Bihar Bizkaitik sartuko da Korrika 18 Gipuzkoara lasterketaren azken kilometroak egitera; Mutrikutik sartuko da herrialdera, 09:05ean. Festa giroan egingo diote harrera. Debara egingo du ondoren, eta Zestoara, eta itsasertzetik jarraituko du bidea. 12:30 aldera Zumaian espero dute. Getaria, Zarautz eta Orio zeharkatu, eta 16:30 aldera Usurbilen sartuko da. Lasarte-Oria, Hernani eta Astigarraga zeharkatu, eta 19:40an Donostian sartuko da. 23:30ean Pasai Antxon sartzen den arte, hiriko bazter gehienetatik igaroko da. Segidan, ordu txikietan, Pasai San Pedro eta Pasai Donibane, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Hondarribia eta Irun izango ditu helmuga lasterketa euskaltzaleak, eta, 04:00 igaroak direnean, Lapurdiko lurretan sartuko da, Hendaiatik. Azken-azken txanpa hantxe hasiko du Korrika 18k, Baionan baitu azken helmuga.
Ekitaldi ugari antolatu dituzte herririk gehienetan lasterketari harrera egiteko. Eguneko gunerik garrantzitsuenetarikoa, zalantzarik gabe, hiriburua izango da. Donostiako Parte Zaharrean eguerdirako joaldunak ibiliko dira, eta erraldoi eta buruhandiak ere bai. 12:30ean Bretxatik Kalez kale kantu jariyo ekimeneko kantariak abiatuko dira, eta 14:00etan barrikotea egingo dute Udal Liburutegiko arkupetan. 21:30ean espero dute Parte Zaharrean lasterketa, eta arratsalde osoan ekitaldiak egingo dira giroa bero-bero izateko: mutxikoak izango dira, Txirri, Mirri eta Txiribiton juniorren ikuskizuna eta larrain dantza.
Donostiako gainerako auzoetan ere festa giroko ekitaldi ugari egingo dira lasterketari harrera egiteko. Izango dira kilometro oso bereziak ere korrikaldian zehar; joandakoak gogoan, omenaldi sentituak egin nahi dizkiete Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Joxemi Zumalaberi. Euskararen aldeko ekintzaile nekaezinak izan ziren bi donostiarrak. Txillardegi 2012ko urtarrilean zendu zen; aurtengo urtarrilean, berriz, Zumalaberen heriotzaren 20. urtemuga oroitu da.
Mutrikun, 07:00etarako diana egingo dute Korrikarako jendea biltzeko asmoz, eta lasterketaren ondoren txokolate jana izango da Beheko Plazan. Egun guztiko festaren abiapuntua izango da. Deban ere txistulariak eta dantzariak kalera aterako dira goizean goiz lasterketarekin bat egiteko, eta goiz osoko festa izango da ondoren: Aitzuri abesbatza kalez kale ibiliko da, eta Debako Musika Bandak kontzertu bat emango du. Zumaian, herri bazkaria egingo dute lasterketaren ondoren. Zarautzen abesbatzek berotuko dute giroa festarako, hamaiketako batean. Arratsean ere festa giroko ekitaldiak nagusituko dira; ordu txikitan igaroko ditu Gipuzkoako herri asko lasterketak, eta giroa bero eduki nahiko dute.