Elbarritasuna ez dela oztopo frontoian kirola egiteko erakusten dute astero zortzi pilotarik. Zubietako pilotalekuan elkartzen dira palan jokatzeko. Entrenamendu saioak ez ezik, txapelketa egitera ere animatu dira, eta abian jarri dute, aurten bigarren aldiz, aulki gurpildunean diharduten pilotarien Gipuzkoako Pilota Txapelketa. Gipuzkoako Pilota Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak hartu dute beren gain antolaketa. Jurgi Olasagasti aritzen da entrenatzaile lanak egiten pilotari taldearekin. “Hasieran, ariketaren asmoa aisialdiaren eta osasunaren ikuspegitik abiatu zen, beraien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz”, azaldu du. “Baina pixkana ikusi zuten entrenamenduen bitartez hobetzen ari zirela, eta partidak jokatzea eskatu zuten”. Lehendabizi erakustaldiak jokatzen hasi ziren, eta gero etorri zen txapelketa antolatzeko ideia.
Kirol egokituaren mundua pixkana zabaltzen ari dela dio Olasagastik, eta hainbat kirol egin daitezkeela: “Lasterketak, saskibaloia, mahai tenisa, tenisa, esgrima… Zailtasunen bat duten pertsonek pentsatu ohi dute kirolik ezin dutela egin, eta hori ikusteak pena ematen dit, ez baita horrela. Ez dute ezagutzen nora jo dezaketen”, nabarmendu du.
Lehenengo, pilotalekuan jokatzen hasteko, aulki gurpildunak eskuratu zituzten bi federazioen bitartez. Materialak gastu handia ekartzen duela dio Olasagastik: “Aulki bakoitzak 3.600 euroko salneurria du”. Gipuzkoan bakarrik egiten dute kirol hori. Zubietan aritzen den taldeaz gain, Errenterian ere beste bat sortzeko asmotan dabiltza. “Orain Bizkaian ere jarri nahi dute martxan”. Sei aulki dituzte, eta denak beharrezkoak direla dio Olasagastik: “Kirola egin nahi dutenek aukera izan behar dute bi orduz aritzeko, eta ez aulkia txandatuz ibiltzeko. Urrutitik etortzen denarentzat gogorra da bidaia egitea”.
Saio bakoitzean egiten dutena azaldu du: “Beroketa egiten dugu, eta batez ere besoak lantzen ditugu. Gero, tiro trebetasuna lantzen dugu, komunikazioa, kokapena, tantoak egiteko estrategiak… Edozein pilota jokamoldetan lantzen dena”. Pala arinagoak dituzte, eta pilota frontenisean erabiltzen dena da, baina presio gutxiago du, eta, horregatik, bote txikiagoa egiten du.
“Aurre samarrean jokatzen da, normalean laugarren koadrotik edo lau t’erditik aurrera”, azaldu du Olasagastik. “Pilotak bote handiagoa egingo balu, tantoak berehala amaituko lirateke”. Bestalde, zenbait arau berezi ditu aulki gurpildunaren jokamoldeak: pilotak gehienez bi bote eman ditzake, eta sakea hirugarren koadrotik egiten da, eta bigarren eta laugarren koadroaren artean egin behar du botea.
Jendea kirola egitera animatzen du Olasagastik: “Kirol honetan bada, guretzat hobeto. Gure asmoa horrelako talde bat beste leku batzuetan sortzea da. Horretarako, babesleak ongietorriak izango lirateke”. Bien bitartean, pilotariak txapelketaren hurrengo jardunaldia prestatzen ari dira. Gipuzkoako Txapelketan hiru jardunaldi jokatuko dituzte, eta, ondoren, finala. Bidania-Goiatzen jokatu behar zuten lehen jardunaldia otsailean, baina elurra egin zuen, eta bertan behera gelditu zen. Azkenean, lehen jardunaldi hori aurreko astean jokatu zuten, Zubietako frontoian. Bigarren jardunaldia bihar jokatuko dute, hilaren 16an, Donostiako Antigua auzoko frontoian. 11:00etan hasiko dira partidak. Hirugarren jardunaldia Soraluzen izango da, apirilaren 13an, eta finala Usurbilen egingo dute, ziurrenik apirilaren 20an.
Zortzi parte hartzaile ari dira lehian aste hauetan, lau bikotetan banatuta: Hilario Olano (Alegia) eta Edorta de Anta (Tolosa), Patxi Fadrique (Lasarte) eta Iñaki Esnaola (Donostia), Beñat Lizaso (Usurbil) eta Andoni Aizpeolea (Usurbil), eta Edurne Unamuno (Soraluze) eta Aingeru Senperena (Bidania-Goiatz).