Errepideetatik gertu bizi diren herritarrek egina dute zaratatik babesteko soinu pantailak jartzeko eskaera Gipuzkoako hainbat herritan. Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituren Departamentuak, gainerakoek bezala, aurrekontu mugatua du, eta, hala, lehentasunak jarri beste aukerarik ez du izan. Bide Azpiegituren zuzendari Joseba Altubek aditzera eman duenez, N-1 errepideak du “lehentasuna” aldundiarentzat. Horregatik, Lasarten, Villabonan eta Tolosan jarriak dituzte pantailak. “Soinu pantailak jartzea garestia da, eta egoera ekonomikoak asko baldintzatzen du, baina aurtengo badago aurreikuspen bat. Hala, Irunen, Dunboa auzoan, pantaila akustikoak jartzeko 400.000 euroko diru saila dugu aurtengo aurrekontuan”.
Aldundiak urtero jasotzen ditu eskaerak, eta batzuk errepikatu egiten dira: Arrasatetik, Iruratik, Irundik, Oriotik, Andoaindik, Donostiatik… zarata murrizteko neurriak hartzeko eskatua dute.
Donostian, esaterako, Amara auzoko bizilagunek urte askoan eskatu izan dute Karlos I.a etorbideko autobideko sarrera-irteera tokiz aldatzeko. Zaratagatik kexatu izan dira, eta baita auzoa bitan zatitzen duelako ere. Eta, itxura guztien arabera, eskaerari erantzuteko prest dira erabakian zerikusia duten hiru administrazioak: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udala. Elkarlan hitzarmen bat sinatua dute, Amarako irteera-sarrerak kendu, eta Zorroagako tuneletik (GI-131) zirkulazioa bideratzeko. Hori guztia posible izateko, hainbat pauso eman behar dira, ordea, eta Aldundiko Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako Departamenduko ordezkariek esan dute “exekuzio epeetan baliabide ekonomikoek zerikusi handia” izango dutela. Pausoei dagokienez, aldundiak Hernaniko errepidearen bikoizketa bukatu behar du; horrela, Urumeako autobidea bukatua geratuko da. Bestetik, Donostiako Udalak hiri barruan zirkulazio aldaketak egin behar ditu, eta Karlos I.a etorbideko irteerako lerroa kendu. Aldaketak Martuteneko biribilgunean zirkulazio irteera handiagoa eragingo du, eta hori eramaten duen ikusi behar da. Hori nahikoa bada, irteerako zubibidea kenduko litzateke. Bestela, Martuteneko biribilgunean moldaketak egin beharko dira. Gainera, Amarako sarrerako lerroa eta zubibidea kendu ahal izateko, Marrutxipin lotune berri bat egin beharko da, zirkulazioa GI-20 saihesbidetik zuzenean sar dadin. Pausoak argi izan arren, lan horiek amaitu eta Amarako sarrera-irteera kentzeko egunik ez du aurreratu oraindik aldundiak.
Zabaltzen jarraitzea erronka
2003an sartu zen indarrean Zarataren Legea, eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, lurralde historikoei dagokie alor horretan araudia betetzea. Hala, Gipuzkoan aldundiak zehazten ditu zein diren bide ardatz nagusien mapa estrategikoak, baita ardatz horietan zarataren kontrako ekintza planak onartu ere. Urteko hiru milioi ibilgailu baino gehiagoko zirkulazioa dutenak dira ardatz nagusi horiek. 2007an egin eta onartu zituen aldundiak urteko sei milioi ibilgailu baino gehiagoko zirkulazioa duten errepideen mapa estrategikoak, eta, urtebete geroago, errepide horien ekintza plana egin zen. “Bigarren zatia falta da egiteko”, zehaztu du Altubek. “Hiru milioi ibilgailu baino gehiagoko zirkulazioa duten errepideen mapa estrategikoa egin behar da. Agendan dago gaia, baina aurrekontu arazoek erabat baldintzatzen dute”, ohartarazi du. Urrats hori egiteak zarataren aurkako neurriak ere zabaltzea ekarriko luke.
Zarataren mapei esker, soinu mailak nola banatuta dauden, zaratak eragindako guneak zein diren eta soinu maila jakinen eraginpean dagoen azalera eta pertsona kopurua zein den jakiten da. Hala ere, “mapa horiek ez dute balio irtenbideak diseinatzeko, zarataren eragina globalki ebaluatzeko baizik”, aldundiko iturriek zehaztu dutenez. Pantailak diseinatzeko, leku bakoitzean txosten zehaztua egin behar da, pantailak eraginkorrak izango diren zehazteko.
Pantailak ez dira etxebizitzen inguruan bakarrik jartzen. Babesteko elementuak izaten dira batzuetan espazio publikoak, naturgune babestuak eta eraikin berezi zenbait ere; ospitaleak eta ikastetxeak, kasurako.
Bestalde, Altubek azaldu du zarataren kontrako neurriak hartzea beti ez dela Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura. “Askotan, errepideak inguruko etxebizitzak baino zaharragoak dira, eta, halakoetan, etxebizitzen sustatzaileei dagokie soinu pantailak jartzea”, ohartarazi du.