Aurtengo aurrekontua onartu du Donostiako Udalak. 359 milioi eurokoa da, eta gizarte gastura bideratutako diru sailak handitu egin direla nabarmendu du Ogasun arduradun Jabier Vitoriak: 36,9 milioitik 37,5era. Bilduko udal gobernuak osotasunean landutako lehendabiziko aurrekontua da hau, iaz aurreko urtekoa luzatzea ebatzi baitzuten.Aurrekontuak osorik atzera botatzeko zuzenketarik ez du inork aurkeztu testu berriaren kontra, eta, beraz, asteartean Donostiako udaletxean egin zen udalbatzarrean aurrekontua onartu egin zen. Nolanahi ere, aintzakotzat hartuta daude testuan hainbat alderdik egindako zuzenketak: PSE-EEren 50 zuzenketa hartu dira kontuan, PPren 25, eta EAJren hiru.
Kulturaren aldeko jarrera agerian utzi zuen aurrekontuak aurkezteko orduan Jabier Vitoriak. “Kultura ez da gastu bat, inbertsio bat da”, ohartarazi zuen. Hartara, aurrekontuko 24,9 milioi euro Donostia Kulturak jasoko ditu. Tabakalerarentzat, berriz, 3,1 milioi izango dira, eta Donostia 2016 egitasmoa sustatzeko, 1,3.
Kritikak
Udalbatzarrean, oposizioko alderdiek argudiatu zuten testuaren kontrako osoko zuzenketarik ez zutela aurkeztu “erantzukizunez” jokatzea erabaki zutelako. Hain justu, aurrekontua onartzea ezinbestekoa zela onartu zuten denek. Kritikak egin zituzten, ordea. PPk, esaterako,”huts handiak” dituela esan zuen. “Alferrikako diru sailak” dituela adierazi zuten EAJko ordezkariek.