Eibar
Filomena neska behartsu bat da, eta Erdi Aroan bizi da. Herri ipuin askotan ohikoak diren nesken soslai berekoa dirudi lehen begiratuan, baina ipuin honetan estereotipoek ez dute lekurik; zerbait hobearen zain egon beharrean, errege berria izateko gainditu beharreko proba guztietara aurkeztuko baita neska ausarta. Maite Franko ipuin kontalariak (Irun, 1971) Filomena Musugorri, Errege ikuskizunean kontatzen duen ipuinetako bat da hori.4 urtetik aurrerako neska-mutikoentzako proposamena da, eta gizon eta emakumeei egozten zaizkien roletan oinarritutako estereotipoak apurtzeko asmoz idatzitako ipuinak biltzen ditu. Bihar arratsaldean, 18:00etan, Eibarko haurren liburutegian kontatuko ditu istorio horiek, umeei, sexismoaren arau estuak gaindituz, errealitatea aurkezteko beste era batzuk ematea zinez garrantzitsua dela argudiatuta: kontalariak gogora ekarri duen eran, “istorio gehiegitan” agertzen dira andreak “bigarren mailan”, gizonen itzalean kasu gehienetan.
Hartara, Frankoren ipuinetako protagonistak ohikoaz oso bestelakoak dira. Neska liderrak, panpinekin jolastea gogoko duten mutilak, printzesa arrosa izateko inolako gogorik ez duten neskak, gerra gorroto duten mutiko bakezaleak, printze arrosak, printze beldurtiak, herensugeak hiltzen dituzten neska adoretsuak… Horiekin harilkatzen ditu hamaikatxo bat trama bitxi. Umeei gozamen ematea du helburu ikuskizun honek, baina, jolasaren bitartez, parekidetasunerako bidean hezten dituen heinean. Izan ere, neskei sarri egozten zaien rol pasiboa gainditzeko aukerak ugariak direla agerian uzten dute ipuinek; mutilei, halaber, izateko era asko onartzen zaizkie, ohiko estereotipoek ezarritako rolez harago. Herriz herri dabil Franko ikuskizun honekin, eta beste hainbat ere eskaintzen ditu. Helduentzako ipuinak ere kontatzen ditu.