“Hildakoei loreak nora eraman jakin nahi dute fusilatutakoen familiek”

1936ko gerraren eta frankismoaren ondorioz hildakoen hobi komunetatik gorpuzkinak ateratzen dihardu Aranzadik 2000. urtetik hona. Lantalde horretako kidea da Lourdes Herrasti antropologoa (Aretxabaleta, 1958). Euskal Herrian ez ezik, Espainian zehar ere aritzen dira hobi komunak ateratzen. Hamahiru urte geroago lan hori “amaitzear” dela irizten dio, baina, aldi berean, argi du senitartekoek eskatu bitartean lanean jarraituko dutela.

2000. urtetik 6.000 pertsonaren gorpuzkinak atera dituzue Euskal Herrian eta Espainian lanean diharduzuen talde guztien artean.

Bai. Malagan (Espainia) 2.500 atera dituzte toki bakarrean, hilerri batean. Horrek, beharbada, itxuraldatu egiten ditu kopuruak, baina, hala ere, asko dira.

Dena dela, gehienek lur azpian jarraitzen dute oraindik.

Bai. Mapa bat hartuko banu, estatu osoa dago hilobi komunak dauden puntuz beteta. Kontuan hartu behar da Garzon epailearen txostenean desagertutako 130.000 pertsona ageri direla; ez gerrako frontean hildakoak, atzeragoardian hildakoak baizik. Dimentsioa ikusteko, konparazio bat: Txilen 4.000-5.000 izan ziren desagertuak.

Urte asko pasatu arren, familien eskaerak jasotzen jarraitzen duzue.

Urtez urte zenbat hobi atera diren ikusita, estatistikoki azaltzen da gorakada garrantzitsu bat egon zela 2007. urtetik aurrera. Iaztik, berriz, beherakada nabaritzen da. Bere eboluzioa egin du, eta ez da ahaztu behar 1936ko gerran bizi izan ziren gehienak hilda daudela. Oso berandu harrapatu dugu dena, oso berandu hasi ginen. Gu, edo denok, halako ezjakintasun batean egon ginen, eta edadeko pertsonak hil dira, edo ez daude ganoraz ezer kontatzeko. Edo ez dute kontatu nahi; orain arte ez badute kontatu, ez dira orain hasiko. Beraz, badirudi azkenetan dagoela gai hau.

Lehen eskuko informazioa falta da?

Bai. Informazio asko betiko galdu da, eta informazio hori gabe ez dugu aurrera egiterik. Ezinbestekoa da norbaitek pista bat ematea, hor dago gakoa. Teknikoki ez dago arazorik, arazoa abiapuntu bat falta izatea da. Hilobiak zoru azpian daude metro batera, metro eta erdira, bi metrora. Kanpotik ezin da ezer susmatu, bilatu egin behar duzu. Kasualitatez aurkituko dira hainbat tokitan, bai, ez da egun batetik bestera bukatuko hau, baina gero eta gutxiago dago.

Denbora kontra doa, beraz.

Hasiera-hasieratik izan dugu kontra. Helburua gorpuzkinak identifikatzea baldin bada, berandu gabiltza. Beti ez da lortzen familiari bere senitartekoa ematea.

Irekita dagoen zirkulua ixtea zaila dela esan nahi al duzu?

Zaila da oso. Pelikuletan eta telebistan erakutsi digute DNA proba egitea erraza dela, bost minutuan emaitza hor dagoela. Baina hori ez da beti gertatzen. Ez badakigu hobietan daudenak zein diren, ezin ditugu inoren DNArekin alderatu. Gure helburua da hobiak topatu, gorpuzkinak identifikatu eta familia bakoitzari bere senitartekoa itzultzea. Baina askotan ezinezkoa da.

Zer egiten duzue halakoetan?

Batzuetan familiakoei beraiei entzun izan diegu elkarrekin hil bazituzten, elkarrekin hilobiratu behar lituzketela berriz. Ezin badira identifikatu, familiek hori ulertzea oso garrantzitsua da guretzat. Horixe aholkatzen dugu halakoetan: berriz denak batera hilobiratzea hilerrian, denen izenak jarrita.

Familiakoek ulertzen al dute hori?

Familia askorentzat hori nahikoa dela uste dut. Nahikoa da onartzea hil egin zutela beren senitartekoa, eta oroimen hori bizirik mantentzea. Beren senitartekoaren hilobia non dagoen jakin nahi dute, dolu hori kanporatzeko toki bat eduki; loreak nora eraman jakin nahi dute fusilatutakoen familiakoek.

Biktimen senitarteko askok jo izan du zuengana. Alderantzizkorik gertatu al da, alegia, hiltzaile batek damututa informazioa ematea zuei?

Ez da ohikoa hori. Hala ere, badago adibideren bat. Esaterako, Ciudad Realgo (Espainia) probintziako herri bateko alkateak gutun anonimo bat jaso zuen. Pertsona horrek zioen soldaduska egiten ari zenean fusilamendu pelotoi baten parte izatea tokatu zitzaiola. Herri hartako zazpi pertsona hil zituztela kontatu zuen gutunean, eta gogoan zuen haietako batek 16 urte bakarrik zituela. Gutunean jarria zuen badela garaia gauza horiek argitzeko eta kanporatzeko. Pertsona hori bizi izan da urte hauetan guztietan hori buruan duela. Salaketa horri esker, alkatea galdezka hasi zen, eta aurkitu egin zuten zazpi pertsona horien hilobia. Herriko parkearen azpian zeuden lurperatuta.

2000. urtean hasi zineten zuek, baina lehenago ere egin dira indusketak.

Franco hil zenean, asko egin zituzten. Aitzurrekin atera zituzten gorpuzkin asko eta asko senitartekoek beraiek. Garai hartan, presa handia zegoen, bizirik zeudenek bazutelako informazioa eta hori aprobetxatu beharra zegoelako. 1977-1978 urteetan asko egin ziren. Pena da gaur egungo ikuspuntutik, informazio asko galdu delako: ez dakigu zenbat pertsona atera zituzten benetan, zeintzuk ziren, zenbat emakume eta zenbat gizon ziren… Baina nik uste dut bere garaian bere balio psikologikoa izan zuela, oso garrantzitsua izan zela, eta horrekin konformatu behar dugula. Familiek atseden hartu zuten, familiek espero zuten edo berreskuratu nahi zituzten senitartekoen hezurrak, eta hori egin zuten.

Hala ere, ez zuten gutxi itxaron, 40 urte.

Noski, Franco hil arte. Hor ez dago besterik. Lehenago egin izan zituzten gutxi batzuk, baina ezkutuan, isilpean, edo baimen berezi batzuk lortuta. Oiartzunen, esaterako, Iragorrin, Franco bizi zela, berari baimena eskatuta egin zuten. Franco Donostiara etortzen zen oporrak pasatzera, eta esan zioten Oiartzunen bazekitela non zegoen apaiz bat lurperatuta. Eta ez zela egokia apaiz bat kanposantutik kanpo egotea. Francoren erantzuna izan omen zen egiteaz isilean egiteko. Hala, hasi ziren, eta Iturricastillo apaizaren betaurrekoak, sotana… aurkitutakoan, lana hantxe utzi zuten beste hainbat hezur egon arren. Gerora, Katintxiki izeneko Oiartzungo taldeak lan kementsua egin zuen hobia berriz aurkitu arte. Eta gelditzen ziren hezurrak guk atera genituen orain bospasei urte. Emakumezkoak ere bazeuden han.

Gipuzkoara etorrita, non ibili zarete?

Zaldibian aritu gara, Elgetan ere bai, Elgoibarren aritu ginen iaz… Azken horretan frontean hildako lau soldadu zeuden. Bertako baserritarrak bazekien non hilobiratu zituzten; hiru toki ezagutzen zituen berak, eta bakar batean aurkitu genituen gorpuzkinak. Kontuan hartu behar dugu ingurune honetan hezetasun handia dagoela, basoa oso trinkoa da, sustraiek dena aldarazten dute, eta euri asko egiten du. Askotan hezurrak desagerrarazi egiten ditu horrek guztiak. Hainbat tokitan oinetakoak bakarrik aurkitu ditugu. Mutrikun, esaterako, soldadu baten bi hezur puska bakarrik aurkitu genituen; bere medaila eta oinetakoak han zeuden.

Gai honetan eskumena duten instituzioen jokaera nola baloratzen duzu?

Estatu mailan, Zapateroren gobernuak eman zuen laguntza bat. Hori bertan behera gelditu da gaur egungo gobernu honekin. Aurreko urtean ez zen egon deialdirik, eta aurten ere ez. Ez dago dirurik, beraz, horretarako. Egiten bada, egingo da lehen bezala, modu boluntarioan. Bestetik, Aranzadik hitzarmen bat du Eusko Jaurlaritzarekin: esaterako, pertsona bat dugu administrazio lanak egiten. Hori guk bakarrik dugu, ez dago beste inongo autonomiatan; guztietan dirua bukatutzat eman da, eta batzuetan ez da sekula eman. Alde horretatik, ezin gara kexatu.