Nick Lowe, gaueko izarra

Musika

Donostia

Nick Lowe eta Mery May artisten zuzenekoak hartuko du bihar Kutxa Kultur Musika egitasmoa. 20:00etan izango da, Donostiako Antzoki Zaharrean. Sarrera 20 euro kostatuko da.

Nick Lowe abeslari britainiarra izango da biharko emanaldiko izar nagusia. Duela 56 urte hasi zuen bere ibilbidea musika munduan, eta hamabi disko kaleratu ditu denbora tarte horretan. Rock-and-roll eta punk-rock estiloetako eta New Wave deritzon mugimenduko ikur garrantzitsuenetariko bat bilakatu da Lowe.

Musika produktorea eta abesti konpositorea ere bada. Elvis Costello artista britainiarraren lehen diskoen ekoizlea izan zen. Loweren kanten hainbat egokitzapen egin dira: What’s so funny about peace, Love and understanding, Cruel to be kind. Johnny Cash artistak egokitu eta ezagun egin zuen The beast in me abestia ere Lowerena da.

Bihar, one man band formatuko kontzertua eskainiko du; hau da, bera, bere ahotsa eta bere gitarra baino ez dira izango agertoki gainean.

Ondoren, Mery May

Bigarren kontzertua Mery May artistak emango du. Maria Fagan du berezko izena, eta arrasatearra da. Ingelesez abesten du batez ere, eta agerikoa da odol irlandarra duela zainetan. Egun, Bordelen bizi da, eta hango bi musikarirekin osatu du kontzertuak eskaintzeko taldea.

Kutxa Kultur Musika proiektuaren barnean izango da kontzertua. Kutxak urtero antolatzen du egitasmoa, eta nazioarteko artisten musika gipuzkoarrei hurbiltzea da helburua; formatu txiki zein ertainean, eta, betiere, kalitatezko programazioarekin. Ekitaldiko aurreko lau saioetan parte hartu dute Neil Halsteadek, Julieta Venegasek, Adrian Crowleyk eta Pettik, besteak beste. Biharkoa aurtengo azken emanaldia izango da.

Kutxa Kultur Musika egitasmoa itxi ondoren, beste bi musika jaialdi ere ospatuko dituzte. Ekainetik irailera bitartean Kutxa Kultur Hiria egitasmoa egingo dute, Donostiako kaleetan zehar; eta irailaren 6an eta 7an, berriz, Kutxa Kultur Festibala izango da, Igeldo jolas parkean.