Aingeru Senperena da txapelketan parte hartzen duen beste pilotari bat, Bidania-Goiazkoa. 20 urte ditu. Txikitatik du elbarritasunak eragiten dituen zailtasunen berri. Bizkarrezur bifidoarekin jaio zen, eta, beraz, ezin ditu hankak erabili. Orain urtebete hasi zen pilotan. “Eskolatik jakin nuen honen berri. Laguntzaile batek galdetu zidan ea kirola egiten nuen, Usurbilen pilotan jokatzeko aukera zegoela-eta. Behin ikustera etorri nintzen, gustatu, eta horrelaxe hasi nintzen”.
Lehendik ere badu kirola egiteko ohitura; handbike egiten ere aritzen da, eta onura ugari ikusten dizkie, oro har, ariketa fisikoarekin lotutako jardunbideei. “Kirolak ez du kalterik egiten; pisua zaintzen laguntzen du, gainera”, eman du aditzera.
Txapelketan parte hartzeko aukera izatea motibaziorako ona dela dio Senperenak. Nolanahi ere, lehiarik gabe ere ariketa fisikoa elbarrien artean sustatu egin behar dela dio. Kirola egiteko zein zailtasun klase dituzten ondo aztertu, eta bakoitzak horiek aintzakotzat hartuta ebatzi behar du zer-nolako kirol jarduera aukeratzen duen. Izan ere, zailtasunak badira: “Laguntza gutxi daude, azpiegitura batzuk ez daude egokituta, eta laguntzaileen beharra izaten duzu, baina ez dira beti egoten”. Horregatik iruditzen zaio garrantzitsua kirolaren aukera ona egitea: “Begiratu egin behar da zer egin dezakezun eta zer ez”. Berak, oraingoz, pilota gogoko du, eta lehiaketan ere buru-belarri murgildu da.