Motorrak eta abiadurak zale asko ditu Gipuzkoan, bai gidari kopuruagatik, baita automobilismo probetara joaten diren ikusleengatik ere. Guztira 600 federatu daude Gipuzkoako Automobilismo Federazioan —gidari, gidarikide eta epaileak kontuan hartuta—, eta ehunka ikusle joaten dira probetara. Hamabost bat egiten dira urtero, modalitate guztien artean.
Iñigo Cuesta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko lehendakariak zehaztasun batzuk egin ditu, mundu horretako txapelketak hobeto ulertzeko: “Batetik, rallyak daude. Bi pertsona joaten dira autoan, gidaria eta gidarikidea. Elkar ondo ulertu behar dute, eta gidarikideak aurretik hartu dituzten oharrak esaten dizkio”. Rallyak zati bat baino gehiago izan behar du. Rallyesprinta aldaera bat da, eta zati bakarra du. Bai batean eta bai bestean, egindako denbora guztiak kontuan hartzen dira.
Bestetik, mendi igoerak daude. Hor gidaria bakarrik doa, eta hiru aldiz egiten du zati bera. Hiru saioetan lortutako denborarik onena hartzen da kontuan. Azkenik, eslalom probak daude. Horietan, errepide batean zirkuitu bat muntatzen da, konoak jarriz. Gidariek zirkuitua ahal den azkarren egin behar dute, konoak ukitu gabe eta bidetik atera gabe.
Mendi igoerek Gipuzkoan tradizio handia dutela dio Cuestak: “Euskadiko Txapelketako mendi igoera guztiak eta rallyesprinten erdiak baino gehiago hemen egiten dira”. Hain justu, herrialdean egiten diren proba guztiak gero “Euskadirako puntuagarriak dira”.
Automobilismoa ez da kirol merkea, baina Cuestak zehaztasunak eman ditu gai horretan ere: “Gastatu nahi duzunaren arabera izaten da. Badago jendea asko gastatzen duena, eta beste batzuek gastuei eusten diete. Esaterako, zenbaitzuek gurpil berriak jartzen dituzte proba gutxi batzuk egin eta gero, eta beste batzuek aurrekoek erabiltzeari uzten dioten gurpilak hartzen dituzte”.
Ez dago adin jakinik probetan parte hartzeko; baldintza bakarra gidatzeko baimena izatea da. “Badago jendea lehenengo soldatak erabiltzen dituena auto bat erosteko, eta parte hartzen hasten da”, esan du Cuestak. Askok dirua aurrezten dute autoak norberak konponduz eta prestatuz, eta gidarien artean elkar laguntzen dute: “Probetan ikusten dira talde bateko kideak beste auto bati laguntza ematen, eta hori oso polita izaten da”.
Ez dago gidari profesionalik. Gidari batek broma eginez esandakoa ekarri du gogora Cuestak: “Babesle bat dut dena ordaintzen didana: ni neu”.
Abiaduraren zirrara
Joxe Labaka azpeitiarra da egungo txapelduna Gipuzkoako eta Euskadiko rallyesprint txapelketetan. 52 urte ditu, eta aurtengoa 35. denboraldia da eskuen artean bolantea hartzen duena. “18 urterekin hasi nintzen; gustura ibiltzen naiz, eta inguruan beti izan ditut laguntzaile onak; bestela ezin da aurrera egin”, esan du.
Gidari beteranoaren iritziz, adina ez da arazo probetan parte hartzeko garaian. “Gogoa bera dugu, eta saiatu ere hala egiten gara. Gaztetan agian zati batzuetan azkarrago joaten nintzen. Orain erregularragoa naiz, gehiago pentsatzen dut. Gidatzerakoan, adinagatik behintzat, ez dut arazorik”, gaineratu du.
Pozik dago lortutako emaitzekin. “Zortea ere behar da; erregularra izan behar duzu puntuak jasotzen joateko, proba asko baitaude. Txapelketa ez badugu irabazten ere, saiatu egiten gara, eta ahal dugun azkarren eta ondoen ibiltzera joaten gara”.
Bizimodu normalean azkar ez dela ibiltzen dio: “Probetan gastatzen dugu azkar ibiltzeko gogoa”. Prestaketa lanak gustatzen zaizkio, probako zatiak ikustera joatea, autoa prestatzea, probako egunean izaten den giroa… “Lasterketa arazorik gabe amaitzen bada, oso zoriontsu sentitzen naiz. Gauza ederra da, ez dakit ondo nola azaldu; biziago sentitzen naiz”.
Monika Muñoz oñatiarrak 37 urte ditu, eta aurtengoa bigarren denboraldia du automobilismoaren munduan. Senarrarekin elkarbanatzen du afizioa. “Gaztetatik dudan afizioa da, senarrak eta biok izan duguna beti”, esan du Muñozek. “Ez dut izan aukerarik parte hartzeko orain arte. Haurra izan genuen, eta hura gehiago hazi arte, ez genuen auto bat erosi”.
Rallyesprintean, senarrak gidatu eta Muñoz gidarikide joaten da, eta mendi igoeretan, Muñoz da parte hartzen duena. “Afizioa odolean eramaten da. Nik ez dut etxetik jaso, nire senarrak bezala, baina da gauza bat gustatzen zaizuna ala ez, barrutik sortzen dena”. Muñozi “adrenalina pila bat eta askatasun sentsazioa” ematen dio automobilismoak.
Iazko denboraldian bi emakume gidari aritu ziren probetan, baina aurtengoan Muñoz da bakarra. “Emakume gutxi animatzen dira. Ondo egongo litzateke gazte gehiago animatzea; ni agian pixka bat berandu hasi naiz. Nire asmoa gustura aritzea eta gozatzea da”, esan du.
Muñozek ez du ikusten diskriminaziorik automobilismoaren munduan: “Beti egoten da norbait ez dizuna harrera onik egiten, baina oro har ez dut ikusi diskriminaziorik. Are gehiago, gidarien artean laguntasuna eta animoak ikusi ditut, hasiera-hasieratik, aurretik ezagunak ez izan arren. Oso gustura sentitu naiz probetan”.