Azken asteetan argitara atera diren zenbait berriren inguruan egiten dugun hausnarketa jakitera eman nahi dugu adierazpen hau sinatzen dugun gizarte eragileok. Errauste plantaren finantzaketarekin lotutako swap-a, finantzaketa lotu izana ospatzeko arduradun politiko eta bankuetako ordezkariek diru publikoarekin egindako angula jana, eta errauste planta eraiki eta kudeatuko duten enpresek plaza publikora egin duten agerraldia dira ondoren komentatuko dugunaren oinarri.
Hasieratik salatu izan dugu errausteko proiektu kutsatzaileak ez diela Gipuzkoako gizartearen beharrei erantzuten, herritarren diruaren kontura aberasten segi nahi duen lobby ekonomiko baten diru goseari eta horrek politikan eta medioetan eragiteko daukan gaitasunari baizik.
Bankuekin finantzaketa kontratua sinatu ondoren, orduan diputatu nagusi zen Markel Olano eta GHK-ko administrazio kontseiluko lehendakari zen Carlos Ormazabal angulak jatera joan ziren bankuetako ordezkariekin, diru publikoz ordainduta; anekdota penagarri bat baino askoz gehiago da hori. Errausketaren aferaren atzean zer dagoen islatzen du garbiki. Baldintzak nork jartzen dituen eta nork obeditzen duen erakusten du gertaera horrek. Baldintzak enpresa handiek eta bankuek jartzen dituzte. Obeditu eta gonbidatu, orduko agintariek. Ordaindu, herritarrek. Bai angulekin, bai errauste plantarekin. Eskema berbera da.
Swap izeneko finantza produktu espekulatibo hori sinatu izana ere eskema horretan kokatu behar dugu. Batetik, bankuei egiten die mesede. Bakarrik 9 milioi erabili eta 90 milioiren interesak ordaintzen ari gatzaizkie herritarrok bankuei swap hori sinatu zutenen erruz. Bestetik, errauste planta eraiki eta kudeatuko duten enpresei egiten die mesede. Eraikitze lanak aurrez finkatutako egutegi baten arabera eraikitzera behartzea da swap horren xede garrantzitsuenetakoa. Inork bere herrian nahi ez duen eta beharrezkoa ez den errauste planta garestia eraikitzeko erabakia hauteskunde emaitzetatik blindatzea zen bere helburua, swap-a bertan behera uzteak eragingo lituzkeen kostuak, produktua sinatu dutenei leporatu beharrean, zilegi eta beharrezkoak diren erabakiak hartuko lituzketenei leporatzea estrategia.
Azkenean, errauste planta eraikitzearen onuradun zuzenak azaldu dira publikoan. Ez da jende oldea kalera irten errauste planta egin dadila eskatuz, ez. Errauste planta eraiki eta kudeatuko duen enpresa taldeak altxatu du ahotsa. Oraingoan bitartekorik gabe. Itzaletatik atera, eta zuzenean erakutsi dute aurpegia. Mehatxuka hasi zaizkio GHK-ko presidenteari. Kaparrak biktimaren odola xurgatzen duen bezala, herritarren diruaren kontura negozio segurua egiteko ametsa arriskuan ikusteak aztoratu ditu. Beraien trikimailu guztiak hankaz gora doazela ikusi, eta oldartu egin dira. Ez daitezela ausar! Hara hor, 10 urteko amesgaizto honen bultzatzaileak biluzik jendeaurrean.
Hau sinatzen dugunok aldarrikatzen dugu administrazioak herritarren interesei begira hartu behar dituela erabakiak, eta, era berean, herritarrak bestelako interes kaltegarrietatik babestu. Errausketa tratamendu zaharkitu, garesti, kutsakor eta arriskutsua da. Badira hondakinak kudeatzeko era osasungarriago, merkeago eta jasangarriagoak. Bada garaia proiektu kaltegarri hori behin betiko bertan behera uzteko eta Gipuzkoan herritarrak, osasuna eta ingurumena ardatz izango dituen hondakinen kudeaketa eredua gauzatzeko.
Artikulu honen sinatzaileak: GZZ, Greenpeace, Errausketaren Aurkako Koordinadora, Eguzki eta Ekologistak Martxan.