Indarkeria saihesteko lantegi bat egingo dute kartzelan

Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak Martuteneko espetxearekin lankidetza proiektu bat du martxan. Helburua emakume presoek garapen pertsonal nahiz sozialean dituzten urritasunak gutxitzea da. Prestakuntza saioak praktikoak dira gehienbat, eta hiru lantegi daude: masaje eta gorputz kontzientziako lantegia, garapen pertsonaleko lantegia eta osasun eta sexualitate lantegia. “Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lantzea denez gure helburu nagusia, bai gizon bai emakumeekin indarkeria sexistak eragozteko lantegi bat egingo dugu aurten. Norberaren zaintza edo autodefentsari buruzkoa izango da emakumeen kasuan”, adierazi du Naiara Sampedro Berdintasun zinegotziak.