Osoagoa da orain Gipuzkoako bidegorri sarea. Andoain eta Urnieta lotzeko bidegorria ireki dute aste honetan; 1,8 kilometro luze da, eta lau metro zabal. Gipuzkoako Foru Aldundiko eta bi udaletako ordezkariek parte hartu zuten bidea irekitzeko ekitaldian, astelehenean. Bide berri hau Plazaolako bidearen hasieratik 400 metro ingurura dago; inguru horretan industrialde bat jartzeko asmoa dago, eta, aldundiko iturriek aditzera eman dutenez, horregatik laga dute osatu gabe.
Lotura falta horrek Andoaingo Eguzkiren kezka eragin du. “Aldundiak loturarik gabeko bidegorriak eraikitzen jarraitzen du”, kritika egin du elkarteak. Bidea egiteko arbola ugari bota behar izan direla ere salatu dute ekologistek. “Bidegorri inauguratu berrian ehun urki zeuden, orain dela hamabi urte inguru landatutakoak, eta bakar bat ere ez da geratzen”, aditzera eman dute. Hala, bidegorria irekitzea berri ona dela onartu arren, sentipen “gazigozoak” gailendu zaizkiela azaldu dute Eguzkiko kideek.
Langileek erabiltzeko egokia
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasunerako eta Bide Azpiegituretako diputatuak esplikatu duenez, bidegorri hau egitean gogoan izan dituzte langileak; hain zuzen ere, inguruan dauden industrialdeetako langileek joan-etorriak oinez edo bizikletaz egiteko erabili ahal izango dutela pentsatzen dute. Hain justu, bidegorria Leizotz industrialdetik abiatu eta Erratzuko industrialean amaitzen da.
Urnietako alkate Mikel Pagolak eta Andoaingo alkate Ana Karrerek ere nabarmendu dute bidegorri hau aski garrantzitsua izan daitekeela inguruko biztanleen artean mugikortasun ohitura berri batzuk zabaltzen joateko. Automobilaren erabilera urritze aldera hartzen diren neurrien garrantzia handia dela oroitu dute.