“Kirola ona da hitz egiteko, lagunekin egoteko, denerako”

Hilario Olano da txapelketan parte hartzen duen pilotarietako bat. Alegiakoa da. 41 urte ditu. Orain hiru urte hasi zen pilotan: “Banekien beste batzuk etortzen zirela frontoira, eta animatu egiten ninduten. Baina nire lesioarekin palan aritzea zaila ikusten nuen”. Moto istripu batean ornoak hautsi zitzaizkion: “Nire lesio oso altua da, hau da, lesioa gero eta gorago izan, zailagoa da gorputzaren orekari eustea. Pixka bat makurtzen banaiz, erori egiten naiz; ez ditut abdominalak, trizeps giharrek ez dute funtzionatzen…”. Egun batean frontoira azaldu zen, eta asko gustatu zitzaion pilotan aritzea. “Hasieran denak kale egiten nituen, eta orain, pixkanaka hobeto ibiltzea da asmoa”. Beste kirol batzuk ere egiten ditu Olanok: “Handbike egiten dut, hau da, bi eskuekin batera pedal moduko bati eraginez bizikleta mugitzen da. Horretan zortzi urtean aritu naiz. Lasterketetan ibiltzen naiz, eta, esaterako, Behobia-Donostia lasterketa sei aldiz egin dut. Orain, negualdean, gutxiago aritzen naiz”. Elbarriek kirola egiteko aukerak badituztela dio Olanok: “Frontoian, esaterako, aulki bereziak erabiltzeko aukera dugu; zailagoa da zure kabuz lortu behar baduzu materiala”. Kirola egitea “oso garrantzitsua” dela dio: “Parranda ere egiten dugu, baina kirola egin beharra daukagu; egun guztian eserita gaude, eta, beraz, pixa egiteko, kaka egiteko eta gauza guztietarako kirola egiteak lagundu egiten du”. Eserita egonez gero, hainbat gihar ez direla erabiltzen gaineratu du: “Kirolak gorputza martxan jartzen du; gainera, izerditu egiten gara, eta hori ona da, bestela, gizendu egiten gara eta”. Psikologikoki ere garrantzitsua ikusten du: “Lesioren bat izan duen jende gaztea animatu egin behar da kirola egitera, errazena etxean geratzea baita, ordenagailuaren aurrean egotea. Kirola oso ona da lagunekin egoteko, hitz egiteko, denerako…”.