Ordizia
Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da, eta, horren harira, ekitaldi ugari antolatuko dira datozen egunetan Euskal Herri osoan. Hitzaldiak, kultur arloko ekitaldiak eta mobilizazioak ere izango dira. Datorren ostegunean, esaterako, margolaritza kalera ateratzeko ekimen bat egingo dute hainbat emakumek Ordizian, eta, bide batez, andrazkoen presentzia eta gizartean bete behar duten lekua aldarrikatzeko keinu bat ere izango da; izan ere, udaletxeko arkupeetan jarri eta bertan jardungo dute margotzen. Margolarien astoz eta beste hainbat lanabesez beteko dituzte arkupeak.
Hainbat urte daramate Ordiziako emakume margolariek ekitaldi hau egiten, eta udaletxean bertan egoten direnez, oso ezaguna da dagoeneko herriko bizilagunen artean. Elkartzen diren andrazkoetako askok margolaritza eskolak jasotzen dituzte Ordiziako kultur etxean Patxi Morales irakaslearen eskutik, eta eskolan egiten duten lana plazaratzeko aukera ematen die kaleko saioak.
Kimetz emakume taldearekin
Kimetz emakume elkartearekin lankidetzan antolatzen dute ekimen hau, margolaritza saio huts bat ez baita. Hain zuzen ere, urriak dira oraindik emakumeek soilik berentzat hartzen dituzten kaleko espazioak, eta garrantzitsua da horiek, esate baterako, artearen moduko jarduerekin lotuta egotea. Martxoaren 8aren inguruan antolatzen diren ekimen askok, horixe izten dute helburu nagusia, eta testuinguru aintza kotzat hartuta elkartzen dira Ordiziako emakume artistak ere.
Datorren ostegunean 09:30etik aurrera egongo dira udaletxeko arkupeetan jarrita emakume margolariak, eta arratsaldera arte ariko dira. Albora hurbiltzen zaizkinei beren margolanei buruzko azalpenak emango dizkiete, ingurunearekin komunikazio joria izatea bilatzen baitute ekimen honen bitartez.