“Emaitzak onak dira”. Urtarrileko bisitarien datuak aztertu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo arduradunek, eta urteari begira iragarpen “baikorrak” egiten hasi direla azaldu dute. “Turismoak pozak emango ditu, eta lanpostuak eta aberastasuna lortzen lagunduko du”, adierazi du Turismo diputatu Jon Peli Uriguenek aste honetan. Gipuzkoako Batzar Nagusietako Berrikuntza, Nekazaritza Garapen eta Turismo Batzordearen aurrean eman ditu argibideak, PSE-EEko eledun Rafaela Romerok egindako galdera bati erantzunez. Eustaten datuak hartu ditu ahotan Uriguenek, eta eguraldia oso kaskarra izan bada ere, Gipuzkoan bisitarien beherakada oso txikia izan dela azaldu du: %0,6koa. Araban eta Bizkaian, aldiz, handiagoa izan dela nabarmendu du: %15,8 eta %6,4koa, hain zuzen ere. Nolanahi ere, turismo arloa sustatzeko neurriak bultzatzen jarraituko dutela esan du, Gipuzkoako barne produktu gordinaren %7,2k hortxe baitu jatorria.
“Desoreka” hizpide
Uriguenek nabarmendu du, hala ere, arazo bat badela Gipuzkoan turismoa sustatzeko orduan; hain zuzen ere, azaldu du jende asko erakartzen duten zenbait ekintza herrialdetik kanpo egiten direla eta “desoreka” dakarrela horrek beste lurraldeekiko. “Horrek garrantzi handia du. Gure baliabideak kutxa bateratu batera doaz, eta horrek oreka eskatzen du. Guri iruditzen zaigu Gipuzkoa kaltetua dela”, adierazi du. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzako Turismo arduradun berriekin harremanetan ari direla azaldu du, eta elkarlanak fruitua ematea espero dutela.