Emakumeak ere zelaian

Duela bi urte, Hernanin emakume talde bat elkartu eta elkarrekin entrenatzen hasi ziren, errugbi talde bat sortzeko helburuarekin. “Aspalditik zegoen gogoa, baina ez zuten lortzen nahikoa emakume biltzea”, azaldu du Nora Fuentes Hernaniko jokalariak (Hernani, 1986). Euskal Ligan lehiatzen dira, Hego Euskal Herriko beste sei talderekin batera. Asteburu honetan jokatuko dute azken partida, eta bosgarren edo seigarren postuan amaituko dute: “Gustura gaude egindako lanarekin. Bi urtean asko aurreratu dugu. Gu baino esperientzia handiagoa duten talde batzuei irabaztea lortu dugu”.

Jokalari gehienak inoiz errugbian jokatu gabeak ziren. “Bazeuden umetan jolastutako batzuk, baina gehienok hasieratik ikasi behar izan genuen”. 14 urtera arte neskek eta mutilek elkarrekin jokatzen dute errugbian, talde mistoetan. Baina ez dira neska asko animatzen. 15 urtetik hasi eta ia 50 urte artekoak daude egun taldean; guztira 22 emakume.

“Tradizionalki mutilena kontsideratu izan da errugbia, baina pixkanaka asko ari gara lortzen”. Errugbiaren inguruan sortzen den giroak asko erakartzen duela azaldu du Fuentesek. “Zelaian aurkariak gara, baina, hortik kanpo, hirugarren denborarekin laguntasun handia sortzen da. Ez da ematen duen bezain kirol gogorra”.

Entrenatzen eta prestatzen

Helburua taldeari eustea eta aurrera jarraitzea da. “Aurten lesio asko izan ditugu, eta partida batzuetan, jendez nahiko eskas ibili gara”. Badituzte entrenatzera bakarrik joaten diren emakumeak ere. “Jokalariak prestatzeko garrantzitsua da hori. Probatu eta gustatzen bazaie, aurrera begira taldean joka dezakete”.

Ordizian ere izan zuten emakumeen talde bat duela hogei urte baino gehiago. Harrezkero, taldea sortzeko saioak egin dituzte, baina oraindik ez dute lortu. Egun, neska bakarrak jokatzen du errugbian, talde mistoan.