Gaztea izan arren, urteak daramatza Sergio Carbajok (Donostia, 1985) munduan barrena. Ikasketak bukatzen aurrena, eta lan txikiak egiten gero; gaur egun Boston du bizitoki (AEB), baina, hara iritsi arte, munduko txoko asko ezagutu ditu.
Goi Mailako Telekomunikazio Ingenieritza ikasketak egin zituen Donostiako Tecnunen, Nafarroako Unibertsitateko Ingenieritza Eskolan. Ikasketa horiek bukatzen ari zela atera zen lehen aldiz atzerrira, 2008. urtean: Austria izan zen lehendabiziko jomuga. “Azken seihilekoa kanpoan bukatu, eta nire aleman kaxkarra hobetzea zen helburua”. Austriatik Hernanira bueltatu beharrean, ordea, Coloradora (AEB) egin zuen jauzi.
Ikerlari aritu zen lanean, eta hango unibertsitatean bukatu zituen Ingenieritza Elektriko eta Informatikako Master Zientifikoko ikasketak. “Coloradokoa izan zen ikerkuntza sailean nire ibilbide profesionalaren hasiera, laser eta fisika arloan”. 2009. urtean, proiektua aurkeztu eta ikasketa tituluen bila itzuli zen etxera. Baina maletak desegiteko ia denborarik hartu gabe itzuli zen Coloradora, ikasketekin jarraitzera. “Coloradon egondako hiru urteetan bidaia asko egin ditut, ia hilero, batez ere Ipar Amerikara, hitzaldiak eta kolaborazioak egitera”.
Etengabeko joan-etorri eta lan horietan buru-belarri murgilduta zebilela jaso zuen bere biziko eskaintza Bostondik.
Ikerkuntza lanak
Bostongo Massachusetts Institute of Technlogytik bertako ikerkuntza talde batean sartzeko aukera eskaini zioten Carbajori. Kontratua eskuetan zuela, lanean hasi aurretik, ordea, sei hilabeteko atsedenaldia hartzea erabaki zuen; ez etxera itzultzeko, gehiago bidaiatzeko baizik.
Ipar Amerikan eta Karibe inguruan ibili zen gehienbat. “Tobagoko herrixka txiki batean pasatu nituen bi hilabete, Charlottevillen. Lehen ere askotan egona nintzen bertan, urpekari gida eta monitore gisa lanean. Kostalde horretan, Karibe itsasoko ur epelen eta Ozeano Atlantikoko ur hotzen nahasketak urpeko bizitza ikusgarria sorrarazten du”.
Atsedenaldiaren ondoren, 2012ko ekainaren 1ean, Bostongo ikerketa zentroan jarraitu zituen doktoretza ikasketak. Sergio Carbajoren lanak kokagune bikoitza du gainera: bata, AEBetan, eta bestea, Alemanian. “Denbora gehiena Bostonen pasatzen dut, baina noizbehinka Alemaniara joaten naiz, gehienez bi edo hiru asterako”. Tarteka, gainera, eskolak hartu eta eman behar izaten ditu bere laneko jardueran. “Beraz, agenda aurki betetzen zait”.
Potentzia eta energia handiko laserrak diseinatu eta eraikitzen lan egiten du Carbajok, ikerlari moduan. Laser horiek medikuntzarako eta industriako hainbat arlotarako erabiltzen dira.
Urruti bizitzera ohitua
Carbajo berehala ohitu da AEBetako bizimodura. “Hemengo bizimodua oso Mendebaldekoa da; beraz, ez da hain desberdina. Gainera, onerako edo txarrerako, Ameriketatik datorren guztia aspaldi kontsumitzen dugunez, ia ezer ez da arrotza egiten”.
Hala era, desberdintasun nabarmen batzuk ere sumatzen ditu Carbajok; lan munduan, adibidez. “Bostonen ohikoa izan daiteke langileek astean 60 ordutik gorako lanaldiak egitea, askok lanbidearen inguruan antolatzen baitute bizimodua. Ez dago euskaldunon bizipoza alderatzerik”.
Bestalde, Boston milaka aukera eskaintzen dituen hiria omen da. “Herrialde osoko unibertsitate eta eskola hoberenetarikoak eskutara edukita —MIT, Harvard eta Berkeley, esaterako— erdigune kultural eta intelektual garrantzitsua da”. Charles ibaia eta itsasoa ere hortxe dauzka: “Eta udaran ia egunero joaten naiz ikerketa zentroko belaontziren batean nabigatzera, bazkaldu eta gero siesta egin beharrean”.
Bizi-kalitateari dagokionez, bada aldea: “Politika sozialetan oso kaskar dabiltza AEBak; beraz, hezkuntza eta osasun zerbitzuak norbere patrikaren araberakoak dira, eta horrek klaseen arteko aldea areagotu besterik ez du egiten hemen”.
Amerikarrak oso usadiozaleak iruditzen zaizkio Carbajori, batez ere aberri kontuetan; Independentzia Eguna eta Eskerrak Emateko Eguna deituetan, adibidez, herrialde osoa batzen omen da, arrazak eta joera politiko edo erlijiosoek eragindako bereizketak baztertuta. “Elkartu bai, baina Euskal Herriko pintxo-poteo eta antzekorik ez dago hemen. Koadrilarekin tabernaz taberna patxadaz ibiltzea… Horrelakorik ez dago beste inon. Euskal Herriko bizitza soziala gero eta bitxiagoa iruditzen zait”, adierazi du.
Urruti dagoenez, aurkako sentimendu asko nahasten zaizkio Carbajori: herrimina, familia eta lagunekin geratzeko gogoa alde batetik, eta kanpokoa ezagutzeko premia bestetik. Familiari eta lagunei denbora gutxi eskaintzea sarri gogorra iruditzen bazaio ere, erronka pertsonal eta profesionalak dakarren ahalegina hausnartu, eta distantziaren mugetara egokitzen ikasi du.