Espeziearen onerako

Estatu Batuetako bigarren hezkuntzako irakasleen %60 ez daude ados eskoletan eboluzioaren teoria ematearekin. Eztarritik gora bihotzerrea eragiten zidan esaldia da. Papertxo batean dut idatzia, ordenagailuko letra lodiz, eta beti txamarrako poltsikoan daramat. Lehengoan papertxoa busti egin zitzaidan, eta bi plastiko xafla mehe artean ipintzera eraman nuen papertegi batera. Hiru euro kobratu zidaten. Baina berdin dio. Papertxo hau beharrezkoa dut. Zertarako? Mila gauzatarako.

Goizean autoa hartzera noala gurpila zulatuta ikusten dudala? Papertxoa irakurri, eta amorruaren amorruz, pare bat minutuan aldatzen dut gurpila. Trenak alde egingo didala? Papertxoa irakurri, adrenalina zorrotada bat nire odolera isuri eta pausoa azkartuz, puntu-puntuan iristen naiz trenera. Ikusten duzuenez, oso erabilgarria da papertxoa.

Tibeten saltoka eta elkarri ilea zeroan mozten dabiltzan apaiz arraro horiek diotenez: amorrua beharrezkoa omen da, baina jakin egin behar da noiz erabili. Apaiz laranja horiek urteak ematen dituzte amorrua kontrolpean edukitzeko ariketak egiten, eta soilik behar dutenean ateratzen omen dute. Nik ere lortu dut hori, eta inongo meditazio sakonik gabe, papertxo batekin soilik… agian aholkuren bat eman beharko nieke apaiz tibetarrei.

Izan ere, ez da broma nire papertxo maiteak ipintzen duena. Beldurra ere ematen dit 2013an oraindik eboluzioaren teoria zalantzan ipintzen duen irakasle portzentaje handi bat dagoela pentsatzeak. Arrazoia argi dago: erlijioarekin topo egin dugu. Nonbait, ez dago elkarbizitzarik Biblia izeneko liburu hark bizidunetaz dioenaren eta Darwin handiak eta osteko ehunka ikerketek behin eta berriz diotenaren artean. Bata edo bestea. Aukera egin behar al dugu? Bikain!

Nik 10 urterekin eboluzioaren teoria aukeratu nuen, eta asmatu egin dut! Zergatik? Frogak daudelako, eta kitto! Gaur egun, eboluzioaren teoria egia dela esaten duten milioika froga daude, eta hori ukatzen duena egia ikusgai bat ukatzen ari da. Noizbait, liburu batean, autore ezezagun batek orain mila urte beste zerbait idatzi zuela? Hori sinistu nahi badute, sinets dezatela beraien kotoizko lainoez osatutako zeru urdinetan. Guk gure lokaztutako lurrean jarraituko dugu.

Benetan tristea da biologo fededun sutsuak ikustea, argitalpen ugariko eta maila handiko biologoak beraiek, baina… igandero elizara doaz. Entzutera, soilik entzun eta sinestera. Pertsona horiek artikulu bat argitaratu behar badute, beraien ondorio eta kalkulu oro zerbaitetan oinarrituz izaten da; esaten duten esaldi bakoitza aurrez beste biologo batek burututako ikerketen ondorio da, ikerketak eta berauen argitalpenak begi kritiko askok irakurriko dituzte; ez bazaude seguru diozunaz, ez ezazu esan!

Pertsona horiek berek, hurrengo igandean, elizara joango dira. Pulpitotik aho betean ari den gizon haren hitza entzutera, inongo ondorio eta ikerketa beharrik gabe. Dena sinesten dute.

Lurzoruko estratuetan barrena bidaiatzeko gai gara, espezie baten milioika urtetako itxuraren eraldaketa ikusiz. Hasierako espeziea nola, noiz eta zergatik desagertu den eta zein espezie berritan eboluzionatu den antzematea ez da zirraragarria? Ez da froga argia bizidunak eraldatuz doazela milioika urtetan? Zer froga gehiago behar dute Estatu Batuetako irakasleen %60k?

Estatu Batuetan ba omen da eboluzioaren teoria bertan behera uzten duen museo bat. Kentuckyko Kreazionismoaren Museoa. Museo famatu horretan, Noeren txintxorroaren maketa bat dago, eta oso ongi azaltzen omen du nola bizardun batek mundu guztiko animalien bikote bana sartu zuen bertara, Jainkoak xirimiri unibertsala gainera bota aurretik: bi elefante, bi zaldi, bi behi, bi arkakuso, bi azkonar, bi zizare… animalia urtarrak ez zituen sartuko, noski. Baina dena itsasoak hartu bazuen, ur gezako animaliak ezingo ziren bizi; Noek arrainontzi erraldoiak beharko zituen txintxorroan, ezta?

Museo horretan, dinosauroak eta gizakiak elkarrekin bizitzen agertzen dira; Homo sapiens-ak idi baten moduan erabiltzen ditu Brontosauroak! Gogoratzen zarete Harriketarrak marrazkietaz? Mezu subliminala? Bibliak dinosauroetaz zerbait aipatzen du?

Zorakeriak zorakeria, nik badakit noizbait balea urdina lau hankan ibiltzen zen animalia bat zela. Badakit baita ere dinosauroen talde batek hegan egiten ikasi zuela eta hegaztiak bertatik sortu zirela. Badakit gizakiaren jatorria sabana batean bi hankan ibiltzen ikasi zuen tximino arraro batean dagoela eta ez ginela ehiztari osasuntsu eta perfektuak; sarraskijale-frutajale gosepasatu batetik gatozela! Ez dakidan gauza bakarra da hemendik milioika urtera Homo sapiens-a zer izango ote den… Biblian begiratu behar ote dut? Gora Darwin eta darwindarrak!