Bilduk ez du irudimenik

Laster bi urte beteko dira Bilduk Foru Aldundia eta udal mordo bat eskuratu zituenetik. Beste nonbait irakurri edo Klaudio Landaren tertuliakideren bati entzun baino lehen, nik esango dizut: Bilduren orain arteko jarduna erabateko bluf-a izan da.

Inuzente samarra izango naiz, baina proposamen martziano sorta espero nuen nik biurteko honetarako. Gipuzkoa kubatartzeko beldur zirenak aspaldi lasaitu ziren, ordea; euriak goitik behera darrai, eta iraultzaren zain jarraitzen dugu. Martin Garitano banintz, nire aurkako zentsura moziorik ez aurkezteak ez ninduke batere lasai utziko. Bere lana zeharo light-a denaren eta oposizioa lasai asko dagoen seinale.

Zaborrena bezalako kontu ziztrin batekin izutu, eta luzaro itxaron behar izan dugu Bildukoen hurrengo urrats ausarta ikusteko. Zarautzen eta Errenterian eman dute oraingoz, hutsik dauden pisuen jabeei zergak bikoizteko neurriarekin. Gipuzkoa Plazatik eta udaletxeetatik lehenago harrika botatzen ez badituzte, eta lanerako beste 24 hilabete dituztela ikusita, horrelako gehiago ikusi nahi nituzke.

Izan ere, araua zuzena eta zentzuduna da, eta hori ia objektiboki frogatu daitekeela ziurtatzera iritsiko nintzateke. Etxebizitza inbertsiotzat hartzeak bultza gintuen amildegirantz, beste ezerk ez bezala, eta harekin espekulatzea bekatu mortala dela zenbat eta lehenago barneratu hobe izango da guztiontzat. Jende askoren DNAn txertatutako informazio genetikoa aldatzea eskatuko du horrek, baina hori errazena izango da. Errealitatea bera izango baita egoskorrik tematiena konbentzituko duena.

Biziraupena eginkizun bakarra izango den aro batera garamatzatela dirudi. Eta 700 euroko soldatek eta langabezia kronikoak osatutako testuinguru horretan, horrenbesteko garrantzia izan duen afera hau bigarren mailakoa izatera pasako dela pentsatzen dut. Pisu, garaje eta lokalen prezioak lur hartzen duten arte hamarkadak pasa litezke, eta beti ezinezkoa zela sinetsarazi bazizuten ere, zurean ere lepo jaitsiko dira. Baina jendeak ordaindu ezin izango dituenez, ez du batere axolako.

Zoritxarrez, gu guztiok irensten ari den olatu honi aurre egiteko ez du Bilduk ekimen gehiegirik erakutsi. PP, PSE edo EAJ alderdietako kideen oposizio erdipurdikoak ez nau ustekabean harrapatu, baina ezker abertzalearengandik irudimena eta zarata pixka bat behintzat espero nituen. Hondoratzea ziurra da aspalditik, baina norabidea aldatu eta korrontetik ihes egiten saiatu gabe itotzeak ez dauka batere graziarik.