Lasterketaren makinistak

“Eromena da!”. Borja Arbelaitz (1976, Errenteria) Oarsoaldeko AEK-ko arduraduna da. Korrika askoren antolaketan parte hartzea egokitu zaio, eta lasterketaren atariko hilabeteak euskaltegian zurrunbilo bat izaten direla dio. “Batez ere, bigarren hiruhilekotik aurrera, lana asko ugaritzen da; sukalde eta prestaketa lan handia eskatzen du”. AEK-ko langileek beren gain hartu behar izaten dute antolaketa horren arduraren zati handi bat, eta lan gaitza izaten da, euskaltegiko martxa ezin izaten baitute eten. Irungo euskaltegian dihardu Idoia Genua Alzurik irakasle (1966, Irun), eta Enara Zubeldia Zabalarekin batera, Irungo AEK-ko Bidasoaldeko arduraduna da. “Bada ikasle tipologia bat lan dinamika handia eskatzen duena; askok, esate baterako, titulu bat eskuratzea izaten dute helburu, eta ezin da lan erritmoa geratu”. Hartara, Korrika antolatzea lan “erantsia” izaten da AEK-ko langile gehienentzat. “Gustura aritzen gara, lan giroa ere halakoa delako”. Baina badira zailtasunak eta buruhausteak, nahi baino gehiagotan: “Zenbaitetan, ez gara denera iristen”.

Zailtasun horien berri badu Iban Balerdik (1976, Beasain). Tolosaldeko AEK-ko arduraduna da, eta Andoaingo euskaltegian dihardu. Aurten, bertatik abiatuko da lasterketa, eta ohiko lanaz gain, beste hainbat egiteko gehitu zaizkiela dio. “Aurten, akaso, ardura sentitzen dugu apartekoa. Baina ilusioa ere bai; polita da Korrika Andoaindik abiatzea”. Oihartzun handia izan du albisteak herrian, eta aurreko urteetan baino jende gehiago gerturatu zaie lasterketa antolatzen laguntzera. “Jende asko hurbildu da Korrikaren herri batzordera, eta gustua ematen du horrek… Hor banatu den lan guztiaren ardura gure bizkar legoke bestela”, azaldu du. Inguruko hainbat talderen babesa ere eskertu nahi du Arbelaitzek: “Zenbaitek izugarri laguntzen digute”.

Herriz herri antolatzen diren herri batzordeei esker laguntza badute ere, lanik ez zaie falta egunotan AEK-ko langileei. Aste eta jai dihardute. “Esaterako, ikasleak animatzen ditugu Korrikaren inguruan antolatzen diren ekitaldietara; mus txapelketak egin dira, eta jinkana bat ere bai… Asteburuetan izaten dira ekintza horiek; izan daitezke larunbat goizean edo arratsaldean, eta ez ditugu, ba, bakarrik utziko ikasleak”, azaldu du Balerdik. Hartara, agenda bete-bete eginda dute.

Eguneroko egitekoez gain, lan asko hartu behar izaten dituzte beren gain: Korrika Kulturalaren ingurukoak antolatzea, Korrika lagunak eta Korrika laguntzaileak erakartzea, inguruko ikastetxeekin elkarlanean Korrika txikiak antolatzea… Horiez gain, herritik lasterketa igarotzen den unerako ongietorria txukun-txukun prestatu nahi izaten dute. “Nekatu egiten du, baina erantzukizun baten gisara hartzen dugu”, esplikatu du Arbelaitzek.

Ikasleekin

Ikasleen artean ere saiatzen dira Korrikarekiko atxikimendua zabaltzen. “Ikasleen tipologiaren arabera, asko aldatzen da hori”, esplikatu du Genuak. “Nik, esaterako, badut ikasle talde bat ia hutsetik abiatutakoa… 60 urte inguru dituzte”. Aparteko presio akademikorik gabe ari dira horiek euskara ikasten, eta errazagoa da horiekin eskolako ohiko martxa urratu, eta Korrikara hurbiltzea. “Eskola orduan kartelak prestatzen lagundu zidaten lehengo batean; hartara, euskaraz mintzatu ziren, eta klaseko giroa piztu genuen”. Beste zenbait talderekin zailagoak izaten dira horrelako jarduerak. Baina saiatzen dira Korrika ikasgelan ia beti presente egon dadin. “Ikasleek ere Korrika barrutik bizi dezaten nahi dugu”, azaldu du Arbelaitzek.

Buruko minak ugariak badira ere, oraindik Korrika herritik igarotzen deneko “emozioa” ez duela galdu dio Arbelaitzek. Balerdik ere indarrik ez zaiela falta argi du: “Gero hartuko dugu atseden, Aste Santuko oporretan”. Eta Korrika segituko dute amaiera arte. Genua: “Irunen ongietorria egin, eta biharamunean, Baionara!”