Errugbi taldeak jakitun dira harrobia lantzearen garrantziaz, eta kirola herriko eta eskualdeko gaztetxoengana hurbiltzeko ahalegin berezia egiten dute. Errugbi eskolak dituzte Ordizian eta Hernanin. 10 urte ingururekin hasten dira haurrak horietan. Dena den, errugbiarekin kontaktua lehenago izaten dute, eskola kirolaren barnean sartzen baita kirol hori. Errugbiko hainbat joko egiten dituzte haurrek; baina, esaterako, ez dute plakatzerik egiten; horren ordez, elkarri zapia kentzen diote.
Ordizian, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailakoekin errugbi jardunaldiak egiten dituzte. 5. eta 6. mailakoekin, berriz, Goierri mailako zapi-errugbi txapelketa antolatzen dute. Finala Ohorezko Mailako partida baten atsedenaldian izaten da. Dena den, 14 urte arte ezin dira txapelketatan lehiatu; ordura arte, markagailurik gabe jokatzen dute.
Udan ere izaten dute errugbian jokatzeko aukera; Hernaniko udalekuetara joaten dira jokalariak, haurrei errugbian irakastera. Ordizian, berriz, hilabeteko udaleku irekiak antolatzen dituzte, errugbia eta ingelesa uztartuz.