Mugi txartel bakarrak tarifa sistema berria ezarriko du astelehenean

“Foru aldundira iritsi ginenetik gogor lan egin dugu proiektu hau aurrera ateratzeko, eta orain errealitate bihurtuko da. Erakundeen arteko elkarlan handia eskatu du”. Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugarteren hitzak dira. Izan ere, astelehenetik aurrera Gipuzkoako garraio publiko gehienetan txartel bakarrarekin ibili ahalko da; orduan sartuko baitira indarrean Mugi txartela eta tarifa sistema bateratua. Euskotrenen, Lurraldebusen eta Donostia, Errenteria, Irun, Arrasate eta Hernaniko hiri autobusetan erabili ahalko da txartel bakarra. Dagoeneko Mugi txartelarekin lotutako 35.000 eskaera baino gehiago egin dituztela azaldu dute Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzatik. Horietatik 21.500 errenta eskakizuna betetzen duten jakiteko eskabideak dira. Izan ere, hemendik aurrera, hobari bereziak jasotzeko diru sarrerak kontuan izango dira. Dagoeneko 15.000 Mugi txartel baino gehiago bidali dituzte.

Lurraldebus edo Mugi txartela erabili, biek zerbitzu, tarifa eta deskontu berak eskainiko dituzte. Mugi txartel berria egiteak bost euroko kostua izango du, eta posta bidez, Internetez eta prentsako saltokietan eskura daiteke. Erabili aurretik, diruz kargatu beharko dira txartelak, ondorengo lekuetan: prentsa saltokietan, bulego publiko batzuetan, posta bulegoetan eta Kutxabankeko zenbait kutxa automatikotan; txartelak kargatzeko makinak jarriko dira Bilboko, Gasteizko eta Donostiako autobus geltokietan ere.

Renfen, ordaintzeko bakarrik

Renfeko trenetarako ere balioko du txartel bakarrak, baina txanpon txartel gisa bakarrik, hau da, ordaintzeko bakarrik izango da. Renfe ez da tarifa sistema bateratuan sartu; ondorioz, tren horietan egindako bidaiak ez dira kontuan hartuko deskontuak egiterakoan. Aurrera begira, tren konpainiarekin akordioren bat egin nahi dutela azaldu du Ugartek: “Orain pribatizazio fasean dago, eta beren burua antolatu behar dute lehenik. Baina helburua litzateke Renfe ere sistema honetan sartzea”.

Autobusei dagokienez, Lurraldebusekin hitzarmena duten zerbitzu guztiak sartuko dira Mugi sistema berrian. Baita Pesa autobus enpresak Bizkaira eta Arabara eskaintzen dituen zerbitzuak ere, Donostiatik Loiuko aireportura doan linea izan ezik. Euskotrenen kasuan, lurralde arteko bidaietarako ezingo da txartel bakarra erabili; hau da, Donostiatik Eibarrera arteko ibilbidean bakarrik balioko du Lurraldebus edo Mugi txartelak.

Herri barneko autobusei dagokienez, aurrerantzean herri gehiago sisteman sartzea espero dute: “Zarautz eta Eibarko udalek formalki interesa erakutsi dute, eta etorkizunean beste udalek ere bide beretik jo dezakete”.

Beste aldaketetako bat da garraio publiko guztietan tarifa sistema bera ezarriko dela eta eremuak bereizteko irizpide berberak erabiliko dituztela. Guztira, hamalau eremu bereiziko dituzte; beraz, nahiz eta garraiobide desberdina erabili, eremu horien arteko tarifak berberak izango dira. Esaterako, Irundik Donostiara, trenez edo autobusez joan tarifa bera ordaindu beharko da.

Txartel bakarra erabiltzen duten guztientzako deskontuak izango dira, lehen bidaitik. Garraio publikoa zenbat eta gehiago erabili, merkeagoa izango da. Hau da, hilean hogei bidaia arte egiten dituztenek, %45eko deskontua izango dute; garraio publikoa sarriago erabiltzen dutenek, berriz, gutxiago ordainduko dute. Hiri barnekoa zein herri artekoa, trena zein autobusa, erabilitako garraiobide guztiak kontuan hartuko dira deskontuak egiterakoan. “Garraio modu desberdinetan egindako bidaiak kontagailu berean zenbatuko direnez, deskontu tarte handiagora iristea errazagoa izango da”.

Mugi sistemaren barnean, hobari bereziak jasoko dituzte hainbatek: familia ugariek, %65eko edo gehiagoko urritasuna dutenek, 25 urtetik beherako gazteek, 65 urtetik gorakoek eta talde sozialeko kideek; premia ekonomiko jakin batzuk dituztenak sartzen dira talde sozialean. Horiei hobariak egingo zaizkie txartela kargatzen duten unetik. Dena den, urritasunen bat dutenek, 65 urtetik gorakoek eta 18 urtetik gorako gazteek gutxieneko diru sarrerarik ez dutela frogatu beharko dute; hau da, 15.975,32 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenek jasoko dute hobaria. Gainerakoek Mugi txartel arrunta erabili beharko dute. “Errenta txikiena dutenei eta garraio publikoa gehien erabiltzen dutenei mesede egitea da xedea”, adierazi du Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak. “Kolektibo batzuek adina beste irizpiderik gabe hobariak zituzten lehen. Adinaz eta urritasun mailaz gain, errenta irizpidea kontuan hartzea erabaki da”.

Garraioz aldatzeko abantailak

Ibilbide bat egiteko garraioz aldatu behar dutenek ere abantailak izango dituzte astelehenetik aurrera, Mugi edo Lurraldebus txartela erabiltzen badute. Garraio aldaketa egiterakoan, garraiatzailez aldatzen bada, txartel merkeenaren %25 ordainduko da; hau da, trenetik jaitsi eta autobusa hartuz gero, edo Lurraldebusetik hiri barneko autobusera igaroz gero. Garraio aldaketa egitean garraio mota berarekin jarraituz gero, berriz, txartel merkeena ez da ordainduko.

Anonimoa deituriko beste txartel bat ere egongo da. Arruntaren eta taldeen kasuan, jabeak bakarrik erabili ahalko du txartela; baina txartel anonimoak ez du titularrik izango, beraz, edonork erabil dezake. Lehen erabilera tarteari dagokion deskontua izango dute txartel horren erabiltzaileek, hau da, %45ekoa. Gainera, aldi berean, bidaiari baten baino gehiagoren txartela ordaintzeko balioko du; elkarrekin doazen bederatzi bidaiari arte Lurraldebusen, eta nahi adina Dbusen, Donostiako hiri barneko autobusetan. Euskotrenen kasuan, elkarrekin bidaiatzen duten pertsona batek baino gehiagok ezingo dute txartel anonimo bera erabili.

Gaueko zerbitzuak eta garraio zerbitzu bereziak erabiltzen direnean, ez da deskonturik egingo. Dena den, Mugi edo Lurraldebus txartelarekin ordainduz gero, bidaia kontagailuak kontuan hartuko ditu, aurrerago deskonturen bat egiteko.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.mugipuzkoa.com