“Haurrak belakiak bezalakoak dira, gizarteratze gaitasun ikaragarria dute”

Gizakien Lurra gobernuz kanpoko erakundeak Afrikako haurrak ekartzen ditu Europako hainbat lurraldetara, haien herrian sendatu ezin dituzten gaitzez trata ditzaten. Masailezurreko arazo larriak dituztenak Donostiako Ospitalean tratatzen dituzte, eta, gutxienik, sei-zazpi hilabeterako egoten dira harrera familiekin. GKEaren Euskal Autonomia Erkidegoko arduraduna da Alfonso Roncero, eta, dioenez, lanean daramatzaten hamasei urteetan ez da geratu haur bakar bat ere etorri ahal izan gabe. Egitasmoak burutzeko dirua behar dela dio, “baina familiarik gabe ezinezkoa” litzatekeela argi du.

Gipuzkoara ekartzen dituzuen haurrek masailezurreko arazoak dituzte. Zer dela eta?

Guk ospitaletako espezialistekin harremana egiten dugu, zer-nolako arazoak konpon ditzaketen jakiteko; Donostiako Ospitalearen kasuan, Aurpegi-masailetako Kirurjia Zerbitzuarekin. Europako hainbat herrialdetara eramaten ditugu haurrak, baina masailezurreko arazoak dituztenak Donostiara baino ez dira etortzen, zerbitzua dagoelako eta bertako profesionalek gure proiektuarekin bat egin dutelako.

Ohikoak dira honelako arazoak Afrikako herrialde horietan.

Bai, hemen baino gehiago. Arazoak sortzen zaizkie txikitan kolpeak hartu izan dituztelako, erorketekin eta abar, eta gaizki sendatu dituztelako. Hezur bat hausten denean, sendatzen ez baduzu, gogortu egiten da, eta hori da gertatzen zaiena, gogortu egiten zaiela masailezurra. Haurrak handitzen doazen heinean, ahoa ixten zaie, eta jateko eta arnasa hartzeko arazoak ere izan ditzakete.

Familiak bilatzen dizkiezue eta hezkuntza sistemara ere bideratzen dituzue. Lan handia da.

Osasun arloko kooperazio proiektuak abian ditugun lurraldeetatik bakarrik ekartzen ditugu haurrak. Hori garrantzitsua da, han azpiegitura bat dagoelako, gure kideak han daudelako eta abian dituzten egitasmoen bitartez han konpon ezin daitezkeen kasuak detektatzen dituztelako. Hango medikuaren txostena bidaltzen digute, eta hemengo espezialistak ikusten badu konpon dezakeela, tramiteak egiten hasten gara, Osakidetzan, dagokion diputazioko Haurtzaro zuzendaritzan eta Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzan. Horretarako, noski, Gipuzkoan azpiegitura bat behar dugu, eta, batez ere, familiak. Haur bakoitzeko bi familia hartzen ditugu, bat haurrari harrera egiteko eta beste bat laguntzeko.

Egiten duzuena bezain garrantzitsua da zuen jardunbidea ondo ezagutaraztea, besteak beste, familiak lortzeko.

Azpiegiturarik ez balego, ezagunak ez bagina, ezinezkoa litzateke proiektu hau aurrera eramatea, ezta Gizakiaren Lurraren beste proiektuak ere: sentsibilizazio kanpainak direla, Afrikan edo Hego Amerikan egiten ditugun kooperazio egitasmoak direla… Horregatik, azoka eta elkartasun ekitaldietan parte hartzen dugu, kooperazio arloko deialdietara aurkezten gara eta beste sare batzuetan egoten gara.

Harrera familiak edo dirua. Zer da premiazkoena zuentzat?

Dirua beti behar da, baina munduko diru guztia edukita, haurrak jasotzeko familiarik gabe ezingo lirateke etorri, hori da haurrak ekartzeko askatu beharreko lokarria. Behin baino gehiagoetan jo behar izan dugu komunikabideengana, eta, komunikabideek egiten duzuen lanari esker eta jendearen erantzunari esker, esan dezakegu hamasei urtean tramitatu gabeko espedienterik ez dugula sekula izan.

Haurrak denbora luzez egoten dira Euskal Herrian, etxetik urruti. Nola moldatzen dira?

Dena da berria, aireportuan igogailu batean sartzen direnetik; sekula ez dute hori ikusi, inoiz ez dute hainbeste pertsona zuri ikusi. Lehen egunetan erabat harrituta egoten dira denarekin. Baina izugarrizko gizarteratze gaitasuna dute; belakiak bezalakoak dira. Atzo bertan [astelehenean] haur bat itzuli zen etxera, urte eta erdi hemen egonda, eta irakasleek ezin sinetsita diote hura zela ikasgelan euskaraz hoberen mintzatzen zena.

Baina lehen egunetik ulertarazi behar zaie etxera itzuli beharko dutela, eta harrera familien eta boluntarioen lana ere bada hori.

Neska eta mutil hauen familientzat oso gogorra izango da hainbeste denborarako haurra kanpora bidali behar izatea.

Noski, gogorra da. Astero-astero umeari buruzko albisteak jasotzen dituzte, baina hilabete askotan ez dute haurra gehiago ikusiko, ezta haren ahotsa entzungo ere. Baina badakite hori dela konponbide bakarra, eta onartzen dute hau dela osasun aldetik bizitza normala izan ahal izateko modu bakarra.