Ud
Edozein eratan ere, aurrekontua tresna bikaina da, ez bakarrik gobernatzeko, baita nork bere burua biluzteko eta gauzak diren bezalakoak azaltzeko ere, ez nahi den bezalakoak ikusarazteko. Eta egia esan, Donostiako Udaleko aurrekontuak, besteak beste, gauza bat egiaztatzera ekarri gaitu, errealitatea oso egoskorra dela, eta oso erraza demagogia egitea besteak epaitzeko garaian, baina oso zaila erabakiak hartzeko garaian. Bistan dago 2013ko aurrekontua, berrehungarren urteurrenekoa, oso egoera korapilatsuan egindakoa dela, bai hiriarentzat, baita udalarentzat ere. Eta hori nabarmentzen da. Gastu arrunteko kapituluetan egindako derrigorrezko euste-ahaleginaz gain, inbertsioa modu larrian murriztu eta, gainera, lur-zatiak edo udal ondarea (Ilunbe nagusiki) salduz gero lortutako diru-sarrerak baleude egitekotan. Litekeena da beste jokabiderik ez egotea, nahiz eta sarritan batek pentsatzen duen, udal gobernu honek duen ideia argitasun eskasa dela medio, inbertitzeko erritmo motel hori Bildurentzat gaitz erdi dela.
Aurrekontu-proiektua tentu handiagoz aztertzeari ekin eta gero, esan beharra daukagu mota askotako murrizketak aurreikusten dituela. Kontratazio bidez udalak ematen dituen zerbitzuetan, esate baterako, hiriko enpleguan zuzeneko eragina dutenak. Gainera, funtzionarioen soldata izoztea planteatzen duen aurrekontua da. Eta hori ez da oposizio maltzurrak zuzenketa bidez esan diolako, ez. Bilduk horrela aurkeztu zuen jada. Erremediorik ez zegoela esanez horrela aurkeztu zuelako. Hori da, beraiek dira ezkerrekoak, eta erremediorik ez dagoelako egiten dute horrela; guk, berriz, gustuz egingo genuke.
Horrela genbiltzan, Gorka Urtaranek deitu zigun arte, Gasteizko Udaleko EAJko gure bozeramaileak. Eta deitu zigun, han, PPrekin udal aurrekontua onartzeko akordioa lortu eta gero, Bildu oso arin zebilelako, eskuineko alderdiak batu zirela esanez, aurrekontu atzerakoia eta hirirako antisoziala adostu zutela esanez. Dei hura izan ondoren, datuak gurutzatzen hasi ginen, eta xelebreak diren hainbat zenbaki ezagutzeko aukera izan dugu: esate baterako, EAJrekin lortutako akordioari esker, Gasteizko Udalak bere aurrekontuaren %0,7 garapenerako lankidetzara bideratuko du, eta Donostian, berriz, Bilduk aurrekontuaren %0,54 bakarrik bideratu du helburu horretara. Nahikoa erakusten du ale horrek. Baina xelebreena da Gasteizen Bilduk udal aurrekontua kritikatzen duela %0,7 gutxiegi delako, eta %1era iritsi beharko litzatekeela esaten du, gainera. Esperantoz esanda: batzuentzat Bilduren %0,54 EAJren %0,7 baino gehiago da. Beste bat gehiago!
Baina ez dira hor geratzen gauzak: Bilduk Donostian berdintasun-politiketarako aurrekontu osoaren %0,07 jartzen du, eta Gasteizen onartu denak, berriz, %0,11 bideratzen du. Gainera, Gasteizkoak Donostiak halako hiru bideratzen du pertsona zaharrentzat, 2 milioi euro gehiago haurrentzat eta familiarentzat, %21 gehiago gizarteratzeko politiketarako eta %40 enplegu eta garapen ekonomikoko politiketarako. Eta hori guztia, gainera, Gasteizko aurrekontuaren kopuru osoa Donostiako aurrekontuarena baino pixka bat txikixeagoa izanda.
Hain justu, Donostiako EAJ udal taldeak aurkeztutako zuzenketa batzuk alde horietako batzuk zuzentzeko helburuz aurkeztu ditu. Eta, hala ere, gaur egungo udal gobernuaren “aurrerakoi jendearen” antzezpen bat baino gehiago izan dugu, EAJ deskalifikatzeko dagokion ahaleginarekin batera, eskuineko alderdia ginela esanez eta sistemaren eta kapitalaren esklabo. Baina errealitatea gailendu egiten da pankarta, manifestazio eta keinu hutsen gainetik, eta, zuriaren gainean beltza jarrita, Donostiako udal aurrekontuaren pasadizoak erakusten diguna da Bilduk hainbeste aldarrikatu duen aldaketa hori “ken zaitez zu ni jartzeko” besterik ez dela, gainerakoei leporatutako hori besterik ez.
Baina ez nuke nahi mezu baikorra helarazi gabe bukatu. Donostiak izango duela aurtengo aurrekontu bat. Hori berri ona da, zalantzarik gabe; izan ere, bizi garen egoera honetan, inork ez bailuke ulertuko gutxieneko adostasunak lortu ezinik ibiltzea. Geure lepoetan dominak jarri nahi gabe, Bilduren udal gobernuak aitortu beharko du, gutxienez, oposiziokook jokaleku hori gertatzeko moduko jarrera positiboa izan dugula. Ikusiko dugu, ea beste esparru batzuetan Bildu gauza bera esateko moduan izango den. Gasteizko Udalean izan duten jarrera ikusita, beldur naiz, eta ez dago itxaropentsu izateko aukera handirik; izan ere, asko nabarmentzen baita beste gauza batera daudena…