‘Poza’, edertasunaren bila

Zulorik sakonenean argi izpia bezala egoerarik makurrenean ere irribarre bat topa daitekeela ondorioztatu du Metrokoadroka kolektiboak, eta, hortik abiatuta, antzezlan bat estreinatuko du datorren ostiralean —20:30ean— eta larunbatean —20:00etan—, Donostiako Lugaritz kultur etxean: Poza. Zergatik dantzatzen dute bosniarrek?. Lan hori edertasunaren bilaketaren emaitza izan da, eta, zehazki, poza landu nahi izan dutela azaldu dute proiektuaren sortzaile Oier Guillanek eta Idoia Beratarbidek. Errenteriarra da bat, oiartzuarra bestea. Taula gainean agertzen dira biak.

Errenteria bisitatu zuten hainbat lagun bosniarrek piztu zuten proiektuaren atzean daudenen harra, eta, era berean, haiek eman diote izena antzezlanari. Oier Guillanen arabera, irudi batetik abiatu zen dena. Afari bat egin zuten zenbait lagun bosniarrekin, eta parranda batean bukatu zuten. Irudia hau zen: jendea dantzatzen, kantatzen, mahaira igota… Guillanek gogoan du “sekulako talka” izan zela, pertsona horiek beste testuinguru batean ezagutu zituztelako, eta garai horretan kontatu zizkieten istorio zenbaitek asko hunkitu zituztelako. “Ikusten duzunean pertsona hori bera gero bizitza ospatzen modu horretan, esaten duzu: ‘Ni zertan ari naiz eguneroko bizitzan’?”.

Horrek edertasunaren eta pozaren oinarrian zer dagoen pentsarazi zien, eta horrekin zerikusia zuten zenbait testu topatu zituzten. Horietako bat esanguratsua egin zitzaion Guillani, Eusebio Calongeren liburu batekoa: “‘Edertasunak itxaropena sortzen du, eta horregatik da arriskutsua, eta horregatik izaten da erasoa'”. Ideia horretan sakontzen hasi ziren. “Gure alderik ilunenera joan gara, eta hor ere edertasuna topatu dugu, eta horrek sortzen digu itxaropena. Dena desastre bat denean gogoratzen dizu zergatik ari zaren borrokatzen”, adierazi du Guillanek.

Testuetatik inprobisaziora

Kontzeptu hori oinarri hartuta, Guillanek berak zenbait testu idatzi zituen, eta horiek lantaldera eraman zituen. Testu horiek bakoitzari zein irudi iradokitzen zizkioten landu zuten lehenbizi, eta, gero, irudi horiek antzezten eta inprobisatzen hasi ziren. Proiektuan arte diziplina askotako lagunek parte hartu dutenez —pinturan, Beratarbide; musikan, Ander Fernandez; poesia eta literaturan, Guillan eta Asier Sarasola; antzerkian, Jabi Barandiaran—, bakoitzak bere dizi- plinaren araberako ekarpenak egin dituela azaldu du Beratarbidek.

Urteak daramatzate Metrokoadroka kolektiboko zenbait kidek arte diziplinak eszenan nola bat egin dezaketen ikertzen, eta antzerkia elkargune aproposa izan daitekeela bururatu zitzaien. Alde horretatik, arte diziplina jakin batean iaioa denak bere espezializatearekin lotutako ekarpena egin arren, “denek denetik” egin behar izan dutela gaineratu du Beratarbidek: “Nik, esaterako, marraztu eta antzezteaz gain, musika ere jotzen dut”. Bere espezializatea izan ez arren, ez dagoela urduri azaldu du Beratarbidek, orain arte hainbat entsegu egin baitituzte, irekiak, gainera, eta jendearen feed back-a lortu dute. Azkena, Leioako Kultur Maratilan egindako aurrestreinaldia izan zen, Bizkaian. Lugaritzeko testuingurua antzekoa izango delakoan dago.

Artisten sarea

Talde lanean egin dute Poza, baina ez da bakarra izan, Metrokoadrokak bospasei lan aurkeztu baititu 2008tik. Urte batzuk lehenago hasi ziren askotariko diziplinetako zenbat lagun elkarlanean —gehienak Oarsoaldekoak—, eta urte horretan bertan estreinatu zuten Metro koadro bat lanetik bururatu zitzaien kolektiboa formalizatzea eta izen bat jartzea. “Ikuskizun horretako protagonistak metro koadro batean bizitzea erabakitzen zuen, eta, mundua desastre bat dela ikusita, bere mundu perfektua eraikitzea. Kontzeptu hori kontuan hartuta eman genion izena”, gogora ekarri du Guillanek. Helburua harreman artistiko eta pertsonalen bitartez proiektuak egin ahal izatea dela esan du: “Nahiko eragozpen eta azpiegitura arazo izaten dira beste edozein proiektu aurrera ateratzeko gaur egun. Sare bat sortuta, askoz ere egingarriagoa dela uste dugu”.