“Ohe bat baino zerbait gehiago eskaini nahi dugu; esperientzia sortak prestatzen ari gara”

Aste Santuko erreserbei begira daude Nekatur EAEko nekazaritza turismoen eta landetxeen elkartean. Krisi ekonomikoaren eragina nabaritu dutela azaldu du Idoia Ezkurdia arduradun teknikariak (Lasarte, 1976). Buru-belarri lanean ari dira bezeroei ahalik eta eskaintza onena egiteko.

Zer aurreikuspen dituzue Aste Santuari begira?

Joan den urtean %66ko okupazioa izan genuen Gipuzkoan, eta oraindik datu horretatik urrun gaude. Erreserbak jasotzen ari gara, baina gehienbat azken momentuan; azken urteetan hori da joera. Beraz, datu hori igotzea espero dugu, baina ez dakigu iazko datuetara iritsiko garen. Egoera ekonomikoak eragina izango du.

Bisitari kopurua jaitsi dela antzeman duzue?

Bai, joan den urtean uda pasatu eta gero hasi ginen nabaritzen. Udazkeneko zubietan okupazioa jaitsi egin zen. Bezeroak gero eta gehiago ditugu. 2012a bezero gehiagorekin amaitu genuen, baina horiek etxeetan gau gutxiago pasatzen dituzte. Beraz, horrek eragina dauka okupazioan, baita errentagarritasunean ere. Gainera, prezioak azken urteetan mantendu dira, eta batzuk jaitsi egin behar izan dituzte.

Zer eskaintzen dute nekazaritza turismoak eta landetxeek?

Kokapenaz gain, hau da, naturarekin kontaktuan egoteaz gain, bezeroek asko baloratzen dute jabeekin duten zuzeneko harremana eta familia giroa; etxe hauetan ohe kopuru txikia egoten baita. Gastronomia ere erakargarria da, bertako eta baratzeko produktuak dastatzeko aukera baitago. Ingurune hauetako lasaitasunaz gain, euskal tradizioa, kultura eta baserriko bizimodua gertutik ezagut dezakete bisitariek.

Donostiara eta kostaldera ez ezik, bisitariak Gipuzkoa barnealdera erakartzeko asmoa du aldundiak. Zuentzat hori interesgarria da?

Bai, noski. Nekazaritza turismo eta landetxeak baditugu kostaldean, baina asko barnealdean daude. Landa eremua gure oinarrietako bat da, eta inguru horiei garrantzia ematea eta bezeroak erakartzeko promozioak egitea oso garrantzitsua da. Barneladean ere errekurtso interesgarriak baitaude; askotan ezezagunak, baina garrantzitsuak.

Turismoa bultzatzeko zertan jarri beharko litzateke indarra?

Orain arte bezala, datorren urteetan ere zerbitzu ona eskaintzen ahalegina egin behar dugu. Bezeroen fideltasun handia daukagu; ahoz ahokoak asko funtzionatzen du gure arloan, eta hori da guretzako publizitate onena. Baina, bestalde, etxe horien jabeen formakuntzan ere sakondu nahi dugu. Landa eremuan egon eta baserritarrak izan arren, teknologia berrietan trebatzea nahi dugu: Internet eta sare sozialak, esaterako, oso tresna erabilgarriak dira promozioetarako. Horrez gain, gure produktua ohea eskaintzea baino zerbait gehiago izatea nahi dugu, eta esperientzia sortak prestatzen ari gara: produktu oso bat eman nahi diegu. Ostatuarekin batera, bisitak, dastaketak, museoetako sarrerak… Esaterako, baserri bateko ekoizpen prozesua ikusi, eta, ondoren, dastaketa egiteko aukera dago. Bestalde, etxe bateko jabeak afaltzeko menua nola prestatu duen azaltzen die bezeroei; horiekin joaten da merkatura produktuak erostera ere.