Ilunabarrean paseatzen ari direla, Leonek eta Kastillok itzal jostalari bat sumatu dute inguruan. — To, saguzarra —ohartarazi dio Kastillok Leoni.
— Ba al dakik saguzarrak zergatik ibiltzen diren beti ilunpean eta ezkutuka? —bota du Leonek.
Kastillok hasperen egin du, lagunaren istorioetako bat nahitaez entzun beharko duela jakitun. Zuzen dago, Leonek erantzun esplizitua itxaron gabe ere kontatzeari ekin baitio…
Aspaldi, jana zela eta, saguek eta txoriek gerra egin zioten elkarri, harik eta bakea egiteko ordua bazela erabaki zuten arte. Tratu bat egin zuten: handik aurrera, lurrean ziren hazi eta fruituak saguen esku geratu ziren; zuhaitzetan zirenak, berriz, txorien esku. Bakea ospatzeko festa bana antolatu zuten. Saguzarrak txorien festara joan ziren, baina sarrera ukatu zieten, modu txarrean, gainera: “Gerran, saguen alde egin duzue sarri; beraz, orain ere segi haiekin!”. Orduan saguzarrek saguengana jo zuten, baina han ere epelak entzun behar izan zituzten: “Komeni izan zaizuenean, gurekin bat egin duzue; komeni izan ez zaizuenean, berriz, txoriekin. Kopeta galanta behar da orain gurekin bakea ospatzera etortzeko! Alde hemendik!”.
— Geroztik — Leonek ikasgai moral batekin biribildu nahi izan du kontakizuna—, saguzarrak ilunpean ibiltzen dituk, oportunismo haren lotsa ezkutatu nahi eta ezinean.
— Gezurra! —entzun da ustekabean.
Ahoa ireki duena ez da Kastillo izan. Bi lagunek inguruan begiratu dute, beraien arteko elkarrizketan hain bortitz zein sartu den jakin nahian. Eta han ikusi dute saguzarra, zuhaitz adar batetik buruz behera zintzilik.
— Gezurra! — errepikatu du, eta Leon eta Kastillo adi-adi dituela segurtatu duenean, hasi da azalpenak ematen—. Egia da batetik bestera ibili ginela, baina ez gure apetak asetzeko, batzuei eta besteei gerra alferrikakoa zela ikusarazteko baizik. Bagenekien jarrera hura azkenean gure kontra ere bihur zitekeela, baina ez genuen amore eman, arrazoi genuela zeharo sinistuta baikeunden. Bakea egin zutenean, berriz, gu baztertu eta elkarren artean banatu zuten jana. Bazterketa bidegabe hura zuritzeko asmatu zuten gure ustezko oportunismoaren istorioa. Izan ere, gu ilunpean eta desorduan ibiltzen gara beste aukerarik utzi ez digutelako, ez lotsa ezkutatu nahi dugulako. Kontzientziak agindu bezala jokatu genuen. Beraz, ez dugu zertan lotsatu: ez gara ez saguak ez txoriak, saguzarrak baizik, eta harro gaude!
Leonek eta Kastillok gehiago jakin nahi izan dute:
— Zergatik paratzen zarete buruz behera? — galdetu du Kastillok.
—Horrek zerikusia izango du gauzak bestelako moduan ikusteko dugun joerarekin, noski.
— Zergatik helgaldi zalantzati hori? — Leonek.
— Nahiago dugulako zalantza batekin hegan egin axioma txar batekin baino.
Saguzarrak alde egin duenean, Leon eta Kastillo, txanpon bereko bi aldeak, badakizue, ez dira ados jarri. Leonek ez dio saguzarrari sinesgarritasunik aitortzen. Kastillok, berriz, haren bertsioa aintzat hartzen du. Gauza batean, ordea, bat datoz: orain errazago ulertzen dute zergatik dauden galzorian hainbeste saguzar espezie.