Arrazakeria eta murrizketak salatuko dituzte igandean

Hamaseigarren urtez, behin ere hutsik egin gabe. Aurten ere gogotsu egingo dute Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Martxa, igande honetan. 11:30ean aterako dira Trintxerpeko merkatuaren paretik eta 13:00 aldera espero dute iristea Donostiako Bulebarrera. Oinarrian aldarrikapenak baditu ere, festa giroan egiten da martxa. Agustin Unzurrunzaga (Bergara, 1947), SOS Arrazakeriako kideak hala nabarmendu du: “Martxoaren 21a Arrazakeria eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta egun horren inguruan egiten dugu urtero martxa; gutxi gorabehera, 700 bat lagun inguru elkartzen gara; ea aurten ere datu horiek lortzen ditugun”. 63 elkartek eta sindikatuk bat egin dute martxarako deiarekin.

Aurten ere, Donostiako Usandizaga Institutuko Publizitate Grafikoko Goi Zikloko ikasleek egin dute komunikazio kanpaina. Oraingoan aukeratutako leloa Likidaziorik ez izan da. Merkealdiko irudia eta gizarte arloko murrizketak salatzeko mezua lotzeko aukeratu duten ideia da. “Oro har arrazakeria eta xenofobiaren aurkako martxa bada ere, saiatzen gara gaur-gaurko gai edo egoera bat nabarmentzen; aurten krisia, nola ez. Argi eta garbi adierazi nahi dugu guztioi eragiten digula krisiak, eta irtenbideak guztion artean eta guztiontzat aurkitu behar ditugula. Kontuan izan behar dugu, gainera, murrizketa eta krisi garai honetan, alor guztietan etorkinak beti, koska bat beherago bizi direla”, azaldu du Unzurrunzagak.

Lan munduari dagokionez, Gipuzkoan oro har ordezkapen fenomenorik ez dela gertatu dio, eta horrek lehentasun nazionalaren ideia saihestu duela. “Sobera daude; lanik ez badago, doazela beren herrira eta horrelako ideiak jasotzen ditugu oraindik, baina oso modu bakanean; zorionez, sindikatuen mezua ere batasunaren aldekoa da, denok egin dugu lan lana egon denean, eta guztioi eragin digute orain krisiak eta murrizketek”, esan du.

Erabateko integrazio soziala lortzeko asko falta da oraindik: “Ikerketen arabera, euskaldunok uste dugu kanpotik datorrenak egin behar duela integratzeko ahalegina, baina hori uste okerra da. Gizarteak oztopoak jartzen baditu, ezinezkoa izango da etorkinak gizartean integratzea”.

Datuak datu, zorionez, eguneroko bizitzan euskaldun eta etorkinen elkarbizitza ona da, haren ustez. Igandeko martxa ere elkarbizitza horren isla izatea nahi du.