Energia berriztagarria %100ean banatzen duen lehen enpresa sortu berri dute Euskal Herrian: GoiEner. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, eta dagoeneko eskuratu dute merkaturatzaile izateko baimena, Espainiako Industria Ministerioaren eskutik. Krisi garaiaren erdi-erdian sortu dute enpresa. Olatz Azurza GoiEnerreko errektore kontseiluko eta merkaturatzeko taldeko kidea da, eta hark eman du energia berriztagarrien enpresaren berri.
Zein izango dira GoiEnerren berezitasun nagusiak?
Berriztagarrien aldeko apustuak beste merkaturatzaileekiko bereizten gaitu merkatuan. Bestetik, oraingoz enpresa txikia gara, eta merkatuan dugun eragina txikia den arren, horrek malgutasuna ematen digu. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izateak ere ezberdintzen gaitu. Euskal Herrian ezaugarri horiek dituen merkaturatzaile bakarra gara.
Merkaturatzaile baimena baduzue. Zein izango da hurrengo urratsa?
Martxan jarriko dugun lehen jarduna merkaturatzailearena izango da, ekainean gutxi gorabehera. Hori behin irabaziak ematen hasten denean, diru hori instalazio berriztagarri berriak ipintzera bideratuko dugu.
Oraindik ez duzue instalaziorik.
Ez. Akordio bat lortu dugu energia berriztagarrien bitartekari batekin, merkatuan salerosi ahal izateko. Bitartekari horrek energia berriztagarriekin bakarrik lan egiten du. Bitartekaria Bilbon bertan dago, eta horri esker proiektua bertakoa da. Bestetik, bertako sortzaile txikiekin harremanetan gabiltza eurekin kontratu bilateralak adostu eta eurek sortutako energia gure bitartez merkaturatzeko.
Zenbat bazkide lortu dituzue?
Ia 300 bazkide ditugu dagoeneko. Jende honek guztiak proiektuan parte hartzeko erabakia hartu izanak esan nahi du jende gehiagoren laguntza daukagula eguneroko pauso txikiak aurrera eraman ahal izateko.
Oraindik ez zarete merkaturatzaile, eta ez zarete hasi funtzionatzen. Nola lortu duzue jendeak zuen berri izatea?
Administrazio eta komertzializazio arloak landu diren neurri berean, komunikazio talde batek lan handia egin du webgunea martxan jarriz, sare sozialetan profilak sortuz eta eguneratuta mantenduz, besteak beste. Lan handia egin da jendeari merkatuaren inguruko informazioa eman eta GoiEnerrek zer eskaintzen duen ezagutarazteko. Hitzaldiak ere eman dira, eta ematen jarraituko dugu: Ordizian, Donostian, Astigarragan eta Azpeitian, besteak beste.
Bezero izateko bazkide izatea beharrezkoa al da?
Bai, eta beti izango da. Guk eskatzen dugu bazkide izatea eta proiektuarekin konprometitzea. Bazkide izateko baldintza ehun euroko kapitala jartzea da, eta, ondoren, interesa badago bezero bezala energia eskuratzeko, orduan, hornidura kontratua egiten dugu. Gure bazkideei bezero izateko aukera eskaintzeko kontratu bat definitu dugu jadanik.
GoiEner kontratatzen duen bezeroak zein aldaketa egin beharko ditu etxean?
Bat ere ez. Kableak eta neurketa aparailuak jartzen dituena banatzailea da, eta, beraz, merkaturatzaileak hor ez du zerikusirik. EAEko bezeroek Iberdrolarekin izango dute merkaturatzea kontratatua, eta gurekin kontratazioa eta fakturazioa. Banatzailearekin daukan kontratua ez da aldatzen.
Merkatuan zein pauso emango ditu GoiEnerrek?
Instalazio berrien proiektuak aztertzen dituen eta horien bideragarritasuna ebaluatzen duen sorkuntza taldea daukagu. Gaur egun ikusten da sorkuntza instalazio berriak jartzeko momentu zaila dela, arrazoi ekonomikoak direla medio. Gauzak horrela, sorkuntza taldea proiektuaren bideragarritasuna aztertzen ari da. Finantza aldetik geure errekurtso propioak eduki zain gaude, erabaki sendo bat hartu ahal izateko.
Nolako instalazioak aukeratuko dituzue?
Guk berriztagarri gisa onartzen ditugun teknologiak lau dira: biogasa, fotovoltaikoa, eolikoa eta biomasa. Oraindik ez dugu erabakirik hartu; finantzaketa edo baliabide ekonomikoak lortzen ditugun heinean hasiko gara aztertzen. Bi parametro hartuko ditugu kontuan: bideragarritasuna eta ingumenarekiko eragin txikiena duen energia izatea.
Zein irismen izango duzue?
Ofizialki Espainiako Estatu guztian zehar zabaltzeko eskumena eskuratu dugu, baina gure lan esparrua bereziki EAE eta ingurua da. Instalakuntzak gure ingurunean egin nahi ditugu. Beraz, gure helburua, gure taldea eta gure bitartekaria bertakoa da, eta bertan nahi dugu eredu horretan aldaketa ematea.
Prezioek nondik joko dute?
Oraindik ez ditugu finkatu tarifak. Merkaturatze taldeak azterketak egiten dihardu; kontsumitzaileen kurba eta profilak aztertzen gabiltza. Merkatuan energia erosteko eta bezeroari merke eskaintzeko, gure eskaintza eta bezeroen kontsumoa ondo doitu behar dira. Prezioak batzarrean bazkideek adosten dituztenak izango dira. Helburua gure bazkideei energia eskura jartzea da, ahalik eta prezio eta baldintza egokienean.
Nola da posible krisi garaiak bete-betean hartutako garaian enpresa bat sortzea?
Hain zuzen, krisia dagoelako izan da posible. Berriztagarriak, bai lehen, eta zer esanik ez krisi garaian, bidea dira zalantzarik gabe. Tokian tokiko baliabideak erabiltzea ahalbidetzen dute, menpekotasuna galtzea ekarriz. Gainera, gure inguruari lagundu egiten diote. Inguruko legediak atzerapauso bat eman badu ere, Europa mailan argi dago hori dela bidea eta etorkizuna.
Zaila al da energiaren merkatuan sartzea?
Sektore konplexua da, eta legedi aldaketa handiak jasaten ari da. Energia berriztagarrien kontra ari dira gertatzen legedi aldaketa gehienak, eta gu tartean harrapatu gaituzte, baina guk sinesten dugu gure proiektuan, eta ikusten dugu jendeak baduela bertan parte hartzeko gogoa. GoiEnerren uste dugu energia berriztagarria dela etorkizuneko bidea.
Zergatik GoiEner?
Merkatu eredua aldatzeko bidea delako. Gure helburua tokiko ekonomia indartzea da berriztagarrien ildotik. Guk planteatzen duguna ez da negozio soil bat: Merkatu elektrikoak energia berriztagarriei esker aukera batzuk eskaintzen ditu kontsumitzaileentzat ere, eta gaur egun aukera horiek ez dira ikusten, edo ez dira kontsumitzaileen eskura jartzen. GoiEnerrek hori azaleratu nahi du, eta kontsumitzaileentzat ere aukera onenak eskaintzea da helburua.