Aurten, lehenengo aldiz ikusi dut Aste Santuko prozesio bat. Beti ekidin izan ditut. Beldurra ematen didate Ku Klux Klaneko kideen modura mozorrotuta doazen horiek, eta ez dut ulertzen oin hutsik edo belauniko doanaren sufrikarioa. Baina oraingo honetan ustekabean harrapatu nau; Cacereseko kaleetan pozik dabilen turista bat besterik ez naiz, kamera eskuan, txoko guztiak ezagutu nahian. Kale zabal batean barrena goazela konturatu naiz jende gehiena alboetan jarrita dagoela; solasean batzuk, isilik besteak, eta telefonoari begira beste zenbait. Bitxia iruditu zait denak kale bazterrean egotea, baina hain gustura noa nire hanka motzak kalearen erdi-erditik paseatuaz, ez dut beste ezertan erreparatu.
Tupustean, aurretiko abisurik gabe, pare-parean ikusi dut Ku Klux Klaneko baten antzera jantzitako bat, eskuan daraman kanpaitxo bat astinduz, eta horren atzetik otzan-otzan hamar bat emakume beltzez jantzita doaz (apainorrazi, belo eta guzti), bakoitza bere kandelatxoarekin. “Diooos, prozesioa!”, pentsatu dut, baina beranduegi da aurrera egin eta hoteleko ateraino iristeko. Beraz, albo batera joan eta gainontzeko fededunen artean nahastu gara. Gaurkoan ikusi egingo dut, zer arraio, antzerki obra bat balitz bezala begira geratuko naiz.
Ostiral santuan ezin da haragirik jan, bekatua da. Bekatua… sekula ulertu ez dudan hitza. Badakit ez dela inor jo edo iraindu behar, badakit ez dela lapurtu behar eta badakit gezurrik ez dela esan behar —tira, gezur txikiak bai, egia gehiegi baloratuta dago zenbaitetan—. Eta hortik aurrera zer? Ostiral santuan haragirik jaten ez duena pertsona hobea da akaso? Txerriki klase guztiak afalduta bapo geratu ondoren, sabela bekatuz gainezka dudala, hantxe jarri naiz, besteek beren bekatuak nola garbitzen dituzten begira.
Eta ez da besterik gertatu, antzezlana bukatu da, Ku Klux Klanekoek txapel horiek kendu dituzte, kubatak hartu eta parrandara joan dira; beltzez doazen emakumeak liskarrean ikusi ditut, argazkilariak gertutik zein harrapatu ote duen eztabaidatu nahian, eta gu txerrikiaren betekada arintzeko paseotxo bat ematera joan gara. Bekatariak denok.