“Korrika aurrera ateratzen dutenak eskualdeetako arduradunak dira”

Euskara irakaslea da Xabi Artola Malangre (1976, Donostia) ogibidez, AEKn. Korrikak, bi urtean behin euskaltzaleen topagune den ekitaldi erraldoi horrek, bestelako egiteko batzuetara eraman du igaro aste eta hilabeteotan: Korrikaren Gipuzkoako arduraduna da. Orain bi urte ere jardun zuen ardura horretan, eta lasterketaren barrunbeak ondo ezagutzen ditu. Miresmenez mintzo da, herriz herri, euskaltegiz euskaltegi Korrika antolatzen aritzen diren lankideei buruz.

Sartu eta irten ibiliko da Korrika Gipuzkoan. Martxoaren 14an izango da hasiera, Andoainen. Zergatik hautatu duzue aurten abiapuntu hori? Martin Ugalde kultur parkeari eman nahi izan diogu, batez ere, garrantzia, euskal hiztunoi zenbat ematen digun gogoan hartuta. Aurten, gainera, hamar urte bete dira Egunkaria itxi zutela… Nolanahi ere, parkean enpresa gehiago ere badira, eta oso-osorik hartu nahi izan dugu.

Zein leku esanguratsu gehiago izango ditu herrialdean lasterketak?

Hori esatea oso zaila da, tokian tokian leku esanguratsu asko baitaude. Nolanahi ere, izango dira hainbat kilometro esanguratsu; Donostian, esate baterako, Joxemi Zumalabe eta Txillardegi omenduko ditugu.

Gipuzkoan, eskualdez eskualde, trinko eratutako sarea du Korrikak?

Eskualde gehienetan, euskaltegiak badira; Deba-Itziar eta Mutriku eta Urola Garaia geratzen dira gabe. Horietara iristea zailagoa egiten zaigu, baina beti izaten da jendea prest laguntzeko; inolako kexarik ez dugu. Gainerakoan, eskualde gehienetan, Korrikaren arduradunak badira; zailena izaten da arduradun horiek topatzea. Korrika ez dagoen urtean, normalean jende hori irakasle ibiltzen da, eta Korrika dagoen urtean, bi lanak uztartu behar izaten dira, eta ez da batere samurra. Eskualde zenbaitetan, batez ere, ardurapean herri asko dituzten horietan, lan handia izaten dute. Benetan Korrika aurrera ateratzen dutenak eskualdeetako arduradun guztiak dira, eta herri batzordeak… Askotan, AEKrekin zerikusi zuzena ez duen jendea da; benetako altxorra da.

Zein egiteko izaten dituzte eskualdeetako arduradun horiek?

Aurrenengo lana izaten da herri batzordeak eratzea; eratu, eragileak bildu eta Korrikaren nazio batzordetik datorren informazio guztia helaraztea batzorde horietan: dela Korrika Kulturala, kartelei buruzkoak, ibilbidearen gainekoak… Nik zubi lana egiten dut, eta eskualdeetako arduradunak dira, benetan, lan hori egiten dutenak. Kilometroen salmenta, Korrika Kulturala, Korrikalagunak erakartzeko kanpaina… Dena egiten dute. Jakina, eskualde bakoitzak izango du plangintza bat horretarako. Azkenean, herriak egiten du Korrika.

Zenbat lagun ari zarete aurten?

Oso zaila da esatea. Hamabi eskualde gara, eta bakoitzean arduradun bat; horrez gain, materiala eskuratzen ari den pertsona bat, eta neu. Beraz, hamalau lagun bagara orain garai honetan behintzat, ia buru-belarri horretan. Euskaltegietan, 140 langile inguru gara, eta horiek ere, militantziaz, nahitaez, ordu horiek kontuan hartu gabe, hor dihardute… Horrez gain, herri batzordeetan ari den jende guztia gehitu behar da. Andoainen, esaterako, jende pila batek eman du izena herri batzordean. Oso pozik gaude.

Ikasleekin lantzen duzue Korrika?

Modu askotan egiten da. Esaterako, Korrikaren aurkezpena egiten denean, ekartzen da aurkezpen hori euskaltegietara. Ariketa bereziak ere prestatzen dira Korrikaren inguruan, eta horiek lantzean, beti aprobetxatzen dugu Korrikaren gainean aritu, giroa berotu, eta jendea giharrak luzatzen hasteko… Jakina, Korrikaren egunean, aste barruan bada, ikasleak klasetik ateratzen dira, denak Korrikara joateko.