Sofbola amerikarrengandik jasotako kirola da. Ia hogei urte badira Euskal Herrian txertatu zenetik, baina gaur egun oraindik gutxiengo baten kirola eta ia ezezaguna dela esan daiteke. Beisbolaren antz handia du sofbolak, eta berez nesken nahiz mutilen kirola bada ere, emakumeek jokatzen dute gehienbat. Izan ere, olinpiar jokoetan beisbol partidak antolatzen dira mutilentzat eta sofbol partidak neskentzat. Orel Morales Donostiako Atletikoko sofbol taldeko entrenatzailea kritikoa da horrekin. “Bereizketa horrek asko mugatu du sofbola, eta oro har neskek jolasten badute ere, hemen Donostian bada Mariñelak, mutilen sofbol taldea”. Dena dela, mutilen talde hori afizioz aritzen da, ofizialki nesken taldea bakarrik lehiatzen baita.
Sofbol taldeek jasotzen duten laguntza guztia gutxi da aurrera egiteko. Hala ere, emakumezkoen bi talde ari dira Gipuzkoan, sofboleko Espainiako Ohorezko Mailan: Orioko Bate Bizkorrak eta Donostiako Atletiko. Orel Moralesek oihartzun txikia dutela dio. “Ez gara hedabideetan ateratzen; beraz, ia ikusezinak gara. Baina gure jokoa egiten dugu, eta punta-puntan ibiltzen gara. Estatu mailako sailkapenetan, maila guztietan lehen lauren artean beti izaten da euskal talderen bat”.
Joan den asteburuan hasi zen Ohorezko Mailako Sofbol Liga, eta igande honetan bi talde gipuzkoarrak lehiatuko dira elkarren aurka. Orion izango da jardunaldia, Mendibeltz zelaian, 11:00etan lehen partida, eta 13:00etan bigarrena. Horixe da, agian, sofbolaren beste berezitasun bat: bi partida jokatzen dituzte jarraian.
Kirol tropikala
Klima epeletako herrialdeetakoa eta udako kirola da sofbola, baina ederki egokitu da Gipuzkoan ere. Morales sortzez kubatarra da. Han kirol nazionala da sofbola, eta ederki ezagutzen du. “Duela hiru urte arte ez genuen sofbolean aritzeko pista egokirik; futbol zelaietan jokatzen genuen. Orain, Loiolako Erriberako zelaian jokatzen dugu, eta gero eta jende gehiago etortzen da”.
Kanpoaldean egiteko kirola da sofbola, eta sarritan entrenamenduak areto estalietan egiten badituzte ere, oso kirol dinamikoa eta atsegina da ikusteko. Patxi Arnal Orioko Bate Bizkorrak taldeko entrenatzailea bat dator: euria ez dute lagun. “Eguraldi txarrarekin partidak bertan behera geratzen dira, zehaztasun handiko kirola delako, eta pilota bustitzen bada, ezin da ondo jokatu”. Beisbolaren antz handia du sofbolak, baina baditu bere berezitasunak ere. Sofboleko zelaiak txikiagoak dira, adibidez, eta pilota, berriz, handiagoa da. Beisbolean goitik behera jaurtitzen dute pilota, eta sofbolean, berriz, behetik egiten dira jaurtiketak. “Sofbolean besoaren mugimendua behetik egiten dena, askoz ere naturalagoa da, eta gorputzarentzat ez da hain mugimendu bortitza”, azaldu du Arnalek.
Oso kirol azkarra eta dinamikoa da, jaurtitzaileak hogei segundo besterik ez baitu izaten pilota botatzeko. Gainera, baseen arteko distantzia beisbolean baina txikiagoa da, eta horrek ere asko azkartzen du jokoa.
Kirol erakargarria bada ere, oso zaila iruditzen zaie beste kirolekin lehiatzea. Morales: “Saiatzen gara ikastetxeetan edo aisialdiko jardueretan sofbolaren berri ematen, azken finean, talde horietan bilatu behar baititugu etorkizuneko jokalariak, baina oso zaila izaten da neskatoak erakartzea”.
Ia hogei urte daramatza Orioko Bate Bizkorrak taldeak sofbolean jokatzen, eta hamarretik gora Donostiako Atletikok. Sarritan, zailtasunak izan ohi dituzte maila guztietan taldea osatzeko. Orioko taldeak, adibidez, aurten ez du gazteen talderik osatu, diru kontuak direla eta. Donostiako Atletiko, berriz, trantsizio betean dago. Ohorezko Mailan aritzeko jokalari helduak dituen arren, hainbat jokalari gazte ere sartu dituzte taldean. Hala, adin ezberdinetako jokalariak nahastuz, hiru bat urtean seniorren maila indartzea da haien helburua.
Sofboleko bi talde gipuzkoarrek erronka ezberdinak dituzte aurtengo denboraldirako. Orioko taldea Espainiako Ohorezko Mailako Liga eskuratzen edo gutxienez bigarren postuan geratzen saiatuko da. Gainera, Europako Kopa jokatuko dute abuztuan, Bulgarian, eta han ere emaitza onak lortzea espero dute. Donostiako Atletikok, berriz, Ligako finala jokatu nahiko luke kadete mailan, lau lehenengoen artean sailkatzea gazteen taldea, eta seniorretan, berriz, azkenak ez geratzen saiatuko dira, hartara Erreginaren Kopan lehiatzeko aukera izateko.
Etorkizunera begira
Erronka ezberdinak baina aldarrikapen eta kezka bertsuak dituzte Gipuzkoako bi sofbol taldeetako entrenatzaileek. Arnalek argi du: “Kirolgiren, udalaren eta federazioen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke aurrera egitea”. Kirolzaletasuna dago sofbolaren iraupenaren oinarrian. “Norbere lanbide edo ikasketez gain, sofbolari ordu asko eskaintzen zaizkio; pozik eta borondatez egiten da gainera, inork ez baitu ezer kobratzen”, azaldu du Arnalek. Bestetik, kirol amerikarra izaki, euskal kirolen artean oraindik tradizio handirik ez duela onartzen du Moralesek. “Euskadiko selekzioaren izenean beisbol eta sofbol talde bat osatzeko aukera izan zen duela urte batzuk, baina erakundeek ez zuten babesik eman, eta halaxe geratu zen”.
Baliabide askorik gabe aurrera egiten ohituta daude sofboleko bi talde gipuzkoarretako partaideak, eta aurrerantzean ere gogotsu jarraituko dutela adierazi dute, beste edozein kiroletan bezala, jokalarien poza delako ahalegin eta oztopo guztien truke jaso ohi den saririk onena.