Egunotan, badirudi krisia, kaleratzeak, murrizketak, lantegi hura itxi dute… eta tankerako hitzak eta esaldiak besterik ez direla entzuten. Kontrako adibideak ere badaude, ordea. Oiartzunen, 50. urteurrena ospatuko du bihar Tajo kooperatibak.
1963. urtean jarri zioten sorrera data enpresari, baina 1962an hasi ziren sortzaileak martxan. Errenteriarrak ziren gehienak, baina oiartzuarren bat ere bazen taldean. Francoren garaia zen, eta zailtasunak izan zituzten elkartzeko. Izan ere, 30 pertsona ziren Tajo sortzekoak, eta, hasteko, gobernadore zibilari eskatu behar izan zioten baimena, etxabe batean elkartzeko. Baimena lortuta, sortze akta 1962ko azaroan sinatu zuten, eta funtzionamendu arauak ere onartu zituzten.
Horrek balioa izateko, baina, Lan Ministeriora bidali behar izan zuten akta hori eta enpresa sortzeko eskaera. 1963ko otsailean jaso zuten baiezkoa, eta hilaren 26a hartu zuten sorreratzat.
Horrenbeste jende elkartzea arraroa bazen, are arraroagoa zen orduan kooperatiba bat sortzea. Baina sortzaileek, langile soil izan beharrean, gehiago inplikatzea erabaki zuten.
Negozio eta leku aldaketa
Lehenengo lantegia Errenteriako Gabierrota auzoan jarri zuten, garai hartako 50.000 pezeta inbertituta. Ordurako, hasierako akta hura sinatu zuten zenbait lagun ez zeuden proiektuan inplikatuta. Eta beste batzuk sekula ere ez ziren lanean hasi bertan. Gelditu zirenetatik, batzuk hasieratik hasi ziren lanean; beste batzuk, geroago. Langile batzuek urtebete ere pasatu zuten hasteko, eurek egiten zuten lana hasieran ez zelako egin beharrik. Azkenean, 25 pertsona omenduko dituzte bihar, horiek hartu dituzte-eta enpresan sortzailetzat.
Burdinarekin moldeak egiten hasi ziren. Gero, etorkizuna plastikoan zegoela ikusi zuten. Plastikoa, baina, berotu egin behar da hasieran, eta gero hoztu, eta, horretarako, erreka behar zuten ondoan. Lezora lekualdatzeko asmoa izan zuten hasieran, baina, azkenean, Oiartzunera mugitu ziren, 1968an. Ugaldetxo auzoan egon dira beti, eta Talaia industrialdean egin dituzte azken urteak. Hor jarraitzen dute egun.
Hainbat garai pasatu izan ditu enpresak ordutik, eta horietako gehienak ezagutu ditu Pio Retegik. Berrogei urte daramatza bertan lanean, eta Tajori emandakoa itzuli behar diola uste du.
Kooperatibarekin zorra
Tajon hasi zenean, 17 urte zituen Retegik, eta enpresak hamar zeramatzan martxan. Sortzaileak ezagutu zituen, eta haiek erakutsi zioten lanean. Orduan hasi zen kooperatibaren arauak eta ezaugarriak barneratzen. Historiari begiratu bat eman dio, azkar-azkar: “1966. urtean, Euskadiko Kutxarekin eta Lagun Arorekin elkartu zen Tajo. Kooperatibak zirenak elkartzen hasi ziren, denak batera funtzionatzeko. 1970-1990 hamarkadetan, enpresa handituz joan zen. 1990. urtera arte, lantegia zen Tajo, eta, gero, negozio aldaketa etorri zen. Ez zen lantegia bakarrik: beste ikuspuntu bat bilatu zitzaion. 1993an, Mondragon taldean sartu zen”.
Berrogei urte hauetan, hainbat postutan aritu da Retegi. Presidente kargua utzi berri du bost urteren ondoren, eta aurrekontuez arduratzen da gaur egun. Bere bizitza aurrera eramateko aukera izan du enpresatik kanpo ere: familia, denbora librea… Hala, Tajori zerbait zor ziola pentsatuta, 50. urteurrenak berezia izan behar zuela erabaki zuen. Biharko jaia antolatu du lankideekin, eta, urteurrenaren harira, liburu bat ere egin dute: “Euskaraz eta gaztelaniaz. Guretzat, etxean izateko modukoa, oroitzapenez betea”.
Argi du lan hori hartu behar zuela. “Orain egiten ez bagenuen, noiz?”, galdetu du. Izan ere, sortzaileak ere helduak dira, eta bestela enpresaren historia galdu egingo litzatekeela dio. Helburua argi du: “Sortzaileen meritua aitortzea, eta enpresarekin dudan zorra, hein batean, kitatzea”.
Enpresa motaren onurak
Gainera, kooperatiba ereduaren onurak nabarmendu ditu. Argi du enpresa eredu egokiena hori dela, eta beren izaera onera aldatu dela pentsatzen du, “gizarteak aurrera egin duen eran; bereziki, eskubide aldetik”. Langileak inplikatu egiten direla gogorarazi du, langile izatetik pauso bat harago pasatzen direla, eta bakoitzaren botoak pisu bera duela.
Horrek ez du esan nahi Tajon dena “perfektua” izan denik eta garai txarrik ez denik izan. Retegik gogora ekarri du, esate baterako, duela hiru urte “krisi famatua” nabaritzen hasi zirela bertan ere, eta murrizketak eta aldaketak egin behar izan dituztela. Baina “ez da beste enpresetan bezainbeste nabaritzen”. Datu bat gogorarazi du ildo horretan: “Gainontzeko enpresetan, %5 inguruk irauten du urte luzez; kooperatiben kasuan, kopuru hori %80ra igotzen da”.
Garaiak garai, egun, 117 langile ditu Tajok. Baina bertatik, 446 bazkide pasatu dira urte hauetan guztietan. Horrez gain, lantegiak ere badituzte kanpoan: Guadalajaran (Espainia), Txekian eta Polonian. Guztira, beraz, “350 familia bizi dira Tajori esker”.
Hori “oso garrantzitsua da” Retegirentzat: “Ni harro nago kooperatiba honen parte izateagatik. Hasierakoak eredu izan dira”. Tajoren helburua argi du: “Lanpostuak sortzen jarraitzea eta lanpostu horiek kalitatezkoak izatea”. Urteurrena ospatu, eta datorrenerako martxan hasiko dira bihar. nvega@hitza.info