”. Lete da ikasketa horien arduraduna. Euskal gaiak irakasten dituzte, gehienbat gaztelaniaz eta ingelesez: euskal kultura, historia, zinema, literatura… “Euskara irakasteko ikasgaian erabiltzen dugu euskara”. Bi urte horien ondoren, ikasleak Euskal Herrira bidaltzen dituzte.

Asteburuetan euskal kulturarekin lotutako ikastaroak antolatzen dituzte. “AEBetan dauden euskal ikasketetako beste irakasle batzuk gonbidatzen ditugu”. Ikastaro eta ikasgai horiek unibertsitateko beste departamentuetako ikasleek ere egin ditzakete, eta horren truke kredituak lortzen dituzte. “Urtean 15-20 ikaslek egiten dute Euskal Ikasketen programa osorik, baina iaz, urte osoan, 714 ikaslek egin zuten gure ikasgaietakoren bat. Unibertsitatean beste departamentuekin sarea zabalduz goaz”. Parte hartzen duten ikasleak oso gustura ateratzen omen dira. “Euskal Herriko errealitatea hobeto ezagutzen dute. Hemen komunitate estu bat ikusten dute folkloreari eta artzaintzari lotuta. Ez dakite Euskal Herria Europa barnean lurralde modernoa dela”.

Bestalde, bizitzeko “hiri zoragarria” da Boise. “Idahoko hiriburua eta estatuko hiririk handiena izan arren, oso lasaia da. Ibai ederra dauka, oso garbia, eta jendea arrantzan ibiltzen da. Inguruan basamortua dagoen arren, hirian zuhaitz eta parke ugari daude; oso hiri berdea da”. Hiriaren atzealdean mendiak dituzte. AEBetan ohikoa den bezala, auto ugari daude, baina jende asko ibiltzen omen da bizikletan. Horretarako, bidegorria dute. “Euskal Herriko jende gaztearentzat agian isilegia da. Tabernetara ezin da sartu 21 urte egin arte. Baina familia bat hazteko oso leku egokia da”.