“Errealitatea itxuragabetuta erakusten dute komunikabideek”

Egunero zerbait berria ikasi nahi nuen, jende gehiago ezagutu… Asko erakartzen ninduen beste mundu bat esploratzeak”. Duela bi urte, esperientzia berri horien bila abiatzeko garaia iritsi zela pentsatu zuen Koldo Aizpuruak (Azkoitia, 1987); jaioterria utzi, eta Brasilera joan zen bizitzera, Bahiako Ilheus hirira. Hara iritsi, eta bere negozioa ireki zuen: Km 1 izeneko jatetxea. “Hondartzan bertan dagoen paradisu txiki bat da”. Gaur egun, hainbat ekitaldi antolatzen ditu bertan; batez ere, musika emanaldiak.

Brasilgo egunerokoan barneratuta, ezinezkoa egiten zaio ohiko egun bat deskribatzea. “Egun guztiak desberdinak eta bereziak dira; ez daukat inolako errutinarik. Horixe da bizimodu honen xarma”. Jatetxeko emanaldietarako kontaktuak, jendea… bilatzen aritzen da. Horrek guztiak gauza berriak ikasteko aukera ematen dio. “Horrek gero eta interes handiagoa pizten dit”.

Horrez gain, oso paraje ederra aurkitu zuen Aizpuruak Ilheusen, hondartza “zoragarri” askorekin. “Kapital turistikoa” ere bada, baina, batez ere, goi denboraldian. Gainerako garaietan, nahiko leku lasaia da. “Hemengo bizimoduari hondartza eta eguraldi bikaina gehitzen badizkiogu, nire oroimenerako garai oso onak geratuko zaizkit, beti gogoratuko ditudanak”.

Halere, leku guztiek bezala, bere alde txarrak ere baditu. “Nahiko ingurune pobrea” dela aitortu du. “Hemengo errealitatea gogorra da; biolentzia handia dago, baita hildakoak ere”. Harentzat harrigarria izan zen. “Ezin da hitzez azaldu; hemengo errealitatea ulertu eta ezagutu nahi bada, hona etorri behar da. Ikusi egin behar den gauza bat da, Euskal Herriaren aldean, guztiz desberdina”. Pobrezia eta biolentziaz gain, diskriminazio soziala, arrazismoa eta matxismo “izugarria” ere aipatu ditu. “Dena den, horiek Ilheuseko errealitatea dira. Brasil oso handia da, eta egoera asko aldatzen da leku batetik bestera”.

Egoera ekonomikoak ere zuzenean eragiten du pobrezian; krisi ekonomikoaren eragina gero eta “nabariagoa” omen da. “Hemengo errealitatea itxuragabetuta erakusten dute komunikabideek. Euskal Herrira iristen den mezua da Brasil gero eta hobeto dagoela, ekonomia gora eta gora doala”. Baina ikuspegi hori ez dator bat Aizpuruak Brasilen ikusi duenarekin. “Kakaoaren ekoizpenean eragin sakona izan du krisiak”. Izan ere, kakaoaren balioa asko jaitsi omen da, eta elikagai hori ekoiztetik bizi dira ingurune hartako fazenda (baserri) gehienak. Langabeziak ere nabarmen gora egin duela azaldu du. Kalean ere antzematen dira krisiaren ondorioak: “Egun, tabernetan jende gutxiago ikusten da; jendeak gutxiago gastatzen du”.

Bitxikeria, aireportuan

Hainbat bitxikeria ere izan ditu Brasilen. Batez ere, hango aireportu batean izandako pasarte bat gogoratzen du. Orain dela hilabete batzuk, Azkoitian izan zen; familiarekin eta lagunekin egoteko gogoa zuen, eta haiek bere neska-laguna ezagutzea nahi zuen. “Brasilen legez egoteko epea gainditua nuen, eta herrialdetik ateratzean, esan zidaten itzultzen nintzenean isuna ordaindu beharko nuela”. Iritsi zen berriz Brasilen sartzeko eguna. “Ni etorkinen ilaran nengoen, eta neska-laguna brasildarra denez, beste ilara batean zegoen. Bat-batean, bururatu zitzaidan esatea biok ezkonduta geundela. Hori horrela bazen, ni ere brasildarra nintzela erantzun zidaten poliziek”. Horri esker, ez zuen isunik ordaindu behar izan. “500 euro aurreztu nituen”.

Brasilera sartzeko zenbait atzerritarrek arazoak izan dituzten arren, berak eta bere ingurukoek ez dute inoiz oztoporik izan. Dena den, herrialde horretara joatekoak direnei aholku bat eman nahi die: “Etorri baino lehen, ondo informatu behar da nora joan behar duten; jakin behar da zein toki diren seguruak eta zein ez. Beti norbaitekin etortzea komeni da, edo, bestela, bertan kontakturen bat edo gidariren bat izatea”.

Orain, oso gustura dago Aizpurua Brasilen, eta etorkizunean ez du askorik pentsatzen; oraindik asko du ikusteko eta ikasteko. “Orain, hemen nago, eta aukera hori baliatu nahi dut”. Argi du herrialde horretan “esperientzia handia” irabazi duela. “Gainera, neska-laguna ezagutu dut; asko laguntzen dit, eta nire konfiantzazko laguna da hemen”. Halere, aitortu du bere “benetako” familia eta lagunak Euskal Herrian daudela. “Alde horretatik, ez dut neure burua hemen zahartzen ikusten”. Izan ere, Brasilen ongi bizi den arren, Azkoitiko familia eta lagunak gogoan ditu, eta horien falta sumatzen du.