Bere etxeko leihotik begiratu, eta dena zuri-zuri ikusten du Leire Alcalak (Errenteria, 1990). Zuri eta altu. Bertako mendiak ez dira berde eta harri kolorekoak, elurrez gainezka daudelako. Bi mila metro baino gehiagoko mendiz inguratuta dago Austriako Vorarlberg estatu federaleko Bludenz herria; 14.000 biztanle ditu. Italia, Suitza, Alemania eta Liechtenstein arteko mugan dago, herrialdearen mendebaldean, eta Viena hiriburutik urrunen dauden herrietako bat da Austrian. Han ikasten eta irakasten ari da errenteriarra; alemana hobetzen, eta bi ikastetxetan gaztelania irakasten, hango ikasleen laguntzaile gisa nahiz eskolak ematen, gaztelaniaren praktikara bideratutako eskolak, batez ere.
Itzulpengintza ikasi zuen Alcalak, eta karrera bukatuta, beka bat eskatu, eta Austriara joateko aukera izan zuen. Ekainean izan zen hori; hortaz, hilabete gutxi batzuk daramatza Europa erdialdean. Baina igarri du bertakoak “oso atseginak” direla; “beharbada, euskaldunak baino irekiagoak”. Izan ere, nabarmendu du atzerritarrak beti prest daudela laguntzeko; trenean, kalean, edozein tokitan hurbildu zaio jendea abegikor. “Nongoa naizen esaten diedanean, askok gaztelaniaz zerbait hitz egiten dakitela esaten didate. Saiatzen dira atzerritarrengana hurbiltzen”.
Hori bai, kalean bizitza gutxi egiten dute. Eta horren falta sumatzen du Alcalak: “Herri txikia da ni bizi naizena, baina handietan ere antzera gertatzen da. Arratsaldeko seietan ez duzu ia inor kalean ikusten, apenas dagoen soinurik, tabernen atarietan ez da jenderik izaten. Horri aurre egitea kostatu zait. Errenterian, inolako planik egin gabe atera zaitezke, kalean afalduko ote duzun erabaki gabe, esaterako. Hemen inprobisazioak ez du tarterik: lotuta izan nahi dute dena”. Alpeen erdi-erdian egonda, bertakoen ohiturek-eta mendiarekin harreman handia dutela zehaztu du, “turismoarekin eta eskiarekin lotutako jarduerekin. Oso barruan dute mendiarekiko harremana”.
Euskara zabaltzen
Alemanarekin ondo moldatzen da Alcala, aurretik hizkuntza hori bazekielako. Baina Bludenz herria bakartuta dago, eta horko alemana oso berezia dela antzeman zuen hasiera-hasieratik. “Bertako dialektoan hitz egiten dutenean, gauza gutxi ulertzen ditut”. Zenbait euskalkirekin gertatzen den antzekoa dela dio, hain zuzen ere.
Gaztelania eskoletan laguntzaile modura jardun arren, eta praktikarako irakasle izan arren, harro mintzo da errenteriarra esatean austriarrei euskararen berri eman diela: “Jolas antzeko batekin saiatu nintzen azaltzen Euskal Herria non dagoen, euskara zer den. Hori egiteko, Kataluniaren adibidea jarri nien, bertako asko Bartzelonan egondakoak direlako eta badakitelako Katalunian hizkuntza propioa dutela. Euskaraz hizketan hasi nintzaien, eta harrituta gelditu ziren; ‘ez da deus ere ulertzen’, esan zidaten”. Izan ere, Austriako ikasleek uste zuten latinetik eratorritako hizkuntza izan zitekeela euskara, eta hori horrela ez zela ikusi zutenean, harrituta gelditu ziren. Xehetasunetan sartu gabe, euskara zer den azaldu nien”. Hala, batzuek besteek baino gehiago, bertakoek Euskal Herriaren berri badutela esan du errenteriarrak, “gatazka politikoagatik edo turismoagatik, esaterako. Donostia oso polita dela esaten dute. Dantzen, kirolen—arraunaren— argazkiak ere erakutsi nizkien”.
Ekonomiaz
Inguru aberatsa eta garestia da Bludenz herria, oparoa. Euskal Herriko ikuspegitik begiratuta bai, behintzat. Kafe batek hiru euro inguru balio duela azaldu du Alcalak, eta erosketak egitera joaten denean, hogei euroko billeteak oso gutxi irauten diola; “bi gauza erosi, eta dagoeneko billetearenak egin du”. Argi utzi du, beraz, hangoen soldatak Euskal Herrikoekin alderatuta askoz handiagoak direla. “Bertako jende askok, esaterako, Liechtensteinen egiten du lan. Esan didatenez, 7.000 euroko soldatak omen dituzte, pentsa!”.
Gainera, lana badagoela esan du Alcalak, krisiaren arrastorik ez dutela Austrian. “Espainiako Estatutik etorri den jende asko dago hemen lanean. Ingeniariak dira gehienak, eta azken hilabeteetan etorri dira. Kalifikazioko lanpostuak badaude, espezializatutako jendearentzat. Lan eskaintza badago”, aditzera eman du.
Ondo bizi da Alcala Austrian. Gustura dago. Urtebeteko epea eman dio bere buruari gero zer egin nahi duen erabakitzeko. Sorterritik faltan dituenen artean, arrauna dago. Hibaika arraun elkarteko arraunlaria da, eta Interneten kideen estropadetako argazkiak-eta ikusten dituenean herrimina sentitzen duela dio; “pixka bat etsigarria bada hori”. Hala ere, gimnasioan frustrazio horri aurre egiten dio, ergometroan, Errenteriatik hurbilago sentitzen delako arraunean.