6,5 milioi euroren kalteak eragin dituzte aurreko bi hiletan luiziek Gipuzkoan

Urtarrilean eta otsailean izan diren euriteek eta luiziek arazo handiak eragin dituzte Gipuzkoako errepideetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera, urte hasieratik otsailaren 23ra, 280 kasutan behar izan dira kamioiak edo makinak errepideetako kalteak konpontzeko; horietatik 85 kasutan, proiektu luzeagoak eta egonkortze lanak egin beharko dira. Ondorio ekonomikoak ere agerikoak dira: 6,5 milioi eurotik gorako kaltea eragin dute luiziek.

Luizia edo bestelako arazoren bat izaten denean, errepidea ibilgailuentzako lehenbailehen egokitzea izaten da lehen lana. Aldundiaren arabera, kasurik gehienetan “berehala” edo “oso epe laburrean” lortzen da helburu hori, betiere, segurtasun neurriak bermatzen direla ziurtatuta. Halere, oraindik bi errepidek itxita jarraitzen dute Gipuzkoan: GI-3172 Azkoitiko Martirieta auzora joateko bideak eta GI-2634 Errezildik Azpeitira doanak. Azkoitiko kasuan, ordezko aukera gisa, mendi bide bat egokitu dute lur orotarikoarekin ibiltzeko; laster, ibilgailu guztiak pasa ahal izateko lanean ari dira. Errezildik Azpeitira, berriz, Urrakitik ari dira zirkulazioa bideratzen; ezponda erortzeko arriskuagatik dago itxita errepide hori.

Gipuzkoa guztian 150 toki arazotsu daude sailkatuta, eta horien jarraipena egiten dutela azaldu du aldundiak. Halere, ez zen espero azken hilabeteetako euriteek ondorio larriak izaterik.