Gipuzkoako esperientzia

Zumaia eta Mutriku arteko geoparkerako bisita, oinez edo itsasontziz; gero, han inguruko jatetxe batean bazkaldu itsasoko produktu freskoekin, eta lo egitera Donostiara. Hurrengo egunean, Astigarragako sagardotegi batera edo Getariako txakolindegi ekologiko batera. Arratsaldean, museoren bat ikustera, esaterako, Donostiako Aquariumera edo San Telmo museora. Roke Akizu Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariak Aste Santurako proposatzen duen plana da. Gipuzkoak eskaintzen dituen aukeren artean bat da. Izan ere, kultura, gastronomia eta natura uztartu daitezke lurraldeko turismo eskaintzan.

Krisi ekonomikoa gogor astintzen ari den garaiotan, baikortasunez begiratzen dio Akizuk Aste Santuari: “Orain arte oso datu onak izan ditugu, eta beldur gabe aurre egingo diegu Aste Santuko oporrei”. Krisia turismoan ere antzematen da, baina orain arte “ondo” eutsi diotela gaineratu du turismo zuzendariak. Espainiatik eta Kataluniatik datozen bisitariak gutxitu dira, baina beste herrialde batzuetako turistek gora egin dute. Krisiari ez ezik, zeruari ere begiratzen diote sektorean dihardutenek: “Eguraldi txarra badago, batez ere Espainiatik jende gutxiago etortzen da”.

Aste Santuan zenbat jende etorriko den aurreikustea zaila dela dio Josu Ruiz Donostiako turismo zinegotziak ere: “Jende askok azken momentuan egiten du erreserba. Krisi ekonomikoaren eragina ere ez da samurtzen”. Halere, Donostia bisitariak jasotzeko prestatzen ari da, eta hainbat zerbitzu indartuko dituzte egun horietan: “Eguna pasatzera datozenak ere kontatu behar dira”. Aste Santua “ihesaldia” egiteko egokia dela dio. “Hemengo gastronomiak oihartzun handia du; horrez gain, lasaitasuna, kultura eta inguruan eskaintza aberatsa dauka Donostiak”.

Lehen sektorea eta natura

Turistikoki Donostiak xarma handia izan du. Erakargarritasun horretaz baliatu nahi dute Donostiara datozen bisitariak Gipuzkoako gainerako lekuetara ere eramateko. “Beste herrialde batzuetatik datozen turista askok betiko eskaintzatik haratago joan nahi dute; hau da, Donostia, hondartza eta kostaldeaz gain, hemengo kulturaren bereizgarriak ezagutu nahi dituzte”, azaldu du Akizuk. Horretarako aukera ugari daude Gipuzkoa barnealdean. Esaterako, sagardotegi batera joan daitezke. “Bertako jendez inguratuta egotea nahi du turista mota horrek”.

Donostia eta gastronomia izan dira orain arteko indarguneak, eta, orain, naturaren eremuan “ahalegin berezia” egiten ari direla azaldu du turismo zuzendariak. Baliabide natural ugari daude Gipuzkoan, eta horiek ez daudela behar bezala aprobetxatuta uste du Akizuk. “Ibilaldi bat Aralarren edo Aizkorri-Aratzen egin, eta, gero, gaua Donostian pasatzeko aukera eskain daiteke”. Kultura, gastronomia eta natura, bakoitzak nahi duena uztartzeko aukera ematen duten pakete ugari sortu dituzte. Ildo horretatik, lehen sektorea eta bertako gastronomia ere bultzatu nahi dituzte; goi mailako sukaldaritzatik haratago, bertako produktuak eta baratzekoak ezagutaraziz.

Turismoa eraikuntza nazionalerako ere “lanabes garrantzitsua” dela gaineratu du Akizuk: “Geure burua kanpoan nola saldu nahi dugun pentsatu behar da. Atzerrira joateko gure marka propioak behar ditugu; eguzkia eta hondartza turismo mota horretatik bereizi behar dugu. Euskal Herria helmuga bakar baten moduan ikustea nahi dugu”. Euskara ere “altxor ahaltsua” dela pentsatzen du, “oraindik ustiatu gabekoa”. “Europako hizkuntza zaharrenetakoa entzuteko aukera dago hemen”.

Gipuzkoako Foru Aldundian argi dute Europako beste herrialde batzuetatik datozen bisitariei begira jarri behar dutela. “Hori da gure indargune nagusia; gainera, horiek erosahalmen handia izaten dute”. Horiengana iristeko kanpainak egin izan dituzte. Okzitaniako Tolosako ferian aurkeztu zuten Gipuzkoako eskaintza, eta Bordelen informazioa postontzietan banatu zuten. “Oso emaitza onak eman dizkigu”. Berlinen ere izan berri dira Zumaia eta Mutriku arteko kostaldeko geoparkea aurkezten. “Geoparke hori erakargarria da ikuspuntu guztietatik. Aukera handia dago, eta hori baliatzen jakin behar dugu”.

Turista horiek guztiek lo egiteko aukera handia dute Gipuzkoan; halere, Bizkaiarekin alderatuta, ohe “gutxi” daudela azaldu du Akizuk. “Inoiz ez gara izan lurralde oso turistikoa; beraz, oraindik badago tartea gehiago hazteko. Dauden oheak normalean betetzen dira. Eskaintza gehiago balego, agian prezioak merkeagoak izango lirateke”. Halere, iraunkortasuna aintzat hartu behar dela gogoratu du. “Hori da gure ikurra; hori galtzen badugu, beste eremu arrunt bat bihurtuko gara”.

Goierrin, baikor

Gipuzkoa barnealdera joanda, Goierrin Aste Santua “ondo” joan ohi da; alde horretatik, mezu baikorra eman nahi du Niko Osinalde Goiturreko zuzendariak. “Aste Santuan nekazaritza turismoak bete egiten dira; orduan izaten da Goierrin turismo kontzentrazio handiena”. Nekazaritza turismoez gain, aurten inguruko hoteletan ere erreserbak badaudela adierazi du. Egun-pasa ere joango da jendea Goierrira. “Martxo eta apirilerako asteburuak ere nahiko ondo doazela esan digute”.

Urte guztiko datuak hartuta turismoa igo egin da, baina aurten zer gertatuko den jakitea zaila da. “Jendea berdin ateratzen da; ostatuan gastatzen du, baina, gero, jatetxeetan ez dute hainbeste kontsumitzen”. Halere, jende mugimendua egonez gero, “han edo hemen” zerbait gastatuko dutela pentsatzen du.

Goierrin hamar museo dituzte, eguraldi txarra zein eguraldi onarekin bisitatzeko; horietako batzuk haurrentzako ere prestatuta daude. Ormaiztegiko Zumalakarregi, Ordiziako D’elikatuz eta Zeraingo minak aipatu ditu. Naturan eta gastronomian ere aukera handia dago Goierrin. “Eskaintza badago; orain bisitariak mugiarazteko promozioak egiteko beharra dago”.

Geoparkean, interes handia

Zumaia eta Mutriku arteko eskualdean ere pozik egoteko datuak dituzte. Iaz, 5.000 pertsonatik gora izan ziren geoparkea bisitatzen. Aurten, kopuru hori gaindi dezaketela pentsatzen du Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunak; Aste Santuko bisitetarako dagoeneko hainbat erreserba badituzte. “Mundu mailako geoparkeen sarean sartu ginenetik gorakada nabarmena antzeman dugu; iaz, %16 igo ziren bisitariak geoparkeetan. Ingurune honek interes handia sortzen du”.