Piano hotsen asteburua

Piano lehiaketa

Donostia

Mundu osoko pianisten topagunea izango da asteburu honetan Donostia: Donostia Hiria XVIII. Nazioarteko Piano Lehiaketa egingo da gaur, bihar eta etzi. Adin ia guztietako ikasleen topalekua da Donostia Kulturak antolatzen duen lehiaketa hau; umeenak 8-12 urte arteko kategoriak aritzen dira, eta 26 urte arteko ikasleentzako mailak badira. Saioak irekiak izango dira, eta Viktoria Eugenia antzokian eta Antzoki Zaharrean ariko dira. Horietara joateko gonbidapenak eskuratu beharko dira aurretik antzokietako leihatiletan. Donostia Kulturak lehiaketa hau antolatu du, eta Musikeneren, Francisco Escudero kontserbatorioaren eta Udal Musika eta Dantza Eskolaren aholkularitza izan du.

Lehian, 134 pianista ariko dira; mundu osoko interprete gazteak dira. Badira, besteak beste, Malasia, Suitza, Estonia, Portugal, Errusia eta Brasildik etorritakoak. Baita, jakina, Euskal Herriko ikasleak ere, hainbat musika eskolatako neska-mutilak.

Lehiaketako sariak igande goizean banatuko dituzte, Viktoria Eugenia antzokian, 10:30ean hasiko den ekitaldi batean. Sari banaketaren ondoren kontzertu bat emango dute lehian gailendu diren hainbat interpretek.

Euskal konpositoreekin

Aurten, aparteko bereizgarri bat erantsi diote lehiaketari, lehiakideek aukera izango baitute euskal sortzaileek idatzitako obrak interpretatzeko. Kategoria guztietan izango da aukera hori, eta euskal konpositoreen partiturak ondoen interpretatzen dituzten lehiakideentzat aparteko sari bereziak izango dira. Hartara, euskal musika ezagutarazi nahi dute lehiakideen artean. Musika garaikideko bi euskal musikari ezagunen obrak hautatu dituzte: hain zuzen ere, Gabriel Erkoreka eta Felix Ibarrondorenak. Bi konpositoreak lehiaketa amaierako kontzertuan izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.