Tolosaldeko eta Goierriko eskaintza, gida bakarrean

Goierrin eta Tolosaldean dagoen eskaintza turistikoa gida bakar batean bildu dute. Eskualde bakoitzak bere bisitariak erakarri beharrean, elkarren ondoan egonda, eskualde batera lo egitera doana bestea ezagutzera ere joatea da gidaren helburua; hau da, turistei eskaintzari buruzko ahalik eta informazio gehien ematea. Natura, kultura eta gastronomia arloak jorratzen ditu gidak. Bi eskualdeetan dauden hamasei museoen berri ematen du; baita Aizkorri-Aratz eta Aralar parke naturalei buruzko informazioa ere. Larunbatetan Tolosan eta asteazkenetan Ordizian egiten diren merkatuak ere agertzen dira gidan. Tolosaldeko eta Goierriko informazio bulegoetan eskura daiteke.